
Lezo
2008-12-23 | 11:46:16
June Villarrubiak jasandako torturen inguruko mozioa eztabaidatuko dute, gaur, udalbatzarrean
Udalak gaurko Udalbatzaren ezohiko eta premiazko osoko bilkura deitu du eta puntu bakarra izango du: June Villarrubia lezoarrak jasandako torturen inguruko mozioa eztabaidatuko dute, 18:30etik aurrera.
OIARTZUN
2008-12-23 | 11:43:10
Xanisteban Eguna ospatuko dute ostiralean herriko gazteek
Palako finala, Zpeiz Mukaki eta kontzertuak antolatu dituzte
Kataxulo Gaztetxiak, beste urtebetez, Xanisteban Eguna ospatzeko jaia antolatu du. Giriziako Pilota Sailarekin batera, 19:00etarako Banakako Pala Txapelketako finala antolatu dute Kontzejupean. 20:30ean, luntxa egingo dute Girizia Elkartean eta Zpeiz Mukaki taldearen saioa hasiko da, tabernaz taberna. 23:00etan, kontzertuak izango dira gaztetxian: Luz de Putas, Skakeitan eta Transtornos.
OIARTZUN
2008-12-22 | 16:32:24
Jose Manuel Azkue organojolea hil da
81 urte zituen; gaur izango dira bere aldeko elizkizunak Hondarribian
Jose Manuel Azkue organojolea hil zen ostiral gauean. 81 urte zituen eta gaur izango dira bere aldeko hileta elizkizunak Hondarribian. Ibilbide luzea egin du organoaren munduan eta 30 urte baino gehiagoan Donostiako Parte Zaharreko Santa Maria elizako organojole titularra izan zen, besteak beste. Duela gutxi arte, organoa jotzen aritu da Azkue. Sari asko jaso ditu bere bizitzan, besteak beste, 2006ean, UPV/EHU-Orfeon saria jaso zuen.
OIARTZUN
2008-12-22 | 11:59:46
Girizia, Euskal Herriko Txapelketan, txapeldunorde
Taldeak bere buruari jarritako helburua bete du 4x4ko lehian
Girizia 4x4ko Euskal Herriko Txapelketan bigarren postua eskuratu zuen joan den larunbatean Igeldon. Taldeak bere buruari jarritako helburua bete du horrela, lehen kanporaketan lortutako postuari eutsi baitiote. Taldea Irati Martiarenak; Maider Zapirainek; Oneka Zapirainek; Karmele Irastorzak eta Miren Alkortak osatu zuten.
ERRENTERIA-ORERETA
2008-12-22 | 10:10:56
25 urteko gizon bat atxilotu dute bikotea eta bikote izandakoa erasotzeagatik
Euskotrenen geltokiaren inguruan atxilotu zuten erasotzailea atzo, gauerdian
Bikotea eta bikote izandakoa erasotzeagatik 25 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo gauerdian Ertzaintzak Euskotrenen geltokiaren inguruan. Ertzain patruila bateko kideak ohartu ziren erasoaz, 25 urteko gizona emakume bat besotik heltzen ikusi zutenean; emakumea negarrez zegoen, eta ezpainean zartadura zuela ohartu ziren ertzainak. Inguruan. beste emakume bat ikusi zuten, arropa bustiarekin eta lokatzez zikina. Ertzaintzak emakumeekin hitz egin zuenean, erasotzailearen bikotea eta bikote izandakoa zirela azaldu zieten. Bikotekide izandako emakumearekin urruntze agindua zuen erasotzaileak.
Oarsoaldea
2008-12-20 | 14:57:08
Landaberea eta Etxaniz espetxeratzeko agindu du epaileak eta Villarrubia aske utzi dute
Gaur goizean deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean
Julen Etxaniz sanpedrotarra eta Harkaitz Landaberea donostiarra espetxeratzeko agindua eman du Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Aldi berean, June Villarrubia lezoarra aske utzi du. Bi lehenei «talde armatuko kide» izatea eta «ETArentzako informazioa biltzea» leporatu die. Hiruek gaur goizean deklaratu dute Ismael Moreno epailearen aurrean, inkomunikatuta. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko iturrietatik jakitera eman dutenez, atxilotuei inkomunikazioa altxatu dieten arren beraien abokatuek oraindik ezin izan dute beraiekin egon. June Villarrubia aske utziko dute, baina aldian behin epaitegira sinatzera joan beharko du.
Oarsoaldea
2008-12-20 | 12:12:14
Julen Etxaniz eta June Villarrubia inkomunikatuta deklaratzen ari dira epailearen aurrean
Gaur goizean eraman dituzte Madrilgo Audientzia Nazionalera deklaratzera Julen Etxaniz sanpedrotarra, June Villarrubia lezoarra eta Harkaitz Landaberea donostiarra
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakitera eman duenez, gaur goizean eraman dituzte Espainiako Audientzia Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aurrean deklaratzera Julen Etxaniz, June Villarrubia eta Harkaitz Landaberea. AAMtik azaldu dute asteartean atxilotutako hiru gazteak inkomunikatuta ari direla egiten deklarazioa «eta oraindik konfidantzazko abokatuek ez dute aukerarik izan beraiekin egoteko. Ez dago beraien egoeraren gaineko berririk». AAMtik esan dute Espainiako Gobernuan onartutako Inkomunikazio Protokoloa ez zaiela aplikatu hiruei, «epaileak ez aplikatzea erabaki zuelako»
PASAIA
2008-12-20 | 11:44:56
'Arizabalotarrak: aldaketa garaiak Pasaian' liburua aurkeztuko dute astelehenean
Juan Carlos Morak egin du lana; aurkezpena 19:30ean izango da, Arizabalo jauregian (udaletxean)
Berak egindako Sorginarri bildumako lan berria aurkeztuko du astelehenean, abenduaren 22an, Juan Carlos Morak: 'Arizabalotarrak: aldaketa garaiak Pasaian'. Historia liburuaren oinarria XVI-XVII mendeetan Donibanen indar handia izan zuen Arizabalo sendiaren historia azaltzea da. Horrekin batera, garai haietan Pasaia zer zen, eta zein aldaketa eman ziren agertzen da liburuan. 19:30ean izango da aurkezpena Donibaneko Arizabalo jauregian, gaur egun Pasaiako udaletxea denean, alegia. Biharko OARSOALDEKO HITZAren paperezko edizioan, Juan Carlos Morari egindako elkarrizketa zabala irakur ahal izango da.
Ipuin kontalariak
Ipuin kontaketa saioa
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-08
Ikuskizunak
Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.