1 2 3 >>

08.12.02

00:15:36 , Joseba , 375 hitz, 45 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Argitaratu

Gailendu dira perfumeak telebistako iragarkietan eta jaso ditugu jostailuen katalogoak gure etxeko postontzian. Bertan dira Gabonak. Oraindik ere zalantzan gabiltza, turroia jaten hasi ala ez. Kaleko argi apaingarriak piztu behar ote diren ala ez. Dena den, iaz sobratutako turroiak jaten hasteak ez du esan nahi aurtengo neguko turroi-operazioa hasi denik. Lasai. Etxeko biltegia orekatzeko neurri gisa onartuta dago jarrera hori.

Gurean, hala ere, jostailu, perfume eta turroien aurretik liburu eta DVD iragarkiz bete ohi dira bertako telebista eta egunkariak. Bertan da Durango. Euskal kulturan nor izatekotan, abenduko zubirako zer edo zer argitaratu beharra dago. Eta euskal kultura kontsumitzen dugula esan ahal izateko, Durangoko azokan zer edo zer erosi beharra. Sarasuatarrek kantatzen zuten gisan, Kilometroak bezala da hura, bertsio kultuan.

Aitortu behar dut nik ere han egoteko asmoa dudala. Jaizkibelen orain gutxi egin dugun aurkikuntza arkeologiko baten berri eman nahi dugu, denboraz juxtu xamar bagabiltza ere. Pluralean idatzi dut, lan honetarako Arkeologia eta Antropologia alorretan behar bezala jantzitako aditu taldea osatu baitugu.

Jaizkibelgo bigarren dorretik hirugarrenerako bidean, Amadingurutze izeneko eremuan, oinez egiten den bidean bertan ageri diren bi errotarrik jarri zuten abian gure ikerketa. Ondorioak ikusgarriak izan dira, gure historia ulertzeko modua aldatuko dutenak: bistan da harri horiek haize-errota baten aztarna direla.

Herritarrentzat urrutiegi dagoela erantzungo diguzue, artoa haraino igotzea garestiegia litzatekeela leporatuko, baina topatu dugu horren erantzuna ere. Bonatxo baserritik gora eraikitako kable sistema batek errazten baitzuen garraioa.

Ikerketan sakonduta, errota askoz osaturiko parke eoliko baten aurrean egon gaitezkeela uste dugu. Horregatik, hasiak gara museo baten eraikuntzaren proiektuan lanean. Ez litzateke aurkikuntza bakar batetik museo oso bat eraikitzen den lehen aldia izango. Museorako sarbidea, jakina, autoentzat bereziki prestatua, superporturako suntsituko dituzten tuneletatik gora egingo litzateke.

Bide honi ekiteko gogo biziz gabiltza, baina errealistak izanda, badakigu arazo bat baino gehiagorekin egingo dugula topo. Denboraz, lehen esan bezala, juxtu xamar gabiltza, azoka datorren astean baita. Eta Durangon agertzen ez dena ez da existitzen.

Bestalde, museoaren eraikuntzarako beharrezko dirua iturri publikoetatik jaso nahiko genuke, krisiak kapital pribatua are kontserbadoreago bilakatu baitu. Baina esan digutenez, kultur arloan gutxi batzuen patriketara joan ohi da instituzioek bideratutako dirutza.

Azkenik, gure ondorioak hipotesi soilen mailatik ez pasatzeak ez gaitu gehiegi kezkatzen, saltzen jakiteak benetakotasunak baino pisu handiagoa baitu gaur egun. Hortaz, aurkikuntzari izen deigarri bat jartzea baino ez zaigu falta.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-11-30]

08.11.02

22:23:04 , Joseba , 298 hitz, 159 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Mapan

Hamabigarren kilometroan. Hantxe dago gure herria. Datorren asteko lasterketa masifikatuak mesede hori egingo digu, behintzat. Gure herria mapan kokatzen lagunduko digu. Behobia Donostia lasterketaren erditik harago. Horixe erantzungo diot hemendik aurrera Lezo non dagoen galdetzen didanari.

Kantatzen duen herriak, izan ere, nonbait izan behar baitu. Pentsa dezagun zenbatetan egin behar izan dugun kokapen ariketa. Zenbat jenderi esan ote diogun nongoak garen, parekoaren ezagutza mailaren araberako erreferentziak baliatuta.

Gogoan dut zenbateko harridura sortu zidan Lezo non demontre ote dagoen galdetu zidan donostiar hark. Ados, zimiko txiki bat ere nabaritu nuen nire harrotasunean.

Aurtengo udan ere, urrutira joanda, jakina, euskaldun batzuekin topo egin eta Lezo Irun eta Donostia artean dagoela esaten hasi nintzaien. Ezin aldez aurretik jakin Gazte Topagunean izanak zirenik.

Irun eta Donostia artean, Espainia eta Frantzia artean, Orereta eta Donibane artean. Filosoforen batek esan omen zuen erdiko terminoan dagoela bertutea. Muturrean ez egotea muturrekorik ez hartzeko modua dela, alegia.

Mapan agertzea ere bertute galanta da. Jendearen buru-mapan ageri den herriak zerbait izango du. Ospea, besterik ez bada. Agintarienean ageri denak, zerbait gehiago, seguru. Mapan ageri diren tokietan, zerbitzuetan xahutu ohi da dirua. Pasealeku dotore eta museoetan. Mapan ageri ez direnetan egin ohi dira, aldiz, makrokartzela, superportu eta erraustegiak.

Herrian bertan ere, erdigunean dago bertutea. Bertan egiten dira odol-emaileen bilkurak eta bestelako ospakizunak. Guztion buru-mapan ageri agerikoak diren plaza eta guneetan. Bazterrerago geratzen dira harrera etxeak. Leku ezkutuagoetan.

Hamabigarrenean ez. Lehenago hasten da gure herria. Datorren asteko lasterketa masifikatuko partaideek zortzigarren kilometroan zapalduko dute Lezoko lurra. Behobia Donostia lasterketaren zortzigarren kilometrotik hamahirugarrenerako tartean. Erantzun hobea Lezo non dagoen galdetu didan horrentzat.

Gaintxurizketa edo Altamira, bazterrekoagoak izanagatik ere, Lezoren parte dira. Baina lausotuago ageri dira gure buru-mapako irudietan. Horregatik izango dute harrera etxe bana. Eta errepide zabalak. Eta industria. Eta intermodalak. Mapatik kanpo ez digutelako traba handiegirik egingo.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-11-02]

08.10.06

23:07:59 , Joseba , 298 hitz, 181 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Mendiko bizikletak eta krisia

Partaidetza aldetik ez zuen inolako krisi itxurarik joan den igandeko Mountain Bike probak. Hirurehun eta berrogeita hamarretik gora izan omen ziren Jaizkibelgo aldapei aurre egiten ausartu zirenak. Ederra marka.

Bizikletei begiratuta ere ez nuen krisiaren zantzurik sumatu, baina jakina, ekonomiaren motelaldia baino lehenagokoak izan zitezkeen gehienak. Ikusi nituen mendiko motoak ere. Eta behingoagatik, ez zidan hainbesteko trabarik egin mendian topatzeak. Ibilbidean zehar jarritako plastiko zatiak biltzeko balio izan zuten behintzat. Moto ederrak, kasko eta larruzko jantziz hornituak. Eskasiarik ez.

Guadalupen jarritako anoa postua ikusterik ez nuen izan, baina lasterketa amaitutakoan plazan jarrita zegoen txosna ikusita (eta pintxoren bat edo beste dastatuta), hangoa ere oparoa izango zela pentsatzen dut. Eskaintza goxoa.

Peto hori eta banderatxoa eskuetan edota lasterketako kamiseta soinean genbiltzanoi begira, ordea bai, krisiak jo gaituela sumatu nuen. Alegia, lasterketaren antolaketan lagundu genuen boluntariook islatzen genuela egun bizi dugun krisia.

Estualdiak behartuta edo, igande goizean goiz lan egiteko prest agertu ginen, egun horretako lanak diru-saria zuelako. Beti da errazagoa saria duen lan bat egitea, are gehiago sari hori eurotan konta daitekeenean.

Horra hor krisia. Baina ez etxebizitza, erregai edo bizi-kalitatearena, euskaldunok hain harro aipatu ohi dugun auzolanarena baizik. Auzolana baino gehiago, lana auzoan.

Gero eta zailagoa da laguntzeko prest dagoen jendea topatzea. Zer esanik ez asteburuetan. Lana hitzak astelehen goizetik ostiral eguerdira arte balio du. Nork bere lana. Besteetarako oso lanpetuta ibili ohi gara, jakina. Eta asteburuetan, plazera. Nork bere denbora bere gauzak egiteko. Beste guztia marroi bat da.

Dena den, bada aldagai berezi bat, diruaz gain, boluntario kopuruan eragin positiboa duena: telebista edo argazki kamerak. Batez ere, telebista kamerak. Telebista kameren presentzia eta lanerako prest dagoen jende kopurua zuzenki proportzionalak dira.

Hortaz, irtenbidea ere nahiko erraza izan daiteke: dirurik ez dagoenetan, telebistako kamerei eta argazkilariei deitu. Baina dirutan ordain baldin badaiteke, askoz hobe. Badaezpada diot.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-10-05]

08.09.08

23:47:58 , Joseba , 309 hitz, 258 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Malkoak

Pekingo Olinpiar Jokoetako kirolarienak, esate baterako. Domina lortuta podium gainean marru batean agertu direnenak, hunkigarriak; Leire Olaberriarenak bereziki. Beren helburua lortu ez eta orro batean amore eman behar izan dutenenak, ordea, mingarriak.

Tamalez, saiatu izanak ez du urte askotako sakrifizioen zama arintzen, helbururik lortu ezean. Partidaz partida, lehiaz lehia, urtez urte joan behar da, bai, baina emaitzek agintzen dute. Beti. Hortaz, gutxi batzuek izan dute “merezi izan du” esateko pribilegioa.

Bihar ere izango dira malkoak. Helburua urruti ikusten duten ikasleek, amatxo, aitatxo, harztxo edo dena delakotxoari helduta isuriko dituztenak. Ez, ez dut joan nahi, ez, ez, ez! Baita irakasle batek baino gehiagok ere.

Bai, bukatu dira oporrak. Uda bere azkenetan da eta ikastolara itzultzeko garaia iritsi zaigu. Telebistan aurkeztu dute programazio berria, bide batez, udan lanean aritutako bekadunak atzera unibertsitaterako edo lan-bulegoetarako bidean agurtuta. Hitza berriro agertu da kioskoetan eta Berria udako argalalditik gizentzen hasi da.

Hori bai, herriko ekografoak, malkoren bat isurita, bertan lan egiteari utzi dio. Madalenetan, bestondoak jota, sofan etzanda telebista ikusteari lan egitea deitzerik baldin bada, jakina. Dena den, ziur naiz, hemendik edo handik, izango dugula bere kirtenaldien berri.

Uda amaieraren iragarle dira herriko jaiak ere. Despistaturen batek larunbaterako afaltzeko lekua hartu duela dakidanez, badaezpada, abisatu egingo dut: danborrada ostiralean izango da. Aurten ez da Santakrutz bezperan izango. Bezperaren bezperara aurreratu da jai batzordearen erabakiz.

Akaso, estolderia gaiez gain, jai batzordearen erabaki garrantzitsuak ere bando bidez eman beharko lirateke aditzera.

Herriko festen aurretik, ordea, aitzin-etapa izan ohi dugu urtero: Altamirako jaiak. Ostiralean sardina usai tradizionala zabaldu zuten herri osora eta bart gaueko parrandan, gauzak ondo, baratxuri zopa banatuko zuten gautxori gosetuentzat.

Han ere izango dira malkoak. Auzo Elkarteak hogeita bost urte hauetan egindako ibilbideari begira isuriko dituztenak. Kirolarien gisan, helburua bete izanak sortutako emoziozko malkoak, seguru. Merezi izan du.

Izango dira, dudarik gabe, asteburuko ospakizunetan egindako gehiegikeriek eragindako malkoak ere. Bazuten zer ospatua.

[Oarsoaldeko Hitza 08-09-07]

08.07.07

10:22:18 , Joseba , 304 hitz, 254 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Urrundik begira

Herritik urrun harrapatu nau hilabete honetako zutabeak. Txistu eta dantza kontuek eguzki eta hondartza inguru hauetara ekarri naute, beste hamalau lagunekin batera.

Hortaz, gure kulturaren enbaxadore bilakatuta gabiltza egun hauetan. Emanaldietan, arroparik tipikoenak jantzita. Baina baita elkarrizketetan ere, ezarri ohi dizkiguten tasun eta keria guztiak geure eginda. Sagardotegietan zutik irudikatzen gaituzte hauek, hatzak ahalik eta gehien zabalduz airean marrazten dituzten txuletaz lepo. Baita kantuan eta dantzan ere, jakina.

Eta guk onartu. Euskal Herriko kultur ondarearen transmisioan azken kate-maila bagina bezala jokatzen dugu folklore kontuetan. Euskal Herriaz miresmenez hitz egiten dutenekin bereziki. Eta zer esanik ez diasporan. Azkenean, beste herrialde batera ospa egiten dugu, baina gureaz aritzen gara jo eta ke.

Oarsoaldeari buruz galdetu dit ondoko lagunak. Kolpetik, ikasturte honetan zehar idatzitakoak etorri zaizkit gogora.

Murixkaren berrogeita hamargarren urteurrenari buruz idatzi nuen irailean, baina badaki nahikoa gaiari buruz. Kexak agertzeko unea denik ere ez zait iruditzen, beraz, ez diot aipatuko euskaraz egiten uzten ez didan askotariko baten diskurtsoak eragindako erresumina.

Euskal Herriaz irudi idealegia du El Mundo egunkarian Behobia-Donostiari buruz idatzitakoak ulertarazteko. Eta G puntuei jarritako puntuak, berriz, erreferentzia urrunegiak egingo zaizkio. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Gaintxurizketa bai, behintzat; Gabonak ez hainbeste.

Lesakako lagunak atxilotu eta torturatzeak sortutako mina birgogoratzeak zimiko egiten dit barrenean. Hobe beste baterako uztea. Inauteriak bai, haiek aipa ditzaket. Aurten hogei urte bete dituen Trapujaleren ibilbidea. Edo inauterien buelta horretan Mañontzi Bertso Eskolak antolatutako bertso hilabeteaz ari naiteke.

Baina bat-batean atzerriko kulturen asimilazioaren gaiarekin blogean sortutako eztabaida agertu zait begien aurrean. Parrandan Shakira entzuten dugula eta Topagunean gaztelaniaz aritzen garela, naturaltasun osoz. Eta iparraldea ahaztuegia dugula. Hobe kultur adierazpenen gaia gerorako uztea.

Sagardotegietako zikloez nahikoa arituak gara lehen ere. Mendekosteak atzean utziak ditugu jada, eta urrutiegi daude Santa Krutzak. Eta ez natzaio ba oporretako sindromeaz hasiko hondartzako toallaren gainean etzanda.

Azkenean, buelta erdia eman eta bizkarrean krema emateko eskatu diot.

1 2 3 >>

Abendua 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software