1 2 3 4 5 >>

09.06.11

17:16:54 , Joseba , 328 hitz, 276 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Adopziorik ez

Joan zen hilabeteko artikuluan nire burua adopzioan emateko prest agertu nintzen eta nire bizimodu eta inguruan ikusten ditudan hobetu beharreko gauzen zerrenda osatu nuen. Ba hementxe jarraitzen dut. Ez naiz inora joan.

Eskaintzarik jaso ez dudalako, ados. Baina artikuluari Hitzaren blogean emandako erantzunak ere badu bere pisua. Berrehun eta laurogeita hamar aldiz ikusia izan da zutabea interneten, tartean neronek bizpahiru aldiz, hortaz, zuetako batzuek jakingo duzue zertaz ari naizen.

Gogoratzea beste kontu bat da. Lasai, ez da zuen kulpa. Kontua da kritikoegi izatea leporatu zidala bere burua Optimista gisa aurkeztu zuen batek. Bizitzak baduela alde positiborik eta haien bila ibiltzea zoriontsu izateko ariketa ederra dela. Alegia, ez hain pesimista izateko.

Ederki, konforme nago. Guztiz. Hortaz, adopzioan beste edonora joateko eskaintzarik jasoko banu ere, ezezko borobila emango nioke. Etorri nahi al duzu paradisuaren pare den gure herrialdera? Ez.

Honetan ere ezkor. Orduan, baikorrago izaten haste aldera, “ez” hitza ere kendu egingo dut artikulu honetatik. Ederki hasi naiz, izenburuan bertan jarri baitut. Orduan, hemendik aurrera ez dut gehiago erabiliko. Formulazio okerra. Ea orain: artikulu honetan, hemendik aurrera, “ez” hitza erabiltzeari utziko diot. Orain bai.

Are gehiago, txanponaren beste aldea, alde txarra (Borboiak agertzen direna) ikusteko aukera ematen digun “baina” hitza erabiltzeari ere uko egingo diot. To!

Bizitza zoragarria da. Bai. Oarsoaldean bizitzea paregabea. Dudarik gabe. Eta kito.

Akabo. Ezin dut aurrera egin. Argi dago estilo berria gehixeago landu beharko dudala. Hori bai, irribarrea galdu gabe eta amore eman gabe.

Errazagoa zait akatsa ikustea. Alkandora zuri, dotore eta hobekien lisatutakoan nabarmentzen da gehien orbana. Eta saiatu begiak handik kentzen. Gainera, halako egoeran, nori esaten diogu sudurzulotik muki bat ageri zaiola? Hurbilenekoari. Berarekin konfiantza dugun horri.

Maite dugunari. Bueno, maite maite agian denak ez (hara, esan dut azkenean!), baina zertxobait inporta zaigunari esango genioke brageta irekita daramala. Eta niri, inporta zaidana, kritikatzen dudan horixe da. Lezo. Nire ingurua eta ingurukoak.

Bueno, ez, gehien nire burua inporta zait eta gero beste guztia. Optimistago bai, baina gezurti izaten ez naiz ba hasiko!

[Oarsoaldeko Hitza 2009-06-07]

09.05.14

08:29:40 , Joseba , 321 hitz, 390 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Adopzioan

Erdira jaitsi omen dira nazioarteko adopzio eskaerak Hego Euskal Herrian. Horixe irakurri ahal izan dugu aste honetan, egunkari baten lehen orrian. Adopzioaren prozesua gero eta zail eta luzeagoa omen da. Hortik jaitsiera. Albistean beste estatistika edo daturik ez, Euskal Herritik adopzioan joandakoen proportziorik ez.

Zaku hori betetzen hasteko garaia iritsi zaidala uste dut. Euskal Herriko adopzio eskaintzari hasiera emateko, nire burua adopzioan emateko prest nago. Hori bai, helburu izango dudan nazioak gutxieneko baldintza batzuk bete beharko ditu.

Esate baterako, nahi duten hizkuntzan espresatzeko eskubidea aldarrikatzen duten elebakar eskubide-urratzailerik ez dagoen lurraldea izan beharko du. Eta aukeran, hizkuntza gutxitua lanerako eta nagusia kalerako erabiltzen duen elebidunik ere ez badago, edo gutxi badira, hobe.

Boterearen bila edonor saldu eta erosteko gai den politikaririk ez dagoen lekua izatea gustatuko litzaidake, baina baldintza hau parentesi artean jarri beharko dudalakoan nago. Tamalez.

Superportua egingo ote den jakin gabe mendia zulatzen hasteko irrikaz dagoen inor aurkituko ez dudan tokira joango nintzateke. Ilunabarretan autoa uzteko tartetxoren bat izan dezakedan edonora. Omenaldiak bai, baina ongietorririk ez dagoen lurraldera.

Herri horretan bertan bi, hiru edo lau eskola aukera daitezkeen ingurura, eskolek tarta zatiarengatik elkar jango ez duten leku horretara. Liburutegiak goizez ateak irekitzen dituen herriren batera. Zabarre beti pozik dagoen herrira.

Eta han bai, han gauzak ongi egitea lortuko dut. Kirola plazer hutsagatik, beteta sentitzeko egingo dut. Lehia eta apustuen lurraldetik ospa eginda, nik ere bazter utziko ditut halakoak. Ikasturte bukaerara umoretsu iritsiko naiz, pipertutako hezitzaile izateari utziko diot.

Futbola jarraitzeari ezingo diot utzi, baina erne ibiliko naiz gustuko taldea aukeratzeko orduan. Txapelketak irabazten dituen taldea aukeratuko dut eta irabazten dituenean soilik izango naiz jarraitzaile sutsu.

Lagunak, senideak eta maite ditudanak behar bezala zainduko ditut, alferrikako kasketak saihesten asmatuko dut. Maiz ikusten ez ditudanekiko harremana mantentzeko gai izango naiz. Guztiek sentituko dute nire maitasunaren beroa.

Eta jakina, eskualdeko egunkariko artikulua osatzeko, hilabetean zehar hausnartu eta idazteko ohitura hartuko dut. Bezperako estualdiak ahaztu eta artikuluak garaiz bidaliko ditut. Ziur.

[Oarsoaldeko Hitza 2009-05-10]

09.04.06

22:57:48 , Joseba , 328 hitz, 453 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Ongi segi

Barkamena eskatuz bukatu zuen joan den asteko artikulua Arantxak, tarte honetako zutabe-kideak, Herri Eskola eta Lizeoaren arteko liskarraz arituta gaia erre zidalakoan. Lasai, gaiak berak nahikoa erretzen duenez, ez nuen hari horri heltzeko inolako asmorik.

Korrika 16ri buruz aritzeko intentzio handiegirik ere ez nuen, egia esan. Tuterako irudiak ikusita oilo ipurdia jarri zitzaidan ostegunean, baina sentsazio arraroarekin geratu nintzen larunbatean, Lezotik pasa zenean.

Ingurukoei galdezka aritu naiz, jende asko edo gutxi ote zegoen erabaki ezinik. Gutxi xamar bildu ginelako irudipenarekin geratu nintzen ni. Lagun batentzat, ordea, jende mordoxkak hartu zuen parte ordu txikietan pasa zela kontuan izanda. Eta beste batek jende asko ikusi zuen, gazteak batez ere. Gu baino gazteagoak esan nahiko zuen.

Korrika iritsi aurreko orduek baldintzatuko zuten nire pertzepzioa, agian. Afari, kantaldi eta karaoke saioaren arrakastaren inguruan erabatekoa zen adostasuna. Saiakera ustela. Oso jende gutxi hurbildu zen frontoira afaltzera, eta gutxi horiek girotzen hasterako, mahaiak eta aulkiak jaso eta ospa egin behar. Kantalditik ezer gutxi eta karoketik batere ez.

Astean zehar, hala ere, aldatuz joan da hasierako sentipena. Epeletik berorantz joko balu bezala. Eta asteazken goizean ehizatu ahal izan nuen elkarrizketak ilusioz bete ninduen berriro. Kiroldegiko aldagelan izan zen, elkarren ondoan biluzten garen tokian, kasualitatez.

Ika ika ika, Korrika! Eta bestea nola zen? Hemen gaude… euskararen alde! Zu atera al zinen zure herrian? Nola esaten zuten han, tipi-tapa tipi-tapa? Ez dakizu? Ez zenuen korri egin! Ba guk lekukoa eraman genuen, euskaltegiaren izenean, lau ikaslek.

Harro ari zitzaion lagunari larunbat gauekoa kontatzen. Erdara garbian, hori bai, baina mundu berri bat aurkitu izan balu bezala, begiak zabal-zabal eta irribarrea ahoan. Eta mundu berri bat aurkitu du, bai, bizitza guztian ondoan izan duen mundu ezezagun hori.

Eta agian, une batez, bertako partaide sentituko zen larunbatean, euskaldun petoen artean, petodun euskaldun. Ongi etorri. Karriketan korrika egin du. Klaseko afarietan barriketan berriketa ere egingo zuen, edo ez da urruti ibiliko. Datorren baterako, ea aldagelan arropaz gain hizkuntza ere egoeraren arabera alda dezakeen.

Ongi etorri, baina batez ere, ongi segi.

[Oarsoaldeko Hitza 2009-04-05]

09.03.09

23:32:53 , Joseba , 302 hitz, 371 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Potro-festa

Koadrilako sagardotegia egin genuen joan den asteburuan. Urteroko zita. Urtero bezala, arratsaldean elkartu, lehenengo iritsi denak bi ordu eta azkena iritsi denak bost minutu itxaron eta Astigarragara.

Urtero bezala, bazkaritik harrotuta datozen koadrilekin topo egin eta jende gehiegitxo ibiltzen dela komentatu. Zalaparta eta builara berehala ohitu ondoren, tipi-tapa, urteroko sagardotegira.

Beti bezala, ondoko mahaikoekin bizkarra bizkarraren kontra afaldu, elkarri lekua kendu beharrean. Eta azkenerako, ia-ia bizkarretik helduta kantu herrikoiak eta ez hain herrikoiak kantatzen bukatu.

Eta urtero bezala, nik hara joan nahi dut eta beste horrek hona etorri, lehen poteak elkarrekin hartu ondoren, batzuk herri batera, besteak bestera eta azkenak bertan goxo, goizaldera arte.

Aurten, baina, izan du berezitasunik koadrilaren urteroko zitak. Hasteko, Hernaniko sagardotegietan barrena egiten den lasterketa batean hartu genuen parte taldeko bik. Eta hori ez da urtero gertatzen. Bestalde, baldintza hauxe jarri genuen lehen aldiz: gizonak bakarrik joango gara afaritara. Potro-festa egin genuela, alegia. Eta hori ere ez da urtero gertatzen.

Aurten arte, nik dakidala, ez genuen sekula adin, jatorri edo genero baldintzarik jarri afarietara joateko garaian. Bolada horretan gurekin zebilen edonor etor zitekeen gurekin. Aurten, ordea bereizketa egin dugu: ni bai eta zu ez.

Egia esateko, ederki pasa nuela aitortu behar dut. Bai parrandan, baita aurreko egunetan ere, erabakiaren egokitasunaz eztabaidan.

Nork daki, agian bazkide egingo gara emakumeek sartzerik ez duten elkarte horietakoren batean. Edo sartu bai, baina sukaldea zapaltzerik ez duten elkarteren batean; edo asteburuetan bakarrik sar daitezkeenean; edota bazkide egiteko aukerarik ez dutenean.

Kontuak kontu, oraingoz korri egiten eta parrandan jarraituko dut nik, koadrilaren erabakiek luze joko dutelakoan. Udaberrira hurbildu ahala, eta Behobia-Donostia osteko lehortea gaindituta, aukera kopurua handituz doa, gainera. Nonahi ditugu lasterketak aste hauetan.

Gauzak ondo, gaur [atzo] Txingudi Korrika lasterketan hartuko dut parte, Hendaiatik Hondarribirako ibilbidea sufritu eta gozatuz. Baina, bihar [gaur] ezingo naiz Lilatoian atera. Zuetako batzuk bai, ni ez.

[Oarsoaldeko Hitza 2009-03-08]

09.02.08

23:18:00 , Joseba , 320 hitz, 305 aldiz ikusia  
Atalak: HITZA

Zikloak

Irakurle zorrotzena ohartuko zen honezkero: iazko artikulu baten izenburu bera jarri diot oraingo honi ere. Nire jario urria seko agortu ote zait oraingoan?

Artikulurako ideien xirimiria egiten ari nintzela, bat-batean ohartu naiz, iaz sasoi honetan idatzitako bi artikuluak errepikatzea beste erremediorik ez nuela izango. Aurre kanpaina eta sagardotegi garaia. Inauteriak eta bertso hilabetea.

Horra hor iaz jorratutako gaiak. Urtero errepikatzen direnak, hauteskundeak lau urtetik behin izanagatik ere, batekoak ez badira bestekoak izaten baititugu urtero. Gure bizimoduan zuzenean eragiten duten zikloak, hortaz.

Aurten, dena den, bada gugan sekulako eragina duen eta hitzetik hortzera darabilgun ziklo handiago bat. Ez, ez naiz pasatako zikloiaz ari. Krisia aipatu nahi nuen. Itzela omen dator. Edo omen dago. Hiztegi aldetik oso interesgarria izan da ekonomia atzeraldian edo motelaldian sartu dela entzutea; edota, oraingoz onena, ekonomiaren uzkurtzea bezalako terminoak aditu izana.

Baina hitz egin dezagun argi: krisiaren tamainaz ari bagara eta hainbestekoa baldin bada, hiperkrisia izango da dagoeneko. Eskerrak jakin badakigun, ikastolan ongi irakatsi zigutenez, ekonomiak gora eta behera egiten duela. Hortaz, krisia noiz txikituko zain gaude. Hipokrisi garaia noiz iritsiko zain, alegia.

Eta iristen ari ote den susmoa dut, banketxeek diru-laguntza itzelak behar izan baitzituzten hiperkrisi garaian eta orain ehunka milioitan ari dira urteko irabaziak neurtzen. Hipokrisi nabarmena.

Ea nola azaltzen diguten atzeraldi arraro hori. Esplika diezaiotela bi astetik behin lan egin behar duen langileari uzkurraldiak eragin ezberdina duela erakunde bakoitzarengan. Eta beraien zenbaki gorriak ez direla gorriak, beltz ez hain luzeak baizik.

Tira, eskerrak ogiaren faltan zirkuak ez duen hutsik egiten. Herriaren opioak eramangarriago egingo digu estualdia. Askotan entzun izan dut euskal futbol taldeen garaipenak sasoi ilun xamarretan emandako ukenduak izan zitezkeela.

Horregatik, agian, patrikako minak arintze aldera, gure taldea bolada onean sartuta dabil. Horri erreparatu beharko diogu. Eta ez naiz berripaperetako lehen orriak betetzen dituzten taldeez ari. Allerruren lehen taldeak izan duen susperraldiaz ari naiz. Azken asteetan denboraldi osoan ez bezalako garaipenak lortu baititu, gol festa eta guzti. Ogi gutxi, zirku dotorea.

[Oarsoaldeko Hitza 2009-02-08]

1 2 3 4 5 >>

Uztaila 2009
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software