08.06.09

23:05:36 , Joseba , 345 hitz, 98 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Oporrak

Ikasturte bukaera izaki, udako oporrak bertan ikusten hasiak gara asko eta asko. Ordulariari bultzada bat eman nahian batzuk, denbora azkarrago joan dadin; orratzei tiraka beste batzuk, pilatutako lanak egiteko tarteak osatu nahian. Aste honetan selektibitatea egin behar dutenak azken egoera honetan egongo dira, segur aski.

Era batera edo bestera, oporretako sindromeak jota den denak. Oporretakoak, bai, ez opor ostekoak. Irailean hain modan jarri ohi den opor osteko sindromea aski ezaguna da gure artean, baina oporrek, bere osotasunean, sindrome bat osatzen dutelakoan nago.

Uztarotik pasa gabe, nire aurkikuntzaren berri ingelesez argitaratzen den aldizkari dotore batera bidali dut, sindromearen sekuentziaren berri ematen duten adibide argigarriz hornituta.

Prestaketa fasean, ahalik eta gutxien ikasita ikasturtea aurrera atera nahi duten ikasleak lehen adibide, iraileko azterketak San Ferminetan egin behar izatearen presiotik ihesi. Eta hauen irakasleak berdin, uztailean azterketak zuzendu beharraren gurutze-bidea disimuluan saihestu nahian.

Travel puntuak kontatzen ari direnak, sindromearen bigarren adibide; furgoneta atontzen ari direnekin eta low cost hegaldietan pagotxak bilatzen ari direnekin batera. Low hitza nola ahoskatzen ote den pentsatzen jarrita, agian lau esaten dela bururatu zait, maletak eta tasak ordaindutakoan esperotakoa baino lau aldiz garestiago ateratzen baita bidaia.

Bidaian bertan, turistek sekula egingo ez luketena egiten ahalegintzera behartzen du pertsona oporretako sindromeak. Indigenekin egunerokotasuna bizitzeak oporrak giza esperientzia goren bilakatzen ditu. Herria ezagutu egiten da horrela, ez bisitatu bakarrik. Bueno, tokirik ospetsuenetan argazkiren bat egin daiteke. Originala, beti ere.

Une horretan arrisku egoera latza bizi du sindromearen pean bidaiatzen duenak. Oporrik berezi eta pertsonalenak eginagatik, beti, inolako salbuespenik gabe, izan ohi den arriskua: auzokidearekin topo egitearena.

Herrian apenas buru-keinu txiki batez agurtzen den horrekin oporretan izaten diren elkarrizketek zutabe oso bat beharko luketenez, beste baterako utziko dut gaia. Dena den, zuekin hiztun edo sinpatikoago nabilela nabaritu baduzue, jakin ezazue neurri prebentibo bat baino ez dela.

Bueltako fasean, jada ezaguna dugun opor osteko egoera. Sindromea pairatu duenak “hau ote zen dena?” galdetzen dio bere buruari, lankideari oporraldiaren balio espirituala azaltzen dion bitartean.

Azkenik, ikerketaz kanpoko zalantza batzuk: zergatik du zuzendari berria Hitzak? Non da aurrekoa? Oporrak behar al zituen? Dagoen tokitik txoko honetara hurbilduko delakoan, alaporai!

[Oarsoaldeko Hitza 08-06-08]

Ekaina 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30            

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software