09.06.06

03:48:28 , Mekaguen , 535 hitz, 238 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Barkatu atzerapena...

Berandu samar nabil, hauteskundeak datorren igandean baitira; baina hobe berandu inoiz ez baino.
Politikak erakartzen nauela aitortu behar dut. Jendeak askotan “paso” egiten duela esaten du, eta egia da, “pasota” ugari dago; nik ezin ordea. Nahiz politikaz “paso” egin, politikak ez du gutaz “paso” egiten. Gure egunerokotasuneko hamaika gauzek politikak zuzenean edo zeharki sortuak edo eraginak dira. Hortaz, kontutan hartzekoa da hein handi batetan.
Sistema demokratiko batetan bizi gara, formalki behintzat hala da. Horren baitan, alderdi politikoak, hiritarrak politikan parte hartzeko bitarteko nagusiak dira. Horregatik, alderdi politikoak oso garrantzitsuak dira sistemak funtzionatu eta iraun dezan. Demokrazia berrietan, alderdi politiko asko daude, denborarekin, ekonomian gertatzen den moduan, kontzentraziorako joera bat ematen delarik. Adibide gisa, urte askotan zehar, Italian, 3, 4 edota 5 alderdi batu behar izaten ziren gobernua osatu ahal izateko. Horrek alde onak baditu, alderdien arteko kontrola baitago, nahiz eta sistemak egonkortasun eskasa izan. Denborarekin aldiz, bi korronte nagusien inguruan biltzen dira alderdiak, historikoki demokrazia-kristaua esaten zaiona (zentro-eskuina) eta sozialdemokrazia (zentro-ezkerra). Bi tendentzia horiek dira gaur egun nagusi direnak, eta horiek gabe ezin da gaur eguneko egoera ekonomiko/soziopolitiko orokorra ulertu.
Demokrazia liberalak, alderdiak enpresak bilakatu ditu; alderdi nagusiek botere gehiegi lortu dute, hiritarrek emandakoa baino handiagoa dudarik gabe. Alderdi-enpresa bilakaera horretako adibide garbi bat: Patxi Lopez jauna. Oinarrizko ikasketak, alderdi barruan kargu batetik bestera ibili, eta aurretik inolako aginte-esperientziarik izan gabe, gaur egun, beraien kasa moldatutako bozketa baten ondoren, EAEko Gobernuko Lehendakaria.
Alderdi handi horiek (gure kasuan, hego Euskal Herrian PSOE eta PP) sistema politikoa haien interesetara bideratu dute; haiek erabakitzen dute nork eta zein baldintzatan jokatu dezakeen partida (esaterako alderdien legea); haiek erabakitzen dute zer den hiritarroi komeni zaiguna (azpiegiturak, lan baldintzak…), eta protesta egitekotan, errepresioa diskrezionalki erabiltzen dute. Haien nagusitasuna behin betirako izan dadin oso garrantzitsuak diren elementuak ere menperatzen dituzte (epaileen izendapenak, komunikabideen kontrola…).
Guzti honetarako, diru faltarik ez dute, noski; enpresa ezberdinek lanen adjudikazioa dela eta emandako eskupekoak (zertarako ba hainbeste autobide, TAV edota superportua?), hori enpresaria alderdikoa zuzenean ez denean; ogasunetik zuzenean hartuta (Irungo kasua, Balentziaga, Chavesen alaba…) edo zeharka (Espainiako Kultura Ministerioak 2009rako “alderdiekiko lotura organikoa duten fundazioentzako” diru laguntzak publikatu berri ditu, non PPen FAESek 2.684.585€ jasoko dituen, PSOEri lotutako IDEAS fundazioak 2.507.223€, PSCren “Rafael Campalans” fundazioak 441.408€, Izquierda Unidaren “Europa de los Ciudadanos”ek 205.444€, CDCren “Trias Fargas”ek 152.690€, EAJren Sabino Arana fundazioak 79.961€, UPDren “Progreso y Democracia”k 79.948€, “Irla i Bosch” ERCri lotutako fundazioak 77.874€, BNGren “Galiza Sempre”k 55.516€, UDCren “Miquel Coll i Alentorn” fundazioak 50.896€ eta Iniciativa per Catalunya alderdiaren “Nous Horizons” fundazioak 47.888€ kobratuko ditu). Hala ere, igandeko hauteskundeei lotuta, ezkutuan igaro den berri bat kaleratu zuen El Mundo egunkariak duela hiru aste. Horren baitan, Europako hauteskundeetan lortutako eserleku bakoitzeko, alderdiek 32.202,22€ kobratuko lituzkete, Estatuak ordainduta, jakina. Hortaz gain, boto bakoitzeko, alderdi bakoitzak 1,07€ jasoko ditu. Gainera, botuen %15a baino gehiago lortzen duten alderdiek 0,15€tako laguntza jasoko dute propagandarako elektore bakoitzeko, nahiz bozkatu, nahiz ez bozkatu. Guzti hau legala da, noski, ez da izango ba! Legea haiek egiten dute eta.
Alderdien finantzaketaren gibelean zikinkeri andana dagoela nahiko argi dago; egoera hau toleraezina da. Alderdiak bere militanteen kuoten bidez finantziatu daitezela, edo Errenta Aitorpenean elizarekin gertatzen den bezala alderdiak “mantentzeko” aukera eman dezatela.
Baten batek presoen senideen bisitak “hiritar guztion diruarekin” ordaintzea gogaikarria zela esaten zuen. Zer esan dezakegu alderdien handikeri guzti honen ostean? Nire diruarekin ez.

08.11.04

21:39:17 , Mekaguen , 155 hitz, 363 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Erreginarekin bueltaka

Azken egunetan Espainiako Erregina den Sofia hizpide omen da zenbait komunikabidetan. Pilar Urbano kazetariari elkarrizketa zabal bat eskaini zion, honek ondoren, lortutako materialarekin, liburu bat idatzi zezan. Liburu horrek polemika sortu du espainiar Estatuan, Sofiak abortoaz, homosexualitateaz etabarrez hitz egiten duelako; eta gai hauei buruz duen ikuspegia, ze kasualitatea, Opus Dei eta eskuinerik eskuindarrena dutena da.
Hala ere, emakume honek esaten duena, hala bada behintzat, ez da testutxo honen helburua. Gaur bertan, bazkalostean, polemika honi buruz aritu gara. Niri deigarri suertatzen zaidana zera da, Pilar Urbano hiritarrak, Sofia erreginarekin hitz egiteko aukera izatea, hitz egindakoaz liburu bat idaztea, eta Planeta bezalako argitaletxe batek liburu hori publikatzea. Zergatik Pilar Urbano? Zergatik Planeta? Nik eskatuz gero, erreginari elkarrizketa egiteko aukera izango al nuke? eta gero, hitz egindakoarekin patrikak berotuko zizkidan liburua idatzi ahal izango nuke? Zergatik eta zeren truke kolaboratzen du Sofiak enpresa pribatu batekin, kasu honetan Planeta argitaletxearekin?
Hori da nire ustez kasu honetako benetako eskandalua.

08.05.21

23:52:12 , Mekaguen , 127 hitz, 387 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Aspaldiko partez...

Aupa;
Gaur izan dudan esperientzia kontatuko dizuet. Gure aita odol emaile izan zen 65 urte bete zituen arte, eta nik horregatik ere, beti miretsi izan dut. Askotan burutik pasa bazait ere, ez dut sekulan bere bidea jarraitu, orratzek sekulako errespetua ematen baitidate.
Duela hilabete pare bat, odol analisia egin behar izan nuen eztarriko ebakuntzagatik, eta ideia berriz itzuli zitzaidan burura. Horregatik, eta gaur Antxoko parrokian Odol Emaileen Elkartekoak zeudela aprobetxatuz, beldurra alde batetara utzi eta nire ekarpen xumea egitea erabaki dut. Kostata, baina azkenean litro erdia atera didate.
Azken egunetan, Odol Bankuan odol gutxi dagoela jakinarazi, eta herritarrek odola emateko deialdiari erantzun ona eman diote. Dena dela, inoiz ez da nahikoa izaten. Horregatik, bihar gutako edozeinek odol horren beharra izan dezakeela kontutan izanda, odol emaile egiteko animatzen zaituztet.

08.04.02

13:44:00 , Mekaguen , 130 hitz, 289 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Isil isilik nago...

…baina ez kaia barrenean, ez horixe. Izan ere eztarrian eginiko ebakuntza baten ondorioz “isiltasun botoa” bete behar dut derrigor, egun batzuetan behintzat.
Prentsan irakurri ahal izan dudanez, igaro berri zaigun hilabetea, azken 80 urtetako martxorik euritsuena izan omen da. Telebistan urtegiak urez lepo ikustea oso ikusgarria suertatzen zen. Hala ere, ez dut uste Itoiz aldean pozik biziko diren, lehen aldiz, urtegia bete egin baitzaie, lurrikarek, nola ez, beren horretan jarraitzen duten bitartean.
Duela hilabete pare bat edo, urtegiaren istripu baten simulazioa egin zen inguru hartan: Argi geratu zen, pareta haustekotan, bertako herrietatik hanka egiteko aukerarik ez dagoela; gainera, sirena-hotsak ia ez dira entzuten…
Nik ezingo nuke bertan bizi, goizez eta gauez akojonatuta… Gainera, banatutako zirkularrean esaten zuten moduan, “arropatan izena josita eraman, hilotzen identifikazioa errazteko".
Harek esango luken moduan, “lagarto, lagarto".

08.03.30

01:24:33 , Mekaguen , 67 hitz, 117 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Agur t´erdi

Aupa;

Lehenik eta behin “Oarsoaldeko Hitza"ko lagunei eskerrak eman nahi dizkiet nire eskuetan arma izugarri hau jartzea ausartu direlako. Saiatuko naiz eskainitako konfidantzari erantzun egokia ematen.

Bigarrenik, pantailaren beste aldean dagoen orori (bai, orori) nire burutazio eta hitzak irakurtzeko azaldu duzuen interesagatik ere, nola ez, nire eskerrik beroenak.

Eta bide batez, ospe minutu honetan, zibermunduak eman didan aukera hau aprobetxatuz, etxekoak agurtu nahiko nituzke.

On egin!

Uztaila 2009
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Juanra Canoren bloga da hau.

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software