08.04.14

14:37:59 , Joseba , 329 hitz, 358 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Mamutak teilatupeetan

Lezoko teilatupeetan bildutako utopia zaleen metafora gisa uler zitekeen mamuta. Historiaren zurrunbiloan desagertzearen aurka borrokan ari direnen adierazle gisa.

Izenburua, baina, joan den asteko albiste bategatik jarri dut. Albistea, berez, duela milaka urtekoa bada ere, lehengo astean ikusi ahal izan genuen telebistan. Mamuten iraungitzea ez zen Darwinen eboluzioaren kapritxo soil bat izan.

Espezia suntsitzeko arrazoia gizakiaren baitan egon omen zen; ehizaren eraginez desagertu zen mamuta, ez berez. Bueno, pixka bat bai, moldatu ezinez ibili zen, baina behin betiko bultzakada, eboluzioaren eskailera mekanikotik kanpo utzi zuena, gizakiak eman zion.

Teilatupeetan irudikatu nahi izan ditut mamutak, Gazte Topaguneko kantaren zatiari errealismo puntu bat jarrita. Aurreko artikuluaren harira sortutako erantzunek zer pentsatua eman zidaten (ikus Zikloak), bide batez beste artikulu baterako lana erraztuz.

Gazte Topagunean argi ikus zitekeen zenbateraino asimilatu dugun atzerriko kultura. Edo zenbateraino asimilatu gaituen hark gu. Antza denez, erabilgarriago, desiragarriago edo dena delakoago zaigu gaztelania.

Froga gisa, iparraldeko lagun batekin topo egitean izandako elkarrizketa (euskaraz ari ginenez, gaitzerdi). Hark gure klixe eta esamolde guztiak ulertu zituen. Sin más. Guk, ordea, harenik bakarrik ere ez. Menuda rayada.

Parentesian esanda, ikasleen esaldi batzuk ulertzeko zailtasunak nabaritzen hasita nago, teilatupeko neuronei ilea urdintzen ari zaien seinale.

Gure iparraldeko lagunarekin jarraituz, berak gure erdara ulertu ez ezik, erabili ere egiten zuela ikusi genuen berehala, guk harenaz ezer gutxi dakigun bitartean.

Baina lasai, ez da gure errua. Euskal Herri osoan argitaratzen den euskarazko egunkariak, tarteka egiten du lan igandeetan. Hain zuzen ere, hegoaldeko hauteskundeak izaten direnetan. Martxoaren hamarrean irakurri ahal izan genituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak. Baina astebete beranduago ezinezkoa izan zitzaigun Frantziako udalerri eta kantonamenduetako hauteskundeen emaitzak jasotzea.

Sindromea orokorra dela esan daiteke. Dena den, hain urrutira joan gabe, koadrilari erreparatuta ere aisa suma dezaket errealitate mingarria.

Hortaz, kanpoko kultura guk irentsi dugun edo hark gu irentsi gaituen, konponbiderik ez duen kausa delakoan nago. Galdetu mamut izoztuari, zertan laguntzen dion gizakiaren erruduntasuna frogatzeak.

Ondorioz, ondorioan eragin behar dugu. Astindu teilatupeak eta bidali erantzunen bat, gure malkoetan izoztuta geratu baino lehen.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-04-13]

Apirila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30        

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software