Zikloak »

08.04.14

14:37:59 , Joseba , 329 hitz, 262 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!, HITZA

Mamutak teilatupeetan

Lezoko teilatupeetan bildutako utopia zaleen metafora gisa uler zitekeen mamuta. Historiaren zurrunbiloan desagertzearen aurka borrokan ari direnen adierazle gisa.

Izenburua, baina, joan den asteko albiste bategatik jarri dut. Albistea, berez, duela milaka urtekoa bada ere, lehengo astean ikusi ahal izan genuen telebistan. Mamuten iraungitzea ez zen Darwinen eboluzioaren kapritxo soil bat izan.

Espezia suntsitzeko arrazoia gizakiaren baitan egon omen zen; ehizaren eraginez desagertu zen mamuta, ez berez. Bueno, pixka bat bai, moldatu ezinez ibili zen, baina behin betiko bultzakada, eboluzioaren eskailera mekanikotik kanpo utzi zuena, gizakiak eman zion.

Teilatupeetan irudikatu nahi izan ditut mamutak, Gazte Topaguneko kantaren zatiari errealismo puntu bat jarrita. Aurreko artikuluaren harira sortutako erantzunek zer pentsatua eman zidaten (ikus Zikloak), bide batez beste artikulu baterako lana erraztuz.

Gazte Topagunean argi ikus zitekeen zenbateraino asimilatu dugun atzerriko kultura. Edo zenbateraino asimilatu gaituen hark gu. Antza denez, erabilgarriago, desiragarriago edo dena delakoago zaigu gaztelania.

Froga gisa, iparraldeko lagun batekin topo egitean izandako elkarrizketa (euskaraz ari ginenez, gaitzerdi). Hark gure klixe eta esamolde guztiak ulertu zituen. Sin más. Guk, ordea, harenik bakarrik ere ez. Menuda rayada.

Parentesian esanda, ikasleen esaldi batzuk ulertzeko zailtasunak nabaritzen hasita nago, teilatupeko neuronei ilea urdintzen ari zaien seinale.

Gure iparraldeko lagunarekin jarraituz, berak gure erdara ulertu ez ezik, erabili ere egiten zuela ikusi genuen berehala, guk harenaz ezer gutxi dakigun bitartean.

Baina lasai, ez da gure errua. Euskal Herri osoan argitaratzen den euskarazko egunkariak, tarteka egiten du lan igandeetan. Hain zuzen ere, hegoaldeko hauteskundeak izaten direnetan. Martxoaren hamarrean irakurri ahal izan genituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak. Baina astebete beranduago ezinezkoa izan zitzaigun Frantziako udalerri eta kantonamenduetako hauteskundeen emaitzak jasotzea.

Sindromea orokorra dela esan daiteke. Dena den, hain urrutira joan gabe, koadrilari erreparatuta ere aisa suma dezaket errealitate mingarria.

Hortaz, kanpoko kultura guk irentsi dugun edo hark gu irentsi gaituen, konponbiderik ez duen kausa delakoan nago. Galdetu mamut izoztuari, zertan laguntzen dion gizakiaren erruduntasuna frogatzeak.

Ondorioz, ondorioan eragin behar dugu. Astindu teilatupeak eta bidali erantzunen bat, gure malkoetan izoztuta geratu baino lehen.

[Oarsoaldeko Hitza 2008-04-13]

7 erantzun

Erantzuna from: Xit [Bisitaria]
Zikloetatik, mamutetara; hitz egin dezagun bada, Mamuten zikloaz... Eta Josebaren galderari helduta: "Galdetu mamut izoztuari, zertan laguntzen dion gizakiaren erruduntasuna frogatzeak". Bada, euren galbideari aurre egiteko, akaso. Azal dezadan. Mamutek euren galbidearen erruduna ezagutu ezean, horri aurre egiteko modu bakarra zuten: euren ugalkortasuna, euren populazioa areagotzea. Baina, noski, honekin ezin arazoa konpondu. Mamut gehiago = gizakiarentzat janari gehiago = gizakiaren ugalkortasuna areagotzea, ekarriko luke. Beraz, galbidea, berriro. Aukera bakarra zuten, beraz, gizakiari aurre egitea.

Ta, nola aurre egin ziklo hauei? Bada, lehendik esan bezala, zikloak apurtzeko, ziklo hori lotzen duen gakoa da ezagutu eta moztu beharrekoa. Ondorioei aurre egitea hutsala izan liteke, zikloa apurtzen ez badugu. Horregatik, kultura irensten dugun edo irenstarazten diguten ez da, ba, berdina. Euskaldunok, euskaraz egite hutsak hizkuntza berreskuratzea ekarriko duela pentsatzea bezain nabarmen. Nola bada, euskaldunok epaitegietan euskaraz hitz egiteko oztopoak jartzen dizkigun zikloa apurtu gabe, nola, ertzainen aurrean euskaraz hitz egiteagatik atxilotuak izateko arriskuaren zikloa, euskaraz bizi nahi duten herrietako ordenantzak legez kanpo uzten dituen zikloa, ikastetxeetatik erdaldun hutsak ateratzen dituen zikloa... apurtu gabe. Kontua baita, hemen, ziklo bat, sistema bat, egon badagoela euskaraz bizitzea ezintzen diguna. Ziklo hori apurtu artean, sistema hori irauli artean, euskaldunok mamuten bide bera jarraitzeko arriskuan gaude.
08.04.14 @ 15:10
Erantzuna from: sinmas [Bisitaria]
egunkari nazionalari buruz egiten den erreferentzia erabat lekuz kanpokoa iruditzen zaidak. Adibide zehatz horri buruz eztabaidatu beharko genuke, ea hori zeren erakusle den; baina erabat aldrebesa iruditzen zaidana da halako arinkeriarekin, xinplekeriarekin balorazio horiek egitea. Are gehiago, kritikatzen den egunkari nazional horren altzoan eta languntzarekin sortu eta bizi diren tokiko egunkari baten orrialdeak erabiliz. Mixeria latza gurea hain ikuspegi motza baldin badugu.
08.04.17 @ 15:34
Erantzuna from: AF [Bisitaria]
Sinmas-ek arrazoi duela iruditzen zait. Egunkari batek une konkretu batean egin duen bekatuagatik (eta hauteskundeak oso une konkretua dira, gehienez ere urtean behin izaten ditugu bateko edo besteko hauteskundeak) ezin da halako ondorio larririk atera. Beste egunkari batzuek, Gipuzkoan eskela gehienak jartzen dituenak esaterako, egunero egiten dituzte horrelako bekatuak edo larriagoak. A! eta ditxosozko egunkari hori erosten dute euskal hiztun (eta abertzale) gehienek eta uste dut hori are larriagoa dela.
Zuhaitza batek ez diezagula basoa ikustea galerazi.
08.04.17 @ 22:38
Erantzuna from: eñaut [Bisitaria]
sinmas, artikulua irakurri al duzu osorik?? "Mixeria latza guure hain ikuspegi motza baldin badugu" idatzi duzu. horixe bera diot nik, zuk hain ikuspegi motza baldin baduzu.Hitzak manipulatzen ari zara, edo behintzat gauzak kontestutik ateratzen ari zara. Josebak ez al du errealitate baten berri eman? edo hortan ere ikuspegi motza du? Ez al zuen berak aipatzen duen euskarazko egunkari horrek Hegoaldean hauteskundeak izan zireneko hurrengo egunean alea atera? eta Frantziako hauteskundeen biharamunean ez zuen atera, ezta? Zuri gustatu ala ez, hori errealitate bat da. Uste dut, ez duela inolako intentzio txarrarekin egin. Bere igandeetako artikuluak irakurriko bazenitu, ez zenuke diozuna esango? Zergatik ez duzu idatzi beste artikuluak idatzi dituenean? " egunkari nazionalari buruz egiten den erreferentzia erabat lekuz kanpokoa iruditzen zaidak" esan duzu. Uste dut lekuz kanpo zu zaudela, errespetu guztiarekin, eta ez Joseba. . Astelehenetan ez argitaratzearena badakigu denok soberan zeren erakusle den: dirua. Beraz, eztabaida antzuekin ez goa inora
08.04.17 @ 22:45
Erantzuna from: SINMAS [Bisitaria]
Bo, bo, bo Eñaut... Ez jarri NERBIOOOSSOOO...
BAT.- Josebaren artikulua 3 aldiz irakurri nuen, ezin bainuen ulertu halako arinkeriaz idaztea. BI.-Josebak ez du errealitate baten berri ematen. Kasu hontan errealitatea egunkari horrek azken 5 urte hauetan egindako ibilbidea da, eta ez egun bateko anekdota batetik tesia egitea. Eta tesia ere eztabaidagarria. HIRU.- nik ez dut uste inor dagoenik LEKUZ KANPO, ezta zu ere, eta are gutxiago Joseba. Lekuz kanpo balorazio batzuk egon daitezke. LAU.- Berresten dut Josebak egiten duen aipamena arinkeri bat iruditzen zaidala. BOST.- Nik igandetan jai egiten dut eta kazetariek ere astelehenetan gutxienik pake pixkat eman dezatela. Zertaz ari ginen ordea?
08.04.18 @ 13:48
Erantzuna from: Joseba [Kidea] Eposta
Bai… bai… ba! Probatzen… probatzen…

Nork bere buruarekin hitz egitea ez, nork bere buruari erantzutea omen da erotasunaren seinale. Zoroonekoa ni.

Idazten ditudanak baino kontu larriagoak, asko. Gerrialdean dudan min hau, batez ere.

Artikulu hauen intentzioa, iradokitzaile izatea (sujerentia, aleiya). Hortaz, eskerrik asko erantzunengatik. Denak ados egotea ezinezkoa da; filosofoek inoiz Egia Absolutua aurkituko balute, akabo.

Artikulu honen intentzioa, vascongadetakook dugun edo izan dezakegun arrisku bat mahai gainean jartzea: zilborrismoa edo betigukeria. Hau da, gure zilborrari begira edo beti guka ibiltzearen arriskua bistaratzea.

Nire artikulua argitaratu zen egun berean, hauxe irakurri nuen Berrian, Juan Kruz Lakasta eta Zaldieroaren iganderoko Seriodemonio atalean, tutti-fruttian:

Gaurko gogoeta guztiak Nafarroarekin loturikoak dira, bai. Jabetu gara. Nahita egin dugu. Euskalautonomiaerkidegotar maiteok, zuek testu hau irakurrita sentitu zareten bezala sentitzen gara euskal herritar periferikook maiz irrati zein telebista albistegi eta egunkari ustez nazionalak entzunda, ikusita, irakurrita.
08.04.18 @ 14:09
Erantzuna from: AF [Bisitaria]
Gaitza uste baino larriagoa da, Joseba. Gure kasuan betigukeria hori ez da autonomiaerkidegotar betigukeria, gipuzkoar betigukeria baizik. Erantzun errazeko galdera: zein da euskaldun eta abertzaleen artean Gipuzkoan gehien saltzen den egunkaria?
08.04.20 @ 21:39

Erantzun


Your email address will not be revealed on this site.

Zure URL-a erakutsiko da.
(Line breaks become <br />)
(Name, email & website)
(Allow users to contact you through a message form (your email will not be revealed.)
This is a captcha-picture. It is used to prevent mass-access by robots.
Please enter the characters from the image above. (case insensitive)
Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

...esaldi originalaren tartea...

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software