
2008-04-29 | 12:12:42
Bahituta egondako marinelak iritsi dira Victoria portura
Pozik eta hunkituta agertu dira Seychelleetako hiriburuan, baina bahituta egon diren bitartean "tratu laidoztagarria" jaso dutela salatu du kapitainak. Euskal herritarrak eta galiziarrak Espainiako Armadako hegazkin batean Madrilera eramango dituzte, gero handik bakoitza bere herrira itzultzeko.
Goizeko bederatzi eta erdiak inguruan (07:30 Euskal Herrian) iritsi da Bermeoko (Bizkaia) Playa de Bakio atun ontzia Victoriako portura, Seychelleetako hiriburura, Espainiako Armadako fragata batek eskoltatuta.
Euskadi Irratiko berriemaileak Victoria bertatik agertu duenez, ontziaren bizkarrean sartu dira 26 marinelak kaira, lehorrera begira, sei egunez bahituta egon ondoren beren burua salbu ikusteko gogoz. Enpresak Playa de Bakio ontzia konpontzeko eta berriro ere arrantzara abiatzeko bidalitako eskifaia berria zuten zain. Besarkada estuekin agurtu dute elkar. Espainiaren Kenyako enbaxadorea eta Gobernuko Itsasorako zuzendari nagusia ere han izan dira harrera egiten, hainbat kazetarirekin batera.
Pozik eta hunkituta agertu dira marinel guztiak. Amadeo Alvarez kapitaina mintzatu da guztien izenean, eta esker oneko hitzak izan ditu agintarientzat eta kazetarientzat. Somalian bahituta eduki dituzten egunetan "tratu laidoztagarria" jaso dutela agertu du, eta etxera itzultzeko irrikitan daudela.
Euskal Herriko arrantzaleak (5) eta Galiziakoak (8) Espainiako Armadako hegazkin batek hartuko ditu gaur iluntzean, eta Madrilera eramango. Beste hamahiru arrantzaleak Afrikakoak dira, eta oraindik ez dute argitu nola eramango dituzten beren herrietara.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.