CAVAILLÉ-COLL XUME BATEZ
Emozioak, jaiotzen garenetik, gure bizitzaren komunikazioaren prozesuan ezinbestekoak dira. Hunkitzen gaituenak balio paregabea hartzen du, gure barruan ditugun sentimenduak mugiarazten dizkigulako eta baita ametsen mundura eramaten ere. Zirrara ematen digun hura batzuetan gugandik gertu egon daiteke, baina bestetan oraindik ezagutzen ez dugun zerbait izan daiteke eragiten diguna.
Era berean, emozioak denborari dagokionez mugagaitzak direla esan daiteke, gugan kokatzen direlako denbora luzez edota laburrez, baina beti, hori bai, sentimendu hondar bat uzten digute, eta gero, hura gogora ekartzen dugun bakoitzean, berriro ere bizitzen dugu une hori.
Zorionez, oraindik gauza askorekin hunkitzen gara, nor bereekin. Batzuetan hitz bat izan daiteke, bestetan begirada bat; margo lan bat ikusteak edo musika doinu batek erna dezake ezagutzen ez genuen sentimendua eta baita bizi poza oparitu ere, gutxiena espero dugunean.
Emozioak horrela sortzen dira, ustekabean, bakoitzaren sentikortasunaren arabera eta askotan zergatik jakin gabe; barruan bertigo bat sentitzen dugu eta istant batez, ia ohartu gabe, ez gaude ginen lekuan, emozioen munduan baizik.
Inpresio hauxe bera sentitu nuen aurreko astean Azkue organo jolearen kontzertuan nengoela. Mago bat balitz bezala, obra bakoitzarekin eta bere musika egiteko era baliatuz, unibertso liluragarri batean murgildu gintuen.
Gure elizako Cavaillé-Coll organo zaharrari hitz eginarazi zion inoiz ez bezala, bere edertasun osoz azalduz. San Pedroko elizako organo jolea den Segundo Garinek lagunduta, Azkuek musikaren hizkuntzaren indarra noraino irits daitekeen erakutsi zigun.
Azkuek transmititu zuena ez da liburuetan aurkitzen, bere ekarpenaren ñabardurak ezin idatzi direlako, agian. Apaltasuna eta urtetako lanaren jakinduria islatzen zen bere nota bakoitzean, berak interpretatu zuen musika paregabean. Hau da, hain zuzen ere, artistari berezitasuna ematen diona, eta hau da agian artista izateak esan nahi duena: ikuslea edo entzulea hunkitzea, hots, ispiluaren beste aldean dagoenarengan zirrara sentiaraztea. Ez da lan erraza baina arteak hori lortu beharko luke: gure barruan garra piztea hain zuzen ere.
Ez ginen damutu, ez, aurreko asteko larunbatean San Pedroko Ondartxo abesbatzak antolatu zuen kontzertuan egon ginenak. Helburua bete zen, bai horixe.
Zorionak Ondartxo.