HEGAZTIAK BEZALA
Duela urte gutxi batzutatik hona, Pasaian fenomeno berri bat ikusteko parada izaten ari gara. Udaberri aldera agertzen dira lehenengoak, eta, uda guztian gure artean ibili eta gero, udazkenean desagertzen dira, hurrengo urtera arte. Maria Szymborska, John Shiedfild, Adam Rózewicz, O´Coneill, Adeline Obre, Théodore Sabadie…
Zenbait hegaztiren moduan, urteko sasoiaren arabera, agertu eta desagertu egiten dira. Hauek ez datoz eguzkiaren berotasunaren bila, bizitzaren zikloak jarraitzera, txorien moduan, baina haiek bezala, kasu askotan, urrundik ere badatoz, bidai luze eta neketsuak egin eta gero. Zerbaiten bila, hori bai, aparteko esperientzia baten bila, ilusioz beterik. Oinez iristen dira gure herrira: oinetako bereziak, makila eskuan eta eguraldiaren erasoak jasateko behar den zira eta txanoak. Motxila bizkarrean, poliki dabiltza, presarik gabe, edozein gorabehera aitzakia hartuta hizketan gelditzen direlarik. Honexegatik agian, bidaiari hauek ikusten ditudan bakoitzean denbora gelditu egin dela iruditzen zait.
Ezohikoak ditugu, anakronikoak neurri batean, ibiltari xumeak, fardela txikiarekin bidaiaz gozatzen dutenak. Gure ondotik pasatzen direnean uzten duten ubera horretan bizitzaren beste ikuspegi eta baloreak arnasten dira. Santiago-bidea egin nahi dute. Ibiltari, ez da biderik, bidea ibiliz egiten da. Erromesak dira.
Lepotik edo motxilatik zintzilik daramaten maskorrarengatik ezagutuko ditugu eta Pasaiatik ikusten ditugunean kostako aukera hartu dutela esan nahi du. Gehienak Frantzia eta Alemaniatik datoz, baina badira Herbehereetatik eta Poloniatik datozenak; Katalunia, Valentzia eta Gaztela-Leondik ere hurbiltzen diren erromesa ikus ditzakegu. Batzuetan galdezka aritzen dira, mapa eskuan daukatela, jakiteko zuzen ote doazen. Madame s’il vous plaît, pour aller au cimetière? Besteetan, bazkaltzera gelditzen dira herrian, atseden hartzera eta indar berritzera, ostera ere bideari ekiteko.
Hainbat hizkuntz ezezagun aditzen ari gara herrian azken bolada honetan, hainbat aurpegi berri ezagutu. Aberastasuna ematen digun turismo mota honek poztu egiten gaitu, aberastasun kulturala delako, Santiago-bidea gure herritik pasatzen denaren testigantza. Pozgarria da bisitari hauek gure kaleetatik ikustea, umiltasuna eta poza ikastea.
Orain, udazkenean, urrituz joango dira, berriro ere udaberri aldean ugari azaltzeko, eguraldi onarekin batera. Gu zain egongo gara gure herriari dagokion Santiago-bidearen zatitxo hori beraiekin batera egiteko. Ongi etorriak.