08.09.08

23:47:58 , Joseba , 309 hitz, 257 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Malkoak

Pekingo Olinpiar Jokoetako kirolarienak, esate baterako. Domina lortuta podium gainean marru batean agertu direnenak, hunkigarriak; Leire Olaberriarenak bereziki. Beren helburua lortu ez eta orro batean amore eman behar izan dutenenak, ordea, mingarriak.

Tamalez, saiatu izanak ez du urte askotako sakrifizioen zama arintzen, helbururik lortu ezean. Partidaz partida, lehiaz lehia, urtez urte joan behar da, bai, baina emaitzek agintzen dute. Beti. Hortaz, gutxi batzuek izan dute “merezi izan du” esateko pribilegioa.

Bihar ere izango dira malkoak. Helburua urruti ikusten duten ikasleek, amatxo, aitatxo, harztxo edo dena delakotxoari helduta isuriko dituztenak. Ez, ez dut joan nahi, ez, ez, ez! Baita irakasle batek baino gehiagok ere.

Bai, bukatu dira oporrak. Uda bere azkenetan da eta ikastolara itzultzeko garaia iritsi zaigu. Telebistan aurkeztu dute programazio berria, bide batez, udan lanean aritutako bekadunak atzera unibertsitaterako edo lan-bulegoetarako bidean agurtuta. Hitza berriro agertu da kioskoetan eta Berria udako argalalditik gizentzen hasi da.

Hori bai, herriko ekografoak, malkoren bat isurita, bertan lan egiteari utzi dio. Madalenetan, bestondoak jota, sofan etzanda telebista ikusteari lan egitea deitzerik baldin bada, jakina. Dena den, ziur naiz, hemendik edo handik, izango dugula bere kirtenaldien berri.

Uda amaieraren iragarle dira herriko jaiak ere. Despistaturen batek larunbaterako afaltzeko lekua hartu duela dakidanez, badaezpada, abisatu egingo dut: danborrada ostiralean izango da. Aurten ez da Santakrutz bezperan izango. Bezperaren bezperara aurreratu da jai batzordearen erabakiz.

Akaso, estolderia gaiez gain, jai batzordearen erabaki garrantzitsuak ere bando bidez eman beharko lirateke aditzera.

Herriko festen aurretik, ordea, aitzin-etapa izan ohi dugu urtero: Altamirako jaiak. Ostiralean sardina usai tradizionala zabaldu zuten herri osora eta bart gaueko parrandan, gauzak ondo, baratxuri zopa banatuko zuten gautxori gosetuentzat.

Han ere izango dira malkoak. Auzo Elkarteak hogeita bost urte hauetan egindako ibilbideari begira isuriko dituztenak. Kirolarien gisan, helburua bete izanak sortutako emoziozko malkoak, seguru. Merezi izan du.

Izango dira, dudarik gabe, asteburuko ospakizunetan egindako gehiegikeriek eragindako malkoak ere. Bazuten zer ospatua.

[Oarsoaldeko Hitza 08-09-07]

Iraila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30          

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software