08.10.06

23:07:59 , Joseba , 298 hitz, 179 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Mendiko bizikletak eta krisia

Partaidetza aldetik ez zuen inolako krisi itxurarik joan den igandeko Mountain Bike probak. Hirurehun eta berrogeita hamarretik gora izan omen ziren Jaizkibelgo aldapei aurre egiten ausartu zirenak. Ederra marka.

Bizikletei begiratuta ere ez nuen krisiaren zantzurik sumatu, baina jakina, ekonomiaren motelaldia baino lehenagokoak izan zitezkeen gehienak. Ikusi nituen mendiko motoak ere. Eta behingoagatik, ez zidan hainbesteko trabarik egin mendian topatzeak. Ibilbidean zehar jarritako plastiko zatiak biltzeko balio izan zuten behintzat. Moto ederrak, kasko eta larruzko jantziz hornituak. Eskasiarik ez.

Guadalupen jarritako anoa postua ikusterik ez nuen izan, baina lasterketa amaitutakoan plazan jarrita zegoen txosna ikusita (eta pintxoren bat edo beste dastatuta), hangoa ere oparoa izango zela pentsatzen dut. Eskaintza goxoa.

Peto hori eta banderatxoa eskuetan edota lasterketako kamiseta soinean genbiltzanoi begira, ordea bai, krisiak jo gaituela sumatu nuen. Alegia, lasterketaren antolaketan lagundu genuen boluntariook islatzen genuela egun bizi dugun krisia.

Estualdiak behartuta edo, igande goizean goiz lan egiteko prest agertu ginen, egun horretako lanak diru-saria zuelako. Beti da errazagoa saria duen lan bat egitea, are gehiago sari hori eurotan konta daitekeenean.

Horra hor krisia. Baina ez etxebizitza, erregai edo bizi-kalitatearena, euskaldunok hain harro aipatu ohi dugun auzolanarena baizik. Auzolana baino gehiago, lana auzoan.

Gero eta zailagoa da laguntzeko prest dagoen jendea topatzea. Zer esanik ez asteburuetan. Lana hitzak astelehen goizetik ostiral eguerdira arte balio du. Nork bere lana. Besteetarako oso lanpetuta ibili ohi gara, jakina. Eta asteburuetan, plazera. Nork bere denbora bere gauzak egiteko. Beste guztia marroi bat da.

Dena den, bada aldagai berezi bat, diruaz gain, boluntario kopuruan eragin positiboa duena: telebista edo argazki kamerak. Batez ere, telebista kamerak. Telebista kameren presentzia eta lanerako prest dagoen jende kopurua zuzenki proportzionalak dira.

Hortaz, irtenbidea ere nahiko erraza izan daiteke: dirurik ez dagoenetan, telebistako kamerei eta argazkilariei deitu. Baina dirutan ordain baldin badaiteke, askoz hobe. Badaezpada diot.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-10-05]

Urria 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << < Sortu> >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software