1 2 3 4 5 >>

09.06.22

09:45:15 , Kalima , 315 hitz, 89 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

GOGORATZEN AL ZARA?

GOGORATZEN AL ZARA?

Aurten ere, San Pedroko jaietan, Iñude eta Artzainen konpartsa aterako da ekainaren 28an. Festa hau aspaldikoa da gure herrian, argazki zaharretan ikus daitekeen bezala, tradizio handikoa, oraindik mantentzen dena eta urtetik urtera indartuz doana. Garai bateko gizartea antzeztu egiten da: alkatea, apezpikua, herriko apaiza, sendagilea, idazkaria eta burgesak. Herri xehea ere hantxe dago artzainek eta iñudeek ordezkatua. Alaitasuna eta kolorea nagusi, herriko kaleak korrituko dituzte eta gero frontoian parodia egingo da. Partaideak, bertakoak, ilusio handiz ateratzen direnak. Badira hogei urte jarraian daramatzatenak kale egin gabe, beste batzuk, ordea, berriak dira baina ilusio berdinarekin parte hartzen dute.
Duela urte batzuetatik hona, egun seinalatua dute hori berrogeita hamar urte betetzen dituztenek. Konpartsan atera eta gero elkarrekin bazkaltzen dute. Ospakizun hau aitzakia ederra izaten da haurtzaroko lagunekin biltzeko eta egun ezin hobea pasatzeko. Asko, urtetan ikusi gabeak, urruti bizi direlako edo bizitzaren kapritxoengatik inoiz herrira itzuli ez direlako.
Haurtzaroko egun haiek, txorizo panplona bokadiloa hartuta arratsalde guztian kalean jolasean ibiltzen ginenak, sokasaltoan (Avila, Segovia…), tres marinos en la mar, txorro-morro-piko-taio-ke… Goizean, eskolara. Andereño Anuncia, Carmen Antia, Carmen Olaziregi eta Conchita López, gure irakasleak. Beraiekin bizi izan genituen gure haurtzaroko une asko, gehienak oso onak, gutxi batzuk, erdipurdikoak. Esne botilatxo txiki haiek, hausterre-eguna, eskolako txangoak Nafarroako Xabier ikustera. Aurpegiak eta usainak, igandeko arropa, txarolezko zapatak, mantila zuria buruan meza nagusitara. Lagunak.
Gogoratzen al zara? Igandeetan, Don Antonioren zinera. Bakeradak, amodiozko filmak, hori bai, muxuak kenduta. Moztu egiten zituen, badaezpada ere. Ausartenek zapatekin lurrean jotzen zuten protesta moduan, Don Antonio kaskarreko pare batzuk banatu arte. Atsedenaldian Mariñelarenera edo Anitarenera joaten ginen negritoak erostera, eta berriro korrika zinera.
Honekin guztiarekin hazi gara gure herrian, zoriontsuak, libre.
Lagunak bilduko gara, berrogeita hamar urte bete ditugunak, orain dela berrogei urte bukatu gabe utzi genuen elkarrizketa bukatzeko.
Aurten, panpina gora botatzean, txikitako bizipenek konfeti moduan hegan egingo dute nire gainean, festa giroan, Iñude eta Artzainetan.

09.05.24

19:32:58 , Kalima , 341 hitz, 299 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

NOR DA?

NOR DA?

Edozein egunetan, edozein ordutan, dei bat izan dezakezu, edo bi, edo hiru. Normalean bazkaldu eta gero izaten dira, etxean gaudela sumatzen dutenean, siestan goxo-goxo, sofan deskantsatzen. Orduan, momenturik hoberenean, soinu desatsegin batek esnatzen zaitu, zure espazioa inbaditzen, zure isiltasuna puskatzen, zure atsedenaldia hondatzen. Ez dut kasurik egin nahi, ez dut altxatu nahi. Baino esnatu egin naute, nire etxean sartu dira baimenik gabe, errespeturik gabe.
Bestetan, beraien lana beteko dutela ziurtatzeko, gauean izaten dira deiak. Nekatuta gaudenean, gelditzen zaigun energia apur hori gure gertukoekin gastatu nahi dugunean: lasai egon, afaria egin, etxeko lanak edota teleberria ikusi. Lasaitasunez, egunean zehar izan ditugun gorabeherak gure etxekoei kontatuz. Elkarrekin afaldu, hitz egin, komentatu. Orduan, eseri zaren unean hain justu ere, gure sukaldean abisua ematen dien ikusiezinezko begi bat egongo balitz bezala, telefonoak jotzen du. Beraiek dira. Beraiek, azken hilabete hauetan gure izen deiturez jabetu diren horiek. Ez dut hartu nahi. Ez dut beraiekin hitz egin nahi. Etxekoekin afaldu nahi dut, hainbeste eskatzea da?. Baina tematiak dira, ez dute amore ematen. Azkenean altxatzen naiz, umore txarrez. Bai? Isiltasuna. Bai? Orduan ezagutzen ez duzun batek esaten dizu ezezaguna zaizun enpresa betek eskaintza berezia daukala zuretzat, eta haren abantailak azalduko dizkizula. Barkatu ez zait interesatzen. Bai, baina hori da eskaintza berezi hori ezagutzen ez dudalako. Ez zait interesatzen. Minutu pare batean azalduko dizkit eskaintzaren ezaugarriak eta ziur dago orduan iritziz aldatuko naizela. Nahikoa da, ez zait interesatzen eta kito. Eskegi diot telefonoa. Itzuli naiz sukaldera, haserre. Kontatu diet gertatutakoa eta hasi naiz afaltzen. Bukatu da inbasioa.
Bada ez, ez da inoiz bukatzen. Hurrengo egunean berriro deituko dizute, Estela edo Orlando batek. Mesedez ez berriro deitu. Halako deiak ez zaizkigu interesatzen. Ahots haserre batean. Telefonoa eskegi behin eta berriro.
Baina ez du konponbiderik. Ez dute oroimenik. Ahaztu egiten zaie zure haserrea, zure izena, zure dena. Berdin zaie. Ez gara inor, zenbaki bat baizik.
Estelak eta Orlandok ez dute errurik noski, baina bai enpresa horiek inongo lotsarik gabe gure bizitza pribatuari etekina atera nahi diotenak.
Eskerrik asko deitzeagatik, baina, mesedez, ezabatu ezazue nire telefono zenbakia zuen zerrendatik. Meseeeee.

09.04.27

10:41:20 , Kalima , 308 hitz, 347 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

GALDE-ERANTZUNAK

Norberaren baloreen arabera jokatzen dugu bizitzan eta gure jokabideek definitzen gaituzte. Balore horiek eraginda hartzen ditugun jokabide horiekin ados daudenak gure lagunak bihurtzen dira, nahi gabe, konturatu gabe. Denboraren poderioz eta elkarrekin bizi izandako esperientziak lagunduta, identifikazio bat ematen da. Halaxe da, mundua guk bezala interpretatzen dutelako, sentimenduak ere berdintsu bideratzen dituztelako eta giza-legea zer den aztertzerakoan, ondorio berberak ateratzen dituztelako. Oinarri-oinarrizkoa den honek elkartzen gaitu maitasuna dela medio, eta begirada batez elkar ulertze bat sortzen da, konplizitatea. Honela ezagutzen ditugu lagunak, gure ondoan beti dauden horiek, gure fobia eta filia guztiak konpartitzen dituztenak, ulertzen saiatzen direnak.
Egunak iluna margotzen duenean dei batez gure ondoan daude, hitz egiteko prest, baina batez ere aditzeko, gure argudioak, min ematen digun hori ez dadila gure barnean betirako gera. Bestalde, pozak ere konpartitzen ditugu parrandarako eta ospakizunerako beti prest ditugun horiekin. Orduan konturatzen gara gure pozak ere haiek poztu dituela eta gure penak tristetu.
Urteak aurrera joan ahala, egia esan, lagun kopurua gutxituz doa, baina ez ordea kalitatea. Orain jakin badakigu norekin joan gaitezkeen pote batzuk hartzera, parra batzuk botatzera edo afaltzera eta, era berean, dagoeneko nor den laguna eta nor harri- kartoizkoa.
Gizarte honetan erabiltzen diren baloreak gero eta suntsitzaileagoak direla uste dut. Pertsonaren aurka eraso egiten dute zuzen zuzenean. Kuantifikatu daitekeenak bakarrik balio duela ematen du. Agresibitatea, biolentzia, bere forma guztietan, itxura, politikoki zuzena dena, hitz batean, faltsukeria eta zurikeria nagusitu zaizkigu. Aldamenekoaren ezbeharrak betetzen gaitu, bere bizitzaz dena jakin nahi dugu, gure balorazioak egiteko, gure epaiketak. Telebista jarri besterik ez dugu.
Baina ez da hain urruti joan behar. Telebista itzal daiteke, honela horri guztiari bizkarra emanez. Gertuagoa daukagunarekin, ordea, bizi egin beharra dago. Gizarte despertsonalizatu honetan, masifikatu honetan, giza baloreek, eskoletako curriculum-ak betetzen dituzten horiek, maiz askotan kontzientzia lasaitzeko baino ez dute balio. Zenbat atera duzu fisikan, matematikan, teknologian… Zortzi bat, zazpi, bederatzi. Horra galdera, eta horra erantzuna.

09.04.24

19:42:28 , Kalima , 329 hitz, 178 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

ITSASOA BARATZE BAT DA

ITSASOA BARATZE BAT DA

Itsas zabalera atera izan naizen bakoitzean, zirrara sentitu dut eta beldur apur bat ere bai, itsasoa, bere handitasun horretan, ederra bezain boteretsua baita. Mugaezina dela iruditu izan zaigu beti, baleen eta izurdeen ingurune natural horretan langarik ez zegoela. Agortezina bere aberastasuna, pentsatzen genuen.
Itsasoak asko eman digu, beti fidela izan da gurekin.
Azken urte hauetan bezala, aurten ere Galiziatik eta Santanderretik hainbat itsasontzi etorri zaizkigu Pasaiara. San Pedroko aldean daude amarratuak, baxurako kaian hain zuzen. Ezagunak ditugu dagoeneko Manilo, Arela, O Poche, J.Teresa, Rio Novo… Nire etxetik ikusten ditut egunero eta beste garai bateko lekuko mutuak direla iruditzen zait. Gutxi gelditzen dira, gero eta gutxiago. Baina gustura eta pozik etortzen dira urtero arrantza egitera beti zer edo zer harrapatzeko esperantzaz. Aurten, adibidez, berdela ari dira harrapatzen, urritasunak gure sukaldeetara ekarri duen arraina.
Nola aldatu diren gauzak. Gutxietsia izan den arrainak orain protagonismo itzela hartu du gure artean. Arrain urdin honek badu bere eguna Mutrikun. Urtero berdelaren eguna ospatzen dute, jateko errezeta ezberdinak proposatuz, zein baino zein bitxiagoak. Sukaldaririk ospetsuenak berdelaren onurak aipatu dizkigute behin eta berriro, osasunarentzat oso ona dela azpimarratuz. Gaur egun berdela limoi saltsan edo ilar purearekin dastatu daiteke eta zer esanik ez betiko eran, parrilan erreta. Baina gauza harago joan da eta jatetxe dotore eta ospetsuenetan honelakoak irakur daitezke: berdel tartar-a, berdel xerrak ekialdeko erara. Badirudi sukaldaritzaren literaturak bere adierazpenik dotore eta finenak gordeak zituela berdelarentzat.
Nola aldatu diren gauzak. Duela hamar urte etxe aurretik dozenaka ontzi ikusten genituen, orain banaka batzuk baino ez.
Hauxe dugu arrantzaren oraina, etorkizunaz hitz egin ahal izateko itxaron beharko dugu pixka bat. Baina honez gero dakiguna zera da, itsasoak mugak dituela, bere aberastasunak topea baduela.
Itsasoa baratze bat da, esan zidan orain gutxi arrantzale jubilatu batek, Kantauri itsasoa bezalakorik ez dago. Aberastasuna adierazi nahi zuen, hainbeste urtetan zehar berak ikusi duena. Baina gure baratza hau ez dugu erein, zaindu, behar bezala eta bere fruitu gozoak bukatzen ari dira. Urritasunak ekarriko ahal du itsasoarekiko errespetuzko jarrera

09.02.23

09:38:39 , Kalima , 320 hitz, 414 aldiz ikusia  
Atalak: Atala editatu!

ITSASARGIAK

Itsas herri batean bizi garenok itsasoarekin berarekin zerikusirik duten zenbait elementu betidanik ditugu ezagunak. Betidaniko horrek dakarren ohitze horretatik begiratzen ditugu aipatutako elementu horiek, behar den bezala baloratu gabe alegia, gure begien aurrean egon arren.
Halaxe ikusten ditut nik Platako farola eta Senokozuluakoa. Bakoitzak dauka bere nortasuna, bere tokia eta ingurunea. Bere historia ere bai, bizipenak, ekaitzak, bakardadea. Lehena handia eta dotorea da, bigarrena, aldiz, txikia eta xumea, baina biek egiten dute lan berbera: zelatan egon, itsasoaren haserrea nolakoa den neurtu edota erakusten duen lasaitasunean, isilaren soinu gozoan kulunkatu. Itsasoari begira, itsasoaren begiak.
Itsasargia ez da bisitatzen, dio Interneten aurkitu dudan informazio orri batek. Sarrera debekatua irakur daiteke Platako farolako sarreran bertan dagoen kartel batean. Honexegatik agian, eta herritik kanpo daudelako, toki apartatuetan, misterioz inguratuak daude itsasargiak eta, beraiekin batera, farozainak.
Platako itsasargia guretzat erreferente berezia da. Txikitan, Ulia menditik ibiltzera joaten ginenean, bertatik pasatzerakoan, gure begiek gora egiten zuten instintiboki farola aldera, ea norbait ikusten genuen harrizko eskaileretatik gora, edota bere leihoren batean printzesa etsituren bat ikusten genuen. Baina geldotasuna zen nagusi, eta, gauean, gure irudimenera etortzen zen itsasargia berriro ere, burua manta azpian gordetzen genuen bitartean.
Senokozuluakoa, aldiz, gertuagoa genuen, bertan bizi zen familia herrikoa baitzen. Hangoak denok ezagutzen genituen eta horregatik, beharbada, handik igarotzean, inbidia pixka bat ematen ziguten han bizi zirenek, toki ederrean baitzegoen, eta etxe erabat berezia iruditzen baitzitzaigun.
Geroztik, askotan igaro izan gara bien ondotik. Behekoan, Senokozuluako horretan, aspalditik ez da inor bizi eta itxita dago. Platakoan, berriz, farozaina bizi da egun ere.
Han, bertako printzesa eta herensugeen ordez, orain, heldutasunean, edertasuna aurkitzen dugu, eta hurbiltzeko eta barrutik ezagutzeko nahia areagotzen zaigu bertatik igarotzen garen bakoitzean.
Sarrera debekatua dioen horrek jarraitzen du bertan.
Tristura ematen du bi altxor horiek, herrian bertan egonik, herritarrengandik hain urruti egoteak.
Biharko Pasaian, debekatua ez sartzea irakurriko nahiko nuke Platako kartelean, barrutik nolakoak diren farola horiek ikusteko, gure itsas patrimonioa hobeto ezagutzeko, kaiuen kantuen soinuaz gozatzen dugun bitartean.

1 2 3 4 5 >>

Uztaila 2009
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
 << <   > >>
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31    

Pasaiako plazatik, mundura. Kalima.

Bilaketa

Erabiltzaile herramintak

powered by b2evolution free blog software