| « Mamutak teilatupeetan | Polen » |
Gaurko egunarekin lau urtekoak datozkigu burura. Baina ez dut Olinpiar jokoez idatzi nahi. Ezta Tolosako hamalau orduko ibilaldiaz ere.
Negutik negura gainera etorri ohi zaigun garaiaz ari nahi dut. San Sebastian egunetik aurrera koadrilakoak, lanekoak, ikastolakoak, dantza tailerrekoak, parkeko gurasoak eta ez dakit zein taldekoak afariak antolatzera bultzatzen dituen garaiaz. Sagardotegi garaiaz. Gure denbora ikuskera dezente baldintzatu ohi digun fenomeno gastronomiko-sozialaz ari nahi dut.
Sagardotegira iritsitakoan, hitzordua jarritako tabernan lehenak ordubete eta azkenak bi minutu pasa ondoren, koadernoko orri zatitxo zimurtu eta zikinean gure izena ageri baldin bada, gaitzerdi.
Edalontziak hartutakoan, gero eta gehiago entzuten den galdera: “zer jango duzue, betikoa? Tortila, bakailaoa… eta intxaurrak?”. Beste ezer baldin badago, hortik hastea hobe, sagardotegietan ematen digutena jatera ohituta baikaude, ez nahi duguna eskatzera.
Lehen txotx saioak egindakoan, komentario garaia. Kupel honetakoa egin gabea dago, bestea mikatzegia zegoen, aurtengo negu epelak inoizko sagardorik onena egiteko aukera eman du, niri txokoan dagoen kupel hartakoa gustatu zait eta niri inoxidablekoa.
Pena kanpora atera behar izatea trago bakar baten bila. Irtenbidea, erraza: txango bakoitzean hiruzpalau basokada hustu. Eta bosgarren bat bete, biderako.
Afaldutakoan, txotxak ezberdinak izaten dira, berdintsu baitzaigu kupel batetik edo bestetik edatea. Eta horrela gabiltzanean (Elorrioko kalean), inor ez dago isil-isilik (kaia barrenean) eta guztiok gara oso lagun, oso adiskide (bat bazen).
Gure bizitza txotxetik kantu herrikoira eta kantutik txotxerako tarteak gidatzen du, erritmo atsegin, jator eta euskaldunez.
Sagardotegitik ateratakoan, txupitotik garagardorakoa da ziklo nagusia. Aurrekoa bezain atsegina, nahiz ez hain lasaia. Barranquillan horrela dantzatzen dela aditzen dugu tabernako bozgorailuetan, eta nahierara interpretatzen ditugu Kolonbiarren koreografiak. Shakiraren herrian edozein dantza eta balantza onartuko dutelakoan.
Etxerakoan, taxitik taxirako tarte amaiezinek markatzen dute tempoa. Hiru minuturo 400 500 telefonora deituz, inguruan taxi bat edo bi baino ez dabiltzala berresteko.
Biharamuneko zikloa zorabiotik hasperenera, ohetik sofara eta kafetik freskagarrira garamatzana izan ohi da. Eta igande arratsaldeko erritmo lausoan, hurrengo sagardotegiari neurria hobeto hartuko diogula zin egiten diogu geure buruari. Beste behin ere.
[Oarsoaldeko HITZA 2008-03-09]