Askotan, zeru aldera begiratzen dudanean, gure bailararen zeruaren kolorea ezberdina dela iruditzen zait. Kutsadura, pentsatzen dut, eta baita asmatu ere, orain gutxi jakin genuenaren arabera, Gipuzkoako airerik kutsatuena baitaukagu. Baina iluntzen duenean gora begira jarraitzen dut eta, argi artifizial gehiegi, ondorioztatzen dut, izarrak ikusteko argi gehiegi. Halaxe da. Gaueko paisaia aldatzen ari zaigu eta poliki-poliki, gure begi bistatik izarrak eta planetak desagertzen ari dira, kaltetuenak nebulosak eta galaxiak direla. Ondorioz, izarrik distiratsuenak, planeta gutxi batzuk eta ilargia ikus ditzakegu soilik gure hiriko zeru gris-laranja honetan. Honek guztiak, giza ondorioak zein kulturalak ere baditu. Hirietatik edo hiriguneetatik zeru izarratua ikusteko ezintasunak unibertsoarekin izan beharko lukeen harreman naturala kendu egiten dio gizakiari, honek urritasun kulturala eta pertsonala ekar dezakeelarik.
Agian, beste zenbait tokitan bezala, Katalunian edo Kanarietan esate baterako, Zeruaren Lege bat eduki beharko genuke. Lege horren bitartez eskatzen dena zera da, gauean argi artifizialaren indarra behar den bezala erabiltzea, hau da, ondo bideratzea argia, zeru aldera proiektatu beharrean, lur alderantz jarriz. Hartara, energia asko aurreztuko genuke eta gainera zenbait animali eta landarerentzat mesedegarria izango. Guretzat, ortzia ikustea suposatuko luke, izarrengandik hurbilago bizitzeko, naturarengandik hurbilago alegia.
Bien bitartean, ortzia hortxe dugu, denontzat, gure begiradaren zain, beti bezain ikusgarri, magikoa. Beraz, maizago gora begiratu beharko genuke, gure ohiturak aldatuz, lurrera atxikituegi bizi baikara behera begira, unibertsoaren edertasunari aukera eman gabe.
Orain egun batzuk, Itsas Eskolako Planetariora haur talde bat etorri zen. Zortzi urtekoak. Zegoen isiltasunean adi-adi zeudela igartzen zen, arreta osoa jarriaz. Saioa bukatzean isiltasun hori puskatu eta denak altxatuta, galderak egiten eta hitz egiten hasi ziren, nik gauzak jasotzen nituen bitartean. Orduan, begi bizi-biziak zituen neskato bat hurbildu eta honela esan zidan: nire aita hil da, eta gora begira esan zuen, igual…
Unibertsoak betidanik galderak iradoki izan dizkigu, eta bere handitasun horretan aurkitzen den misterioak gure eguneroko bizitzaren zenbait egoera ulertezinei erantzutera bultzatzen gaitu. Hau baita gure zeruaren legea.