1 2 >>

08.07.07

10:22:18 , Joseba , 304 hitz, 88 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Urrundik begira

Herritik urrun harrapatu nau hilabete honetako zutabeak. Txistu eta dantza kontuek eguzki eta hondartza inguru hauetara ekarri naute, beste hamalau lagunekin batera.

Hortaz, gure kulturaren enbaxadore bilakatuta gabiltza egun hauetan. Emanaldietan, arroparik tipikoenak jantzita. Baina baita elkarrizketetan ere, ezarri ohi dizkiguten tasun eta keria guztiak geure eginda. Sagardotegietan zutik irudikatzen gaituzte hauek, hatzak ahalik eta gehien zabalduz airean marrazten dituzten txuletaz lepo. Baita kantuan eta dantzan ere, jakina.

Eta guk onartu. Euskal Herriko kultur ondarearen transmisioan azken kate-maila bagina bezala jokatzen dugu folklore kontuetan. Euskal Herriaz miresmenez hitz egiten dutenekin bereziki. Eta zer esanik ez diasporan. Azkenean, beste herrialde batera ospa egiten dugu, baina gureaz aritzen gara jo eta ke.

Oarsoaldeari buruz galdetu dit ondoko lagunak. Kolpetik, ikasturte honetan zehar idatzitakoak etorri zaizkit gogora.

Murixkaren berrogeita hamargarren urteurrenari buruz idatzi nuen irailean, baina badaki nahikoa gaiari buruz. Kexak agertzeko unea denik ere ez zait iruditzen, beraz, ez diot aipatuko euskaraz egiten uzten ez didan askotariko baten diskurtsoak eragindako erresumina.

Euskal Herriaz irudi idealegia du El Mundo egunkarian Behobia-Donostiari buruz idatzitakoak ulertarazteko. Eta G puntuei jarritako puntuak, berriz, erreferentzia urrunegiak egingo zaizkio. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Gaintxurizketa bai, behintzat; Gabonak ez hainbeste.

Lesakako lagunak atxilotu eta torturatzeak sortutako mina birgogoratzeak zimiko egiten dit barrenean. Hobe beste baterako uztea. Inauteriak bai, haiek aipa ditzaket. Aurten hogei urte bete dituen Trapujaleren ibilbidea. Edo inauterien buelta horretan Mañontzi Bertso Eskolak antolatutako bertso hilabeteaz ari naiteke.

Baina bat-batean atzerriko kulturen asimilazioaren gaiarekin blogean sortutako eztabaida agertu zait begien aurrean. Parrandan Shakira entzuten dugula eta Topagunean gaztelaniaz aritzen garela, naturaltasun osoz. Eta iparraldea ahaztuegia dugula. Hobe kultur adierazpenen gaia gerorako uztea.

Sagardotegietako zikloez nahikoa arituak gara lehen ere. Mendekosteak atzean utziak ditugu jada, eta urrutiegi daude Santa Krutzak. Eta ez natzaio ba oporretako sindromeaz hasiko hondartzako toallaren gainean etzanda.

Azkenean, buelta erdia eman eta bizkarrean krema emateko eskatu diot.

08.06.09

23:05:36 , Joseba , 345 hitz, 80 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Oporrak

Ikasturte bukaera izaki, udako oporrak bertan ikusten hasiak gara asko eta asko. Ordulariari bultzada bat eman nahian batzuk, denbora azkarrago joan dadin; orratzei tiraka beste batzuk, pilatutako lanak egiteko tarteak osatu nahian. Aste honetan selektibitatea egin behar dutenak azken egoera honetan egongo dira, segur aski.

Era batera edo bestera, oporretako sindromeak jota den denak. Oporretakoak, bai, ez opor ostekoak. Irailean hain modan jarri ohi den opor osteko sindromea aski ezaguna da gure artean, baina oporrek, bere osotasunean, sindrome bat osatzen dutelakoan nago.

Uztarotik pasa gabe, nire aurkikuntzaren berri ingelesez argitaratzen den aldizkari dotore batera bidali dut, sindromearen sekuentziaren berri ematen duten adibide argigarriz hornituta.

Prestaketa fasean, ahalik eta gutxien ikasita ikasturtea aurrera atera nahi duten ikasleak lehen adibide, iraileko azterketak San Ferminetan egin behar izatearen presiotik ihesi. Eta hauen irakasleak berdin, uztailean azterketak zuzendu beharraren gurutze-bidea disimuluan saihestu nahian.

Travel puntuak kontatzen ari direnak, sindromearen bigarren adibide; furgoneta atontzen ari direnekin eta low cost hegaldietan pagotxak bilatzen ari direnekin batera. Low hitza nola ahoskatzen ote den pentsatzen jarrita, agian lau esaten dela bururatu zait, maletak eta tasak ordaindutakoan esperotakoa baino lau aldiz garestiago ateratzen baita bidaia.

Bidaian bertan, turistek sekula egingo ez luketena egiten ahalegintzera behartzen du pertsona oporretako sindromeak. Indigenekin egunerokotasuna bizitzeak oporrak giza esperientzia goren bilakatzen ditu. Herria ezagutu egiten da horrela, ez bisitatu bakarrik. Bueno, tokirik ospetsuenetan argazkiren bat egin daiteke. Originala, beti ere.

Une horretan arrisku egoera latza bizi du sindromearen pean bidaiatzen duenak. Oporrik berezi eta pertsonalenak eginagatik, beti, inolako salbuespenik gabe, izan ohi den arriskua: auzokidearekin topo egitearena.

Herrian apenas buru-keinu txiki batez agurtzen den horrekin oporretan izaten diren elkarrizketek zutabe oso bat beharko luketenez, beste baterako utziko dut gaia. Dena den, zuekin hiztun edo sinpatikoago nabilela nabaritu baduzue, jakin ezazue neurri prebentibo bat baino ez dela.

Bueltako fasean, jada ezaguna dugun opor osteko egoera. Sindromea pairatu duenak “hau ote zen dena?” galdetzen dio bere buruari, lankideari oporraldiaren balio espirituala azaltzen dion bitartean.

Azkenik, ikerketaz kanpoko zalantza batzuk: zergatik du zuzendari berria Hitzak? Non da aurrekoa? Oporrak behar al zituen? Dagoen tokitik txoko honetara hurbilduko delakoan, alaporai!

[Oarsoaldeko Hitza 08-06-08]

08.05.19

12:54:08 , Joseba , 300 hitz, 92 aldiz ikusia  
Atalak: HITZA

Mendekosteak

Guretzat Mendekozteak ziren duela ez gehiegi. Ostiralean Hitzarekin batera jasotako gehigarrian, aldiz, Pentekosteak irakurri eta eskema mentala aldatzeko prestatu nintzen. Ohituta gaude. Lehen txoznak izaten genituen udako parrandetako geltoki eta orain, berriz, txosnak. Txistukariak Lesoartzen ari dira antza denez. Pentekosteak, hala ere, Bergarakoak omen dira.

Mendekozte eta txozna idazten genuen garai haietan, inguruko merkataritza-gune ezagun bati propaganda euskaraz bidaltzeko eskatzen genion, edo eskatu behar zitzaiola adosten genuen, afariak antolatzeko sekulako efikazia zuten bileretan.

Joan dira urte batzuk, dagoeneko ez dugu bilerarik egin beharrik afariak antolatzeko, eta zentro komertzialak etxera bidali ohi duen publizitatean euskara ikus dezakegu. Ikusteko erraza delako, letra ederrez idatzia. Deszifratzea da zailagoa. Berebiziko bainua eta bost aleko akazia zer ote diren ulertzeko gaztelaniara jo behar izan dut, beste behin ere. Malkoak ateratzeko moduko itzulpenak, barregarri bezain negargarriak.

Tira, propaganda hau iritsi da etxera, behintzat. Jaietako egitaraua Hitzan irakurri behar izan nuen ostiralean, asteburuan zenbat ekintza dauden konturatzeko. Tartean, Lezoko IV. Herri Bira. Dilema ederra jarri digute herriko kirolari edo sasikirolarioi, proba jaietara ekarrita.

Erabakiak erabaki, lasterketa aurrera ateratzeko antolatzaileek egiten duten lana eskertu beharrekoa da. Balorazioa, astelehenerako utziko dugu. Ea herritarrok parranda eta kirolaren arteko oreka aurkitzen dugun, aurreko urteetako partaidetza areagotuz, marka pertsonala hobetzeko edo geure burua antolatzaileek banatu ohi duten DVDan ikusteko.

Lasterketaz gain, esan bezala, sekulako gauza pila bi egun eta erdian. Baina ez Lezon bakarrik, inguruko herrietan ere eskaintza oparoa izan baitugu asteburuan. Telebistako kontraprogramazioaren antzera, kontzertuak izan ziren bart gauean Oiartzunen eta sagardo eguna arratsaldez, Irunen.

Gaur, berriz, Herri Urrats Senperen eta Musikasteren hasiera Errenteria-Oreretan. Ez da seinale txarra. Udaberriak izan du bere eragina eta kalerako gogoz gabiltza gehien gehienok.

Azterketa garaian interesa irabazi ohi duen lur gorriko tenisa ere ikus dezakegu telebistan eta atzo hasi zen udako oporren aurrekari den Italiako Giro. Ikasturte bukaerako volatari begira jarrita gaude, hortaz.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-05-11]

08.04.14

14:37:59 , Joseba , 329 hitz, 305 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Mamutak teilatupeetan

Lezoko teilatupeetan bildutako utopia zaleen metafora gisa uler zitekeen mamuta. Historiaren zurrunbiloan desagertzearen aurka borrokan ari direnen adierazle gisa.

Izenburua, baina, joan den asteko albiste bategatik jarri dut. Albistea, berez, duela milaka urtekoa bada ere, lehengo astean ikusi ahal izan genuen telebistan. Mamuten iraungitzea ez zen Darwinen eboluzioaren kapritxo soil bat izan.

Espezia suntsitzeko arrazoia gizakiaren baitan egon omen zen; ehizaren eraginez desagertu zen mamuta, ez berez. Bueno, pixka bat bai, moldatu ezinez ibili zen, baina behin betiko bultzakada, eboluzioaren eskailera mekanikotik kanpo utzi zuena, gizakiak eman zion.

Teilatupeetan irudikatu nahi izan ditut mamutak, Gazte Topaguneko kantaren zatiari errealismo puntu bat jarrita. Aurreko artikuluaren harira sortutako erantzunek zer pentsatua eman zidaten (ikus Zikloak), bide batez beste artikulu baterako lana erraztuz.

Gazte Topagunean argi ikus zitekeen zenbateraino asimilatu dugun atzerriko kultura. Edo zenbateraino asimilatu gaituen hark gu. Antza denez, erabilgarriago, desiragarriago edo dena delakoago zaigu gaztelania.

Froga gisa, iparraldeko lagun batekin topo egitean izandako elkarrizketa (euskaraz ari ginenez, gaitzerdi). Hark gure klixe eta esamolde guztiak ulertu zituen. Sin más. Guk, ordea, harenik bakarrik ere ez. Menuda rayada.

Parentesian esanda, ikasleen esaldi batzuk ulertzeko zailtasunak nabaritzen hasita nago, teilatupeko neuronei ilea urdintzen ari zaien seinale.

Gure iparraldeko lagunarekin jarraituz, berak gure erdara ulertu ez ezik, erabili ere egiten zuela ikusi genuen berehala, guk harenaz ezer gutxi dakigun bitartean.

Baina lasai, ez da gure errua. Euskal Herri osoan argitaratzen den euskarazko egunkariak, tarteka egiten du lan igandeetan. Hain zuzen ere, hegoaldeko hauteskundeak izaten direnetan. Martxoaren hamarrean irakurri ahal izan genituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak. Baina astebete beranduago ezinezkoa izan zitzaigun Frantziako udalerri eta kantonamenduetako hauteskundeen emaitzak jasotzea.

Sindromea orokorra dela esan daiteke. Dena den, hain urrutira joan gabe, koadrilari erreparatuta ere aisa suma dezaket errealitate mingarria.

Hortaz, kanpoko kultura guk irentsi dugun edo hark gu irentsi gaituen, konponbiderik ez duen kausa delakoan nago. Galdetu mamut izoztuari, zertan laguntzen dion gizakiaren erruduntasuna frogatzeak.

Ondorioz, ondorioan eragin behar dugu. Astindu teilatupeak eta bidali erantzunen bat, gure malkoetan izoztuta geratu baino lehen.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-04-13]

08.02.11

11:54:51 , Joseba , 337 hitz, 53 aldiz ikusia  
Atalak: HITZA

(Aurre)kanpaina

Hauteskundeak baino bi aste lehenago hasiko omen dena, beti bezala. Eskerrak. Bi aste dituzte politikariek abailatxoa (karrerila Euzkitzeren hizkeran) hartu eta benetako lasterketa iristean barruan duten guztia emateko.

Dena den, ofizialki hala ez bada ere, kanpainan buru-belarri murgilduta dabiltza politikari zein komunikabide guztiak. Hortaz, nik neuk ere kanpainari ekitea erabaki dut, badaezpada. Hileroko zutabean (gizona izan arren ziklikoa naiz ni ere) doako tarteak eskainiko ditut. Era objektibo eta inpartzialean esleituak, jakina.

Lehen tartea: pasa berri diren inauteriak. Zalantza izpirik gabe, guztiz arrakastatsu eta jendetsuak izan dira aurtengo inauteriak (hauteskunde ondorenean den-denak garaile).

Programari erreparatuta, aldez aurretik agindutako guztia bete da: sorrerako ideologoetako bati omenaldia, musika, dantza, kale-animazioa eta azken batean, ongi pasatzeko aukera zabala izan baita egun horietan zehar.

Trapujaleren istorioa berrezagutzera emateko moduak maila artistiko gorenekoak izan dira, nola liburua hala antzerkia eta Santa Ageda bezperako koplak ere (estilo ariketa ez ezik, marketing lan ederra, gauza bera hiru modu ezberdinetan kontatu eta saldu baitigute).

Ostiraloriko barrikoteari dagokionez, jende gutxi bildu arren, frogatuta geratu da partehartzaileek osatutako gutxiengoa, ongi prestatutakoa zela. Gutxiengo kualifikatua zela, alegia. Gehiengo absolutua, jakina denez, kalejiretan ibilitakoa izan da (gure herrian ia beti bezala): Trapujaleren jaitsieran, Zirikuen kalejiran eta Herio-bidaian (ia beti idatzi dut, Pirritx eta Porrotx etortzean gehiengo absolutu hori infinitura luzatzen baita).

Plazako harri txinatarra harrotu eta pixar bat hondatu izana, onartu beharreko akatsa izan da, baina ziur izan kalte-ordain handiagoa ordainduko dela aurten: zazpi ardiak eta harri txinatarra (bukaeran eta letra txikiz, autokritikarako gaitasuna eta berehalako konponbidea).

Bigarren tartea: datorren Bertso Hilabetea. Tolerantea eta herri osoarentzat egindakoa izango da, datorren guztia onartuko baita (kabitzen dena, edo hobe, sarrera erosten duena).

Aniztasuna bermatuta egongo da, era guztietako gustu, adin-tarte, kolektibo eta bestelako sailkaezinentzat izango baita zer edo zer (gure herrian ofizial diren bi hizkuntzetako bakarrean aurkeztua, benetako demokraten asaldagarri).

Lezo herri bertsozalea dela erakusteko garaia heldu da! (Askoren ustez kontu horretan zereginik ez badugu ere, guri bost)

Honaino hilabete honetako doako tartea, papereko edizioaren karaktere kopuruak mugatua. (Barkatu, ezin izan diot doako tarteko agiri ofizialei komentarioak gehitzeko tentazioari eutsi)

[Oarsoaldeko Hitza 2008-02-10]

1 2 >>

Uztaila 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software