1 2 >>

08.04.29

11:58:00 , Kalima , 317 hitz, 77 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

UDABERRIA

UDABERRIA

Txikitako oroitzapenak datozkit gogora maiatza hurbiltzen denean. Garai bateko eskola hartan pasatako une gozoak eta ez hain gozoak, azaleratu egiten zaizkit: irakasleak, lagunak, ikasgela eta egiten genituen jarduerak.
Garai hartan, maiatza niretzat hilabete berezia zen, alde batetik eguneroko errutina puskatzen genuelako Maria Ama Birjinari egiten genion loreen eskaintza zela-eta, baina baita ere udaberrian ginelako: eguraldi ona, egunak luzeagoak, eta uda gertu. Maiatza loreen hilabetea izanik, loreak eramaten genituen eskolara zenbait arratsaldetan: arrosak, kalak, margaritak… eta bertan zegoen Ama Birjinaren aurrean jarririk con flores a María abesten genuen.
Oroitzapen polita, benetan, maiatzeko loreen usaiak ekartzen didana eta eskolaren usaiekin nire oroimenean nahastu egiten dena.
Ama, arkatza galdu egin zait. -Aurreko astean erositakoa? Eta errieta egiten zidan beste arkatza bat erosi behar genuelako. Ikasgelako paisaia zurrun bezain adeitsua zen, iluna eta argitsua batera, non maistrek, gogorrarena egin nahian, batzuetan “zigorrak” jartzen zizkiguten, klasean gehiago ez genuela hitz egingo idatzaraziz. Gero, eskolatik ateratzen ginen, txori andana moduan, eguzkia lekuko genuela.
Udaberriarekin lotutako oroitzapenen artean, ezin ahaztu apirilaren 25ean ospatzen den San Marko eguna, opila eguna alegia. Ama besoetakoek egiten zuten oparien artean, gozoena, zalantzarik gabe: bizkotxoa eta arrautza egosiak. Apaingarri, lumak, txitak eta aterki txinatar moduko batzuk.
Arratsalde haietan, Elixondoeneko zelaira igotzen ginen gure opilarekin meriendatzera, eta belardi eder hartan gora eta behera ibiltzen ginen, eguzkia ezkutaketetara jolasten hasten zen arte.
Orduan, niretzat, itsasoa ez zen urdina edota berdea, kolore askotakoa baizik: urdina, berdea, gorria, beltza, zuria… Apirila zen. Antxua antxue!! Eta, etxera pozak txoratzen joaten ginen plastiko batean antxoak generamazkiela, Getaria, Orio edo auskalo nongo arrantzaleek oparituak.
Hauek bezalako oroitzapenekin gustura bizi naiz, baliagarria zaizkit, ez igarotako garaiak hauek baino hobeagoak zirela pentsatzeko, baizik eta bizimodu haren zertzelada haiek gure bizitzaren margoan duten garrantziaz jabetzeko.
Gaur, igandea, nire seme-alabek ikastolaren eguna ospatuko dute. Garaiak aldatu dira baina udaberria iristean, arratsaldeak luzatzen diren sasoi honetan, loreen usaia egun honetako usaiekin batera nahastuko da ikastolako haurren oroitzapenetan. Seguru nago.

08.03.31

17:32:45 , Kalima , 316 hitz, 144 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

PIÑA KURDIN

PIÑA KURDIN

Arratsaldeko zazpiak aldera, inoiz hutsik egin gabe, puntual iristen zen beti hitzordura. Inoiz hutsik egin gabe urteetan, arratsaldeko zazpiak aldera, zintzo-zintzo, hara joaten zen, bizipoza aurpegian islatzen zitzaiola.
Arratsalde on!, kazuela eskuan zuela, elkarteko eskailerak jaisten zituen bitartean. Bertan bere lagunak hantxe eserita, “azken mohikanoak”. Nor bere tokian, bere mahaian, urteetan tokiz aldatu gabe. Kazuela berotzen zen bitartean, lehenengo basoerdia. Hitz gutxi, beharrezkoak zirenak lagunartean gozo egoteko, laguna begirunez tratatzeko. Gero denak afaltzera, bakoitzak berea, bere mahaian, isiltasuna nagusi eta noizbehinka, isiltasun horren erdian, kontu txiki batzuk. Komunikatzeko era berezia: hitz gutxirekin asko adierazi, hizkuntza telegrafikoa erabili, momentura eta tokira egokitua. Afaldu ondoren, batzuek karta partida pare bat botatzen zuten, besteak, berriz, xakean aritu. Gero dena jaso, txukundu eta etxera abiatzen ziren, hurrengo egunean han berriro elkartuko zirela jakinik. Gabon, bihar arte! Eguneroko errituala urteetan.
Garai haien azken lekukoak desagertuz joan ziren pixkanaka-pixkanaka, bizitzaren legeak agintzen duen bezala, baina ez ordea biltzen ziren tokia, elkartea.
Piña Kurdin dugu toki hura, San Pedroko elkarterik zaharrena. Laster, datozen egunetan, konponketa ugari egin eta gero, berriro bere ateak irekiko ditu. Elkarte berria izango da, modernoa, gaurkotua, baina bere nortasuna gordeko duena, lekuko haien bizikizunek oraindik ere paretetan inprimatuak jarraitzen dutelako, errespetua eta lagunartean igarotako uneen gozotasuna bertan arnasten delarik.
Aurki hasiko dugun ibilbide honetan, lehen bezala, lagunak bilduko gara, gizon zein emakume, eta elkartzen gaituen sentimendua bera izango da: txoko hori mantentzea, gure herriaren identitatearen adierazle hori desagertzen ez uztea.
Zaharberriturik dator Piña Kurdin Elkartea, zaharra eta berria sentimendu batez uztarturik.
Aurreko igandeko aberriaren egunean haiek izan nituen gogoan. Aberria ere sentimendu bat delako.
Ildo honetatik esan daiteke eremu horretan ere mugitzen garela aberriaz hitz egiten dugunean, aberria baita bihotzean daramagun sentimendu bat. Baina sentimenduak gauzatu egiten ditugu, kanporatzen ditugu, aberri txikiak egiten, gure herrietan, gure etxeetan, gure ingurune hurbilean.
Aberri Eguna igaro berria dugu eta aberriarenganako sentimenduak azken lekuko haiek ekarri dizkit gogora.

08.02.25

09:18:29 , Kalima , 343 hitz, 197 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Azeria oilategian

Orain dela hamar urte besterik ez, etxean ordenagailu bat izatea ez zegoen erabat orokortua, hau da, ordurako jende dezentek bazuen ere, beste mordoxka batek ezetz esaten zuen lasai asko, konplexurik gabe. Gaur egun aldiz, oso gutxi dira ordenagailua etxean ez daukatenak, beharrezkoa dela argudiatuz edo ikasketetarako ezinbestekoa, eta, ondorioz, edozein haurrek logelan artzatxoa eduki beharrean, ordenagailua du bere ametsen lagun. Ondo gelditzen da, dekoratzen du eta gainera prestigio pittin bat ere ematen du. Egia esan, gure seme-alabak ordenagailu baten aurrean ikusteak poza ematen digu, etorkizunean probetxuzko gizon edo emakume izango diren seinale.
Informatika aurrerapen teknologiko itzela dela inork ez du zalantzan jartzen. Lana erraztu digun neurrian bizitza ere erraztu digu dudarik gabe.
Baina ez gaitezen engaina, ordenagailuak telebistak duen arrisku berbera du: denbora galtze izugarria askotan, egokiak ez diren irudiak ikusi, desorekatuak diren informazioetara hurbildu… Baten batek esango dit erabiltzean datzala gakoa, jakin egin behar dela nola erabili. Halaxe da, jakin egin behar da noiz, zertarako eta zergatik dauden gure seme-alabak ordenagailuaren aurrean. Eta hemen dator galdera, ba al daukagu honen berri? Galdera hauei erantzuna ematen saiatuko bagina, konturatuko ginateke askotan ez dakigula zehazki zenbat denbora ematen duten ordenagailuan, ezta zertan eta are gutxiago norekin ari diren hizketan.
Antza denez, ez zaigu kezkagarri iruditzen, ez dugu arazoa inondik ere ikusten, baina epe laburrera kontrolik gabeko jarrera horrek arazoak ekar ditzake: isolamendua, inkomunikazioa eta denbora librearen erabilera desegokia . Internet bihurtzen ari da beraien bizitzen erdigunea.
Orain gutxi, erosketak egiten ari nintzela, bi haur etorri ziren eta nire ondoan jarriz, batak besteari galdetu zion: “Zuk ordenagailua duzu etxean? Bai. Eta Internet? Hori ez. Ez? Zer zarete pobreak? Eta besteak pentsakor erantzun zion: ez dakit.”
Pentsakor gelditu zen bakarra ez zen bera izan eta gainera nik, berak bezala, ez dakit pobreak ala aberatsak garen.
Izan ere, beti berdin gertatzen zaigu, teknologiak harrapatzen gaitu etxeko lanak egin gabe eta korronteak eramanda erosi egiten ditugu gauzak, nola erabiltzen diren eta zertarako oso ondo jakin gabe.
Irtenbide bakarra egoeraz jabetzea da hausnarketa sakon bat eginez. Beraz, agian gauzak birplanteatzeko garaia iritsi zaigu, azeria oilategitik ateratzeko garaia, hain zuzen ere.

08.01.29

11:51:37 , Kalima , 317 hitz, 103 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

Aldaparik latzena

ALDAPARIK LATZENA

Urtarrileko aldapan gora omen goaz Gabonetako gehiegikeriak direla eta. Orain diruarekin malabarrak egin beharrean gaude hilabetearen bukaerara iristeko. Halaxe da, pasatu gara denarekin eta “gehiegi” aditzondoari askatasuna eman diogu nahi izan duena egiteko. Orain erabat damututa ez egon arren, hurrengo urtean hau ez dela gertatuko zin egiten diogu geure buruari, aldapa hori igotzen lagunduko digun mirariaren zain gauden bitartean.
Honetatik irakasgai bat atera daiteke, gure ekintza guztiek ondorioak dituztela alegia, egiten duguna ez dela inoiz musu-truk eta gaizki egina ordaindu egiten dela ondo egina saritzen den bezalaxe. Hau ezin da erabat orokortu baina gehienetan halaxe gertatzen da. Kausa-efektu dikotomia hori bete egiten da eta bizitzaren edozein arlotan aplika daiteke.
Beste batzuetan, ordea, zorigaitzak etortzen zaizkigu zergatia inondik ere aurkitzen ez dugula eta orduan esaten dugu: zergatik gertatu zait hau niri? Ez dago erantzunik, ez dago zergatikorik ere. Ondorioz, egoera honek frustraziora eramaten gaitu eta ezintasuna sortarazten du gugan. Hau eremu pertsonaletik gizarte eremuetara eramango bagenu, egoera horretan dauden kolektiboak aurki genitzake, zeinetan utzikeria eta ahaztea oso nabarmenak diren.
Neketsua eta frustragarria benetan aldapan gora etengabe ibiltzea, urteak aurrera doazela irtenbiderik ikusi gabe. Hala sentitzen gara Pasaian bizi garenok, nekatuak eta zapuztuak ere. Urteak daramazkigu “urtarrileko aldapa” gogor hori igotzen oraindik jakin gabe zer-nolako gehiegikeria egin dugun gauden egoeran egoteko. Ez dakigu zer ordaintzen ari garen, noiz pasatu ginen eta okerragoa dena, denboraren poderioz ez dugu mirariez sinisten.
Politikoki egoki denaren munduan mugitzen diren horiek buruarekin baietz esaten digute arrazoia emanez baina, egia esan, arrazoi izate hori ez da ezertan gauzatzen.
Pasaiarentzat hitzak dira nagusi. Promesak zein borondate onezko asmoak paperontzian geratzen dira eta garai batean zenbait gauzetan sinisten bagenuen ere, gaur egun etsipena jabetu da gutaz. Formula magikorik ez dagoela badakigu baina ilusionatuko gaituen proiektu baten zain gaude, gizarteak bere egingo duen proiektu baten zain, zoritxarreko aldapa gaizto hau behin betiko atzean uzteko.
Helburuak eta baliabideak behar beharrezkoak ditugu aurrera ateratzeko. Guk ilusioa jarriko dugu.

08.01.09

18:48:48 , Kalima , 328 hitz, 151 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

URTE BERRIA

URTE BERRIA

Denboraren joana betidanik kezkabide izan da gizonarentzat, ezinbestekoa den fenomeno honen garrantziak eta ondorioak gizakiaren bizimodua eta pentsamendua baldintzatu baitituzte beti. Tematu gara neurtzen menperaezina den denbora hori, gizartearen antolamendurako beharrezkoa zela argudiatuz, ondo jakin arren denborarekin egiten ari garen pultsuan ematen digun aukera bakarra neurtzea dela.
Bere makinaria zaharrarekin, matxurarik gabeko ditxosozko makinaria geldiezinarekin alegia, aurrera darrai gizonaren gainetik, edozein errealitatearen gainetik, bere boterearen erakustaldiak noiznahi egiten dizkigularik.
Bizitzaren bidaian aukeratu ez dugun laguna dugu denbora, eta guri ilea urdintzen zaigun bitartean berarengandik urteak ez direla pasatzen ematen du.
Beste aldetik, “ez dut denborarik” esaten dugu behin eta berriro, eta egia da, ez dugu denborarik, denborak gu gaitu, harrapatuta, ondo harrapatuta ere, ia konturatu gabe asteak, hilabeteak eta urteak atzean uzten ditugula.
Baina egia esan behar bada, gure lagun honek hainbat gauza ere erakusten digu eta jakinduria horren bitartez guk baliabideak sortzen ditugu eguneroko arazoei hobeto aurre egiteko. Honi esperientzia deitzen zaio eta gradu bat balio omen du bizitzaren unibertsitatean. Halaxe da bai, esperientziaren bidez bakoitzak bere burua ezagutzeko parada izaten du eta ezagutza horretatik abiatuta besteak hobeto ezagutzeko aukera ere bai. Bizitzaren gorabeherak erlatibizatzeko ahalmena ere ematen digu eta, lehen, irtenbiderik gabeko arazotzat genuen hura orain ez zaigu hain larria iruditzen. Hots, bizitzan koloreak jartzen erakusten digu, hau zintzoen eta gaiztoen arteko pelikula bat ez dela ikustarazten.
Urte honenak egin du eta zaharraren zaharrez ahitzen ari da. Aitzitik, aurrera begiratzen badugu, orain garai berriak datozela sumatzen da. Egunak luzatzen ari dira, urte berria dator, dirdiratsu, estreinatzeko prest, eta hotza eta iluntasuna alde batera utzita atea irekiko diogu, pozez, ilusioz, neguko eguzkitan gure asmoak zabaltzeko gogoz. Urte jaio berriaren usain gozoa aditzen hasi gara bere harrerarako prestatzen garen bitartean. Eta bere lehenengo garrasia gure txanpan botilaren kortxoak egiten duen zaratarekin bat egingo da. Orain daukan inozentzia aprobetxatuz gatz pixka bat bota diezaiogun geure bizitzari, ametsak edo nahiak bete daitezen. Hau da hain zuzen ere urte berrirako opa dizuedana: amets duzun hori betetzea. Urte berri on!

1 2 >>

Maiatza 2008
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Pasaiako plazatik, mundura. Kalima.

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software