| « HEGAZTIAK BEZALA | AINGERUTXO BELTZAK » |
AINGURA BAT BIDEAN
Udazkenaren lehenengo argien koloreak agertu zaizkigu bat-batean. Oporrak atzean gelditu dira eta egunerokotasunera itzuli behar izan dugu, lanera. Orain txorien kanten ordez, iratzargailuaren zaratak esnatzen gaitu. Beraz, hemen gabiltza ezin irentsirik udazkenak inposatu digun diziplina eta ditxosozko ordutegia.
Uda joan zaigu zaratarik gabe, bizi izandako une atseginak eta eguzkiaren berotasunaren sentsazio paregabea utzi dizkigula oroitzapen gisa. Bizkarra emanez, hurrengoarte hotz batekin udazkenaren atean abandonatu gaitu, egunen argitasuna nola murrizten den baieztatzeko.
Normalean, eta gehienetan zorionez, oporretatik itzultzean ez da berririk egoten, ez eta aldaketarik ere. Dena utzi genuen bezalaxe aurkitzen dugu bueltan eta geldotasun batean bizi garelako sentsazioak inbaditzen gaitu. Itzuli gara.
Aurten, ordea, ez da hori gertatu. Gure harridurarako, berrikuntza bat aurkitu dugu gure herrian oporretatik itzultzean, eta gutxitan ez bezala, berrikuntza hori positiboa izan da, ona. Herriko sarreran, hau da, Trintxerpe eta San Pedro aldera jo baino lehenago aurkitzen da. Dotorea, bikaina, sekulakoa, aparta. Ancla izena du eskulturak. Bere hamabost metroko luzerarekin, zerurantz altxatzen da, eta gora begirarazten digu itsasora hurbiltzen gaituen bitartean. Itsasora begira dago, Pasaiako portutik pasa diren bapore guztien aingurak bakar batean bilduta baleude bezala. Bere handitasunak nortzuk izan ginen eta nortzuk garen gogorarazten digu: marinel eta arrantzale jendea, arraunlari eta batelari…
Gutxitan aurki daiteke ingurunean hain ondo integratua dagoen eskulturarik, erabateko armonian. Arte lanak tokiari dotoretasuna eman dio; tokiak eskulturari espazio eder eta egokia eskaini, bere edertasun osoan nabarmen dadin. Alde degradatu honetan, lehenengo aldiz erdoilaren kolorearen edertasunaz jabetu gara.
Eskertzekoa da benetan halako berritasunak aurkitzea herrian. Ez gaude ohituta. Aingurak gure tokian kokatu gaitu eta ikusten dugun bakoitzean jitoan ez gabiltzala adierazten digu.
Ricardo Ugarte eskulturgileak aingura bat jarri digu bidean oporretatik itzultzean. Bidea ederragoa da orain.