Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko abenduak 2, Asteartea

Harpidetu zaitez!

Albisteak

PASAIA

2008-12-02 | 12:39:34

San Pedron topatu dutena 36ko Gerrako granada denik ukatu du Ertzaintzak

Militarrek darabilten ke potea dela diote

San Pedroko Alkateordetzako eraikinean topatu dutena 36ko Gerrako granada denik ukatu berri du Ertzaintzak. Zehaztu dutenez, ke potea da, militarrek darabiltena eta eskuz jaurtitzen denetakoa. Eraikina berriztatzeko lanean zebilen behargin batek topatu du, gaur goizean, lehergailua. Ertzaintzak 8:45ean jaso du deia, eta hara joan dira artezilariak. Epaitegiko pertsonala eta langileak desalojatu dituzte, eta baita Herriko Enparantzako 1 zenbakiko bizilagunak ere. 09:30erako, lehergailua eraman du Ertzaintzak eta bizilagunak eta langileak normaltasunez ari dira orain.

Ez du erantzunik

Lezo

2008-12-02 | 12:39:26

Bihar, Udalbatzaren osoko bilkura izango da

Datorren urteko aurrekontuak onartzeko diktamena jarriko dute mahai gainean denen artean erabakitzeko

bihar udalbatzaren ohiko osoko bilkura egingo dute udaletxeko biltzar areto nagusian, 19:30ean. Aipatutako udalbatzan hamalau puntu jorratuko dituzte. Puntu horien artean, datorren urteko aurrekontuak onartzeko diktamena jarriko dute mahai gainean denen artean erabakitzeko.

Ez du erantzunik

ERRENTERIA-ORERETA

2008-12-02 | 12:21:18

Iban Gonzalez herritarra Judoko Gipuzkoako Txapelduna izan da

Gipuzkoako Judo Txapelketa jokatu zen joan den larunbatean Tolosako kiroldegian, eta herriko ordezkariek lan bikaina egin zuten. Iban Gonzalez herriko judokak Gipuzkoako txapela irabazi zuen 60 kilotik beherako proban. Halaber, Sayoako beste hiru ordezkariek ere lan txukuna egin zuten, eta brontzeko domina bana ekarri zuten herrira. Ivan Noyak 81 kiloz azpiko mailan; Odei Ezkebok 66 kiloz azpikoan eta Cristina Garciak 57 kiloz azpikoan.

Ez du erantzunik

OIARTZUN

2008-12-02 | 12:05:07

Fanderia-Oiartzun trenbide zatia egiteko mailegua sinatu du Eusko Jaurlaritzak

Europako Inbertsio Bankuak 200 milioi euro emango dizkio aurten

Fanderia-Oiartzun topo zatia bikoizteko eta geltoki berriak egiteko mailegua jasoko du Eusko Jaurlaritzak Europako Inbertsio Bankutik. Herenegun sinatu zuten 200 milioi euroko mailegua. Fanderia-Oiartzun tartea izango da Europatik jasoko den diruaren onuradunetako bat, beste bost bikoizketa gunerekin batera eta lokomotara eta bagoi berriak erosteko. 881 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu Eusko Jaurlaritzak lan horietarako guztietarako. Datorren urtean, beste 225 milioi euroko mailegua sinatuko dute Europako Inbertsio Bankuarekin.

Ez du erantzunik

PASAIA

2008-12-02 | 10:25:47

36ko Gerrako ustezko granada bat topatu dute San Pedroko Alkateordetzan

Lehertzeko arriskua pasatu da dagoeneko

San Pedroko Alkateordetzan 36ko Gerrako ustezko granada bat topatu dute gaur goizean. Bertan lanean ari diren langileek topatu dute. Hainbat bizilagun, obrako langile eta Bake Epaitegiko langile inguru horretatik aldenduarazi ditu Ertzaintzak. Dagoeneko ustezko granada lehertzeko arriskua pasatu dela jakinarazi dute.

Ez du erantzunik

OIARTZUN

2008-12-02 | 10:09:16

Bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak alkohol tasa gaindituta gidatzeagatik

Igande goizaldean izan ziren atxiloketak

Herrizaningo Sailetik jakitera eman dutenez, Ertzaintzak bi pertsona atxilotu zituen igande goizaldean Oiartzunen, baimendua dagoen alkohol tasa baina handiagoarekin autoa gidatzeagatik. Iturri beretik jakitera eman dutenez, Euskal Autonomi Erkidegoan beste 23 auto-gidari atxilotuak izan ziren joan den asteburuan arrazoi berdinengatik.

Ez du erantzunik

Luzuriagari buruzko liburua argitaratuko du Antxotarrok Historia Mintegiak

PASAIA

2008-12-01 | 19:34:54

Luzuriagari buruzko liburua argitaratuko du Antxotarrok Historia Mintegiak

Langile ohien oroitzapenekin eta bizipenekin osatuko dute, 2009an kaleratzeko

Atzo itxi zituen ateak Antxotarrok Historia Mintegiak Luzuriagari buruz antolatutako erakusketak, eta antolatzaileak pozik daude herritarren artean izan duen harrerarekin. Erakusketa zabalik egon den bitartean, Mintegikoek ehundik gora argazki jaso dituzte bisitarien eskutik. «Batzuetan album osoak, Luzuriagaren eta, oro har, Antxoren memoria handituz joateko», zehaztu dute antolatzaileek. Erakusketako bisitariek, eta bereziki Luzuriagako langile ohiek erakutsi duten interesak eraginda, Mintegikoek heldu den urtean langileen oroitzapenekin eta bizipenekin osatuko duten liburua kaleratuko dutela iragarri dute orain

Ez du erantzunik

ERRENTERIA-ORERETA

2008-12-01 | 13:51:33

Errenteriako Udalbatzak Ezohiko Batzarra deitu du etzirako

Errenteriako Udalbatzak puntu bakarreko Ezohiko Batzarra egingo du etzi. 65 urtetik aurrera, Udaleko langileei lanaldia ez luzatzeko proposamena egin dute ezker abertzaleko zinegotziek, eta proposamen horixe aztertuko dute etziko batzarrean.

Ez du erantzunik

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa