| « Erreginarekin bueltaka | Isil isilik nago... » |
Aupa;
Gaur izan dudan esperientzia kontatuko dizuet. Gure aita odol emaile izan zen 65 urte bete zituen arte, eta nik horregatik ere, beti miretsi izan dut. Askotan burutik pasa bazait ere, ez dut sekulan bere bidea jarraitu, orratzek sekulako errespetua ematen baitidate.
Duela hilabete pare bat, odol analisia egin behar izan nuen eztarriko ebakuntzagatik, eta ideia berriz itzuli zitzaidan burura. Horregatik, eta gaur Antxoko parrokian Odol Emaileen Elkartekoak zeudela aprobetxatuz, beldurra alde batetara utzi eta nire ekarpen xumea egitea erabaki dut. Kostata, baina azkenean litro erdia atera didate.
Azken egunetan, Odol Bankuan odol gutxi dagoela jakinarazi, eta herritarrek odola emateko deialdiari erantzun ona eman diote. Dena dela, inoiz ez da nahikoa izaten. Horregatik, bihar gutako edozeinek odol horren beharra izan dezakeela kontutan izanda, odol emaile egiteko animatzen zaituztet.