Eskolan nenbilela, Lehen Hezkuntzan, irakaslearen mahaiaren gainean haurtxo beltz baten buztinezko burua zegoen, goi aldean zirrikitu bat zeukana. Diru kutxa zen. Txinatarrentzat, esaten zigun irakasleak eta guk noizbehinka etxean ematen zizkiguten txanponak botatzen genituen zulo hartatik. Eskolako dekorazioan beste edozein osagaik egin zezakeen efektua egiten zuen. Ohituta ginen portzelanazko burutxo hura ikusten. Txinatarrentzat, baina haurra ez zen txinatarra beltza baizik.
Distantziak handiak ziren. Oso urruti zeuden gure beltz-txinatar haiek eta horregatik distantziak ematen duen lasaitasuna eta ezjakintasunarekin txanponak botatzen genituen jokoa balitz bezala. Urruti ginen bai, beste mundu batean, ozeano bateko distantziara, pobrezia-kilometro askotara, zenbait gerratara. Kulturen arteko lasterketa batez arituko bagina bezala, hirugarren munduaz hitz egiten genuen. Hirugarrenak eta azkenak. Saririk gabe geratu ziren haiek betirako galtzaile bihurtu ziren, dirudienez, munduen arteko lasterketa bakar eta garrantzitsu hartan.
Urtetan irakaslearen mahai gainean egondako beltz-txinatarraren buru hura hautsi egin zen noizbait, eta geroztik ez genuen berriro ere ikusi.
Handik urte batzuetara, bazkalondo batean nire etxean telediarioa ikusten ari zirela, hara non beltz-txinatar hura azaldu. Ez zen bat, asko baizik eta begiekin hitz egiten zuten, begiradarekin. Oso ondo ulertzen zitzaien hizkuntza hura: tristura, gosea, beldurra, etsipena. Portzelanazkoak ez zirela ohartu nintzen eta nik uste baino gertuago zeudela iruditu zitzaidan.
Hala zen benetan, hala da. Gaur egun gertuago daude. Beren herrietatik ihes egitea erabaki dute nonbait, guk bota genituen txanponak ez zirelako nahikoa izan. Lasterketa galdu zutenean kendu genien duintasunaren bila datoz. Berriro hasi nahi dute, bigarren aukera eskatzen ari dira. Gerturatu behar izan dute ea horrela pairatzen ari diren injustiziaz ohartzen garen.
Miseriaren ozeanoa zeharkatzeko prest, txalupetan sartzen dira, itsas zabalean barrena, irabazleen lehenengo mundura iristeko ametsarekin. Baina egun batean, hainbeste urtetako amets hori hautsi egiten da itsasoan, betirako, amets horren pusketak ezin jaso gelditzen direlarik itsas hondoan.
Eskola bat ireki dute itsas hondoan bertan bizi diren aingerutxo beltzentzat. Irakaslearen mahai gainean ez dago beltz-txinatarraren irudirik, bakarrik maitasuna eta errespetua. Itsasoak badu esperantzarik.