| Oporrak » |
Herritik urrun harrapatu nau hilabete honetako zutabeak. Txistu eta dantza kontuek eguzki eta hondartza inguru hauetara ekarri naute, beste hamalau lagunekin batera.
Hortaz, gure kulturaren enbaxadore bilakatuta gabiltza egun hauetan. Emanaldietan, arroparik tipikoenak jantzita. Baina baita elkarrizketetan ere, ezarri ohi dizkiguten tasun eta keria guztiak geure eginda. Sagardotegietan zutik irudikatzen gaituzte hauek, hatzak ahalik eta gehien zabalduz airean marrazten dituzten txuletaz lepo. Baita kantuan eta dantzan ere, jakina.
Eta guk onartu. Euskal Herriko kultur ondarearen transmisioan azken kate-maila bagina bezala jokatzen dugu folklore kontuetan. Euskal Herriaz miresmenez hitz egiten dutenekin bereziki. Eta zer esanik ez diasporan. Azkenean, beste herrialde batera ospa egiten dugu, baina gureaz aritzen gara jo eta ke.
Oarsoaldeari buruz galdetu dit ondoko lagunak. Kolpetik, ikasturte honetan zehar idatzitakoak etorri zaizkit gogora.
Murixkaren berrogeita hamargarren urteurrenari buruz idatzi nuen irailean, baina badaki nahikoa gaiari buruz. Kexak agertzeko unea denik ere ez zait iruditzen, beraz, ez diot aipatuko euskaraz egiten uzten ez didan askotariko baten diskurtsoak eragindako erresumina.
Euskal Herriaz irudi idealegia du El Mundo egunkarian Behobia-Donostiari buruz idatzitakoak ulertarazteko. Eta G puntuei jarritako puntuak, berriz, erreferentzia urrunegiak egingo zaizkio. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta Gaintxurizketa bai, behintzat; Gabonak ez hainbeste.
Lesakako lagunak atxilotu eta torturatzeak sortutako mina birgogoratzeak zimiko egiten dit barrenean. Hobe beste baterako uztea. Inauteriak bai, haiek aipa ditzaket. Aurten hogei urte bete dituen Trapujaleren ibilbidea. Edo inauterien buelta horretan Mañontzi Bertso Eskolak antolatutako bertso hilabeteaz ari naiteke.
Baina bat-batean atzerriko kulturen asimilazioaren gaiarekin blogean sortutako eztabaida agertu zait begien aurrean. Parrandan Shakira entzuten dugula eta Topagunean gaztelaniaz aritzen garela, naturaltasun osoz. Eta iparraldea ahaztuegia dugula. Hobe kultur adierazpenen gaia gerorako uztea.
Sagardotegietako zikloez nahikoa arituak gara lehen ere. Mendekosteak atzean utziak ditugu jada, eta urrutiegi daude Santa Krutzak. Eta ez natzaio ba oporretako sindromeaz hasiko hondartzako toallaren gainean etzanda.
Azkenean, buelta erdia eman eta bizkarrean krema emateko eskatu diot.