Guretzat Mendekozteak ziren duela ez gehiegi. Ostiralean Hitzarekin batera jasotako gehigarrian, aldiz, Pentekosteak irakurri eta eskema mentala aldatzeko prestatu nintzen. Ohituta gaude. Lehen txoznak izaten genituen udako parrandetako geltoki eta orain, berriz, txosnak. Txistukariak Lesoartzen ari dira antza denez. Pentekosteak, hala ere, Bergarakoak omen dira.
Mendekozte eta txozna idazten genuen garai haietan, inguruko merkataritza-gune ezagun bati propaganda euskaraz bidaltzeko eskatzen genion, edo eskatu behar zitzaiola adosten genuen, afariak antolatzeko sekulako efikazia zuten bileretan.
Joan dira urte batzuk, dagoeneko ez dugu bilerarik egin beharrik afariak antolatzeko, eta zentro komertzialak etxera bidali ohi duen publizitatean euskara ikus dezakegu. Ikusteko erraza delako, letra ederrez idatzia. Deszifratzea da zailagoa. Berebiziko bainua eta bost aleko akazia zer ote diren ulertzeko gaztelaniara jo behar izan dut, beste behin ere. Malkoak ateratzeko moduko itzulpenak, barregarri bezain negargarriak.
Tira, propaganda hau iritsi da etxera, behintzat. Jaietako egitaraua Hitzan irakurri behar izan nuen ostiralean, asteburuan zenbat ekintza dauden konturatzeko. Tartean, Lezoko IV. Herri Bira. Dilema ederra jarri digute herriko kirolari edo sasikirolarioi, proba jaietara ekarrita.
Erabakiak erabaki, lasterketa aurrera ateratzeko antolatzaileek egiten duten lana eskertu beharrekoa da. Balorazioa, astelehenerako utziko dugu. Ea herritarrok parranda eta kirolaren arteko oreka aurkitzen dugun, aurreko urteetako partaidetza areagotuz, marka pertsonala hobetzeko edo geure burua antolatzaileek banatu ohi duten DVDan ikusteko.
Lasterketaz gain, esan bezala, sekulako gauza pila bi egun eta erdian. Baina ez Lezon bakarrik, inguruko herrietan ere eskaintza oparoa izan baitugu asteburuan. Telebistako kontraprogramazioaren antzera, kontzertuak izan ziren bart gauean Oiartzunen eta sagardo eguna arratsaldez, Irunen.
Gaur, berriz, Herri Urrats Senperen eta Musikasteren hasiera Errenteria-Oreretan. Ez da seinale txarra. Udaberriak izan du bere eragina eta kalerako gogoz gabiltza gehien gehienok.
Azterketa garaian interesa irabazi ohi duen lur gorriko tenisa ere ikus dezakegu telebistan eta atzo hasi zen udako oporren aurrekari den Italiako Giro. Ikasturte bukaerako volatari begira jarrita gaude, hortaz.
[Oarsoaldeko Hitza 2008-05-11]