1 2 3 >>

08.04.14

14:37:59 , Joseba , 329 hitz, 261 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Mamutak teilatupeetan

Lezoko teilatupeetan bildutako utopia zaleen metafora gisa uler zitekeen mamuta. Historiaren zurrunbiloan desagertzearen aurka borrokan ari direnen adierazle gisa.

Izenburua, baina, joan den asteko albiste bategatik jarri dut. Albistea, berez, duela milaka urtekoa bada ere, lehengo astean ikusi ahal izan genuen telebistan. Mamuten iraungitzea ez zen Darwinen eboluzioaren kapritxo soil bat izan.

Espezia suntsitzeko arrazoia gizakiaren baitan egon omen zen; ehizaren eraginez desagertu zen mamuta, ez berez. Bueno, pixka bat bai, moldatu ezinez ibili zen, baina behin betiko bultzakada, eboluzioaren eskailera mekanikotik kanpo utzi zuena, gizakiak eman zion.

Teilatupeetan irudikatu nahi izan ditut mamutak, Gazte Topaguneko kantaren zatiari errealismo puntu bat jarrita. Aurreko artikuluaren harira sortutako erantzunek zer pentsatua eman zidaten (ikus Zikloak), bide batez beste artikulu baterako lana erraztuz.

Gazte Topagunean argi ikus zitekeen zenbateraino asimilatu dugun atzerriko kultura. Edo zenbateraino asimilatu gaituen hark gu. Antza denez, erabilgarriago, desiragarriago edo dena delakoago zaigu gaztelania.

Froga gisa, iparraldeko lagun batekin topo egitean izandako elkarrizketa (euskaraz ari ginenez, gaitzerdi). Hark gure klixe eta esamolde guztiak ulertu zituen. Sin más. Guk, ordea, harenik bakarrik ere ez. Menuda rayada.

Parentesian esanda, ikasleen esaldi batzuk ulertzeko zailtasunak nabaritzen hasita nago, teilatupeko neuronei ilea urdintzen ari zaien seinale.

Gure iparraldeko lagunarekin jarraituz, berak gure erdara ulertu ez ezik, erabili ere egiten zuela ikusi genuen berehala, guk harenaz ezer gutxi dakigun bitartean.

Baina lasai, ez da gure errua. Euskal Herri osoan argitaratzen den euskarazko egunkariak, tarteka egiten du lan igandeetan. Hain zuzen ere, hegoaldeko hauteskundeak izaten direnetan. Martxoaren hamarrean irakurri ahal izan genituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak. Baina astebete beranduago ezinezkoa izan zitzaigun Frantziako udalerri eta kantonamenduetako hauteskundeen emaitzak jasotzea.

Sindromea orokorra dela esan daiteke. Dena den, hain urrutira joan gabe, koadrilari erreparatuta ere aisa suma dezaket errealitate mingarria.

Hortaz, kanpoko kultura guk irentsi dugun edo hark gu irentsi gaituen, konponbiderik ez duen kausa delakoan nago. Galdetu mamut izoztuari, zertan laguntzen dion gizakiaren erruduntasuna frogatzeak.

Ondorioz, ondorioan eragin behar dugu. Astindu teilatupeak eta bidali erantzunen bat, gure malkoetan izoztuta geratu baino lehen.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-04-13]

08.03.10

12:42:53 , Joseba , 316 hitz, 273 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Zikloak

Gaurko egunarekin lau urtekoak datozkigu burura. Baina ez dut Olinpiar jokoez idatzi nahi. Ezta Tolosako hamalau orduko ibilaldiaz ere.

Negutik negura gainera etorri ohi zaigun garaiaz ari nahi dut. San Sebastian egunetik aurrera koadrilakoak, lanekoak, ikastolakoak, dantza tailerrekoak, parkeko gurasoak eta ez dakit zein taldekoak afariak antolatzera bultzatzen dituen garaiaz. Sagardotegi garaiaz. Gure denbora ikuskera dezente baldintzatu ohi digun fenomeno gastronomiko-sozialaz ari nahi dut.

Sagardotegira iritsitakoan, hitzordua jarritako tabernan lehenak ordubete eta azkenak bi minutu pasa ondoren, koadernoko orri zatitxo zimurtu eta zikinean gure izena ageri baldin bada, gaitzerdi.

Edalontziak hartutakoan, gero eta gehiago entzuten den galdera: “zer jango duzue, betikoa? Tortila, bakailaoa… eta intxaurrak?”. Beste ezer baldin badago, hortik hastea hobe, sagardotegietan ematen digutena jatera ohituta baikaude, ez nahi duguna eskatzera.

Lehen txotx saioak egindakoan, komentario garaia. Kupel honetakoa egin gabea dago, bestea mikatzegia zegoen, aurtengo negu epelak inoizko sagardorik onena egiteko aukera eman du, niri txokoan dagoen kupel hartakoa gustatu zait eta niri inoxidablekoa.

Pena kanpora atera behar izatea trago bakar baten bila. Irtenbidea, erraza: txango bakoitzean hiruzpalau basokada hustu. Eta bosgarren bat bete, biderako.

Afaldutakoan, txotxak ezberdinak izaten dira, berdintsu baitzaigu kupel batetik edo bestetik edatea. Eta horrela gabiltzanean (Elorrioko kalean), inor ez dago isil-isilik (kaia barrenean) eta guztiok gara oso lagun, oso adiskide (bat bazen).

Gure bizitza txotxetik kantu herrikoira eta kantutik txotxerako tarteak gidatzen du, erritmo atsegin, jator eta euskaldunez.

Sagardotegitik ateratakoan, txupitotik garagardorakoa da ziklo nagusia. Aurrekoa bezain atsegina, nahiz ez hain lasaia. Barranquillan horrela dantzatzen dela aditzen dugu tabernako bozgorailuetan, eta nahierara interpretatzen ditugu Kolonbiarren koreografiak. Shakiraren herrian edozein dantza eta balantza onartuko dutelakoan.

Etxerakoan, taxitik taxirako tarte amaiezinek markatzen dute tempoa. Hiru minuturo 400 500 telefonora deituz, inguruan taxi bat edo bi baino ez dabiltzala berresteko.

Biharamuneko zikloa zorabiotik hasperenera, ohetik sofara eta kafetik freskagarrira garamatzana izan ohi da. Eta igande arratsaldeko erritmo lausoan, hurrengo sagardotegiari neurria hobeto hartuko diogula zin egiten diogu geure buruari. Beste behin ere.

[Oarsoaldeko HITZA 2008-03-09]

08.02.23

01:42:10 , Joseba , 44 hitz, 140 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Polen

Joatean datoz poesia eta loreak.

Ba nik ez poesia ez lore, Birigarroaren lehen notak ditut gogoan, mi-re mi-re.

Guk alde batetik irribarrez jo eta zuk bestetik serio erantzun, mi-re mi-re.

Egindakoa, zure txikian, izugarria izan delako,

miresmenez,
mi-re mi-re.

behean edo goian
txistuarekin bego

08.02.18

13:46:17 , Joseba , 26 hitz, 93 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

ukan

pixka bat es mucho

alegia

un poco asko da

fonetikoki

un poco asco da

bata

lehen urratsen ahaleginean ari denari txalo

bestea

ezjakintasunaren erosotasunean dagoenari egurra

08.02.14

19:06:40 , Joseba , 101 hitz, 118 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Greba dela eta

Oarsoaldeko Hitzak gaur ez du egunkaririk atera, grebarekin bat egin duelako. Hortaz, atzo egin zuten greba bertako langileek. Saltzaileari behintzat ez diote lanik eman.

Berria eta Garak ere bat egin dute grebarekin. Emaitza, ez edizio digital ez paperezkorik.

Baina bihar egunkariak gure kioskoetan izango dira, egunero bezala. Beraz, gaur lan egin beharko dute. Edo agian, atzo utzi zuten prest biharko egunkaria, herenegungo albistez osatua.

Hitzaren edizio digitalak, gainera, grebaren parte zehatza eman digu gaur. Jendea lanean ari den seinale.

Ni ere lanean ari naizela leporatuko didazue. Kietoparau, nirea ez da lan ordaindua. Edo zuek egin gabe utzi dituzue ohea eta harrikoa?

1 2 3 >>

Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software