08.11.02

22:23:04 , Joseba , 298 hitz, 104 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Mapan

Hamabigarren kilometroan. Hantxe dago gure herria. Datorren asteko lasterketa masifikatuak mesede hori egingo digu, behintzat. Gure herria mapan kokatzen lagunduko digu. Behobia Donostia lasterketaren erditik harago. Horixe erantzungo diot hemendik aurrera Lezo non dagoen galdetzen didanari.

Kantatzen duen herriak, izan ere, nonbait izan behar baitu. Pentsa dezagun zenbatetan egin behar izan dugun kokapen ariketa. Zenbat jenderi esan ote diogun nongoak garen, parekoaren ezagutza mailaren araberako erreferentziak baliatuta.

Gogoan dut zenbateko harridura sortu zidan Lezo non demontre ote dagoen galdetu zidan donostiar hark. Ados, zimiko txiki bat ere nabaritu nuen nire harrotasunean.

Aurtengo udan ere, urrutira joanda, jakina, euskaldun batzuekin topo egin eta Lezo Irun eta Donostia artean dagoela esaten hasi nintzaien. Ezin aldez aurretik jakin Gazte Topagunean izanak zirenik.

Irun eta Donostia artean, Espainia eta Frantzia artean, Orereta eta Donibane artean. Filosoforen batek esan omen zuen erdiko terminoan dagoela bertutea. Muturrean ez egotea muturrekorik ez hartzeko modua dela, alegia.

Mapan agertzea ere bertute galanta da. Jendearen buru-mapan ageri den herriak zerbait izango du. Ospea, besterik ez bada. Agintarienean ageri denak, zerbait gehiago, seguru. Mapan ageri diren tokietan, zerbitzuetan xahutu ohi da dirua. Pasealeku dotore eta museoetan. Mapan ageri ez direnetan egin ohi dira, aldiz, makrokartzela, superportu eta erraustegiak.

Herrian bertan ere, erdigunean dago bertutea. Bertan egiten dira odol-emaileen bilkurak eta bestelako ospakizunak. Guztion buru-mapan ageri agerikoak diren plaza eta guneetan. Bazterrerago geratzen dira harrera etxeak. Leku ezkutuagoetan.

Hamabigarrenean ez. Lehenago hasten da gure herria. Datorren asteko lasterketa masifikatuko partaideek zortzigarren kilometroan zapalduko dute Lezoko lurra. Behobia Donostia lasterketaren zortzigarren kilometrotik hamahirugarrenerako tartean. Erantzun hobea Lezo non dagoen galdetu didan horrentzat.

Gaintxurizketa edo Altamira, bazterrekoagoak izanagatik ere, Lezoren parte dira. Baina lausotuago ageri dira gure buru-mapako irudietan. Horregatik izango dute harrera etxe bana. Eta errepide zabalak. Eta industria. Eta intermodalak. Mapatik kanpo ez digutelako traba handiegirik egingo.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-11-02]

Azaroa 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software