Eskolan nenbilela, Lehen Hezkuntzan, irakaslearen mahaiaren gainean haurtxo beltz baten buztinezko burua zegoen, goi aldean zirrikitu bat zeukana. Diru kutxa zen. Txinatarrentzat, esaten zigun irakasleak eta guk noizbehinka etxean ematen zizkiguten txanponak botatzen genituen zulo hartatik. Eskolako dekorazioan beste edozein osagaik egin zezakeen efektua egiten zuen. Ohituta ginen portzelanazko burutxo hura ikusten. Txinatarrentzat, baina haurra ez zen txinatarra beltza baizik.
Distantziak handiak ziren. Oso urruti zeuden gure beltz-txinatar haiek eta horregatik distantziak ematen duen lasaitasuna eta ezjakintasunarekin txanponak botatzen genituen jokoa balitz bezala. Urruti ginen bai, beste mundu batean, ozeano bateko distantziara, pobrezia-kilometro askotara, zenbait gerratara. Kulturen arteko lasterketa batez arituko bagina bezala, hirugarren munduaz hitz egiten genuen. Hirugarrenak eta azkenak. Saririk gabe geratu ziren haiek betirako galtzaile bihurtu ziren, dirudienez, munduen arteko lasterketa bakar eta garrantzitsu hartan.
Urtetan irakaslearen mahai gainean egondako beltz-txinatarraren buru hura hautsi egin zen noizbait, eta geroztik ez genuen berriro ere ikusi.
Handik urte batzuetara, bazkalondo batean nire etxean telediarioa ikusten ari zirela, hara non beltz-txinatar hura azaldu. Ez zen bat, asko baizik eta begiekin hitz egiten zuten, begiradarekin. Oso ondo ulertzen zitzaien hizkuntza hura: tristura, gosea, beldurra, etsipena. Portzelanazkoak ez zirela ohartu nintzen eta nik uste baino gertuago zeudela iruditu zitzaidan.
Hala zen benetan, hala da. Gaur egun gertuago daude. Beren herrietatik ihes egitea erabaki dute nonbait, guk bota genituen txanponak ez zirelako nahikoa izan. Lasterketa galdu zutenean kendu genien duintasunaren bila datoz. Berriro hasi nahi dute, bigarren aukera eskatzen ari dira. Gerturatu behar izan dute ea horrela pairatzen ari diren injustiziaz ohartzen garen.
Miseriaren ozeanoa zeharkatzeko prest, txalupetan sartzen dira, itsas zabalean barrena, irabazleen lehenengo mundura iristeko ametsarekin. Baina egun batean, hainbeste urtetako amets hori hautsi egiten da itsasoan, betirako, amets horren pusketak ezin jaso gelditzen direlarik itsas hondoan.
Eskola bat ireki dute itsas hondoan bertan bizi diren aingerutxo beltzentzat. Irakaslearen mahai gainean ez dago beltz-txinatarraren irudirik, bakarrik maitasuna eta errespetua. Itsasoak badu esperantzarik.
BIHAR
Ikasgelako leihotik zerua iluna ikusten zen, beltza. Hodeiak poliki mugitzen ziren, eskuinetik eskerrera, zama izugarria zeramatela. Euri zaparradak noiznahi. Eguraldi berdea benetan. Barruan isiltasuna eta tentsioa, denak burua makurtuta idatzi eta idatzi. Azterketa garaia zen. Notak banatu, batzuentzako poza, besteentzako tristura, baina hori bai denentzat oporrak, botatako malko eta izerdi guztiak eguzkiaren beroan ahaztu ahal izateko.
Goi goienean da eguzkia, udako solstizioa bertan dugu eta nabari egiten da. Ekainaren hogeita bataren inguruan gertatzen den fenomeno honi ezker gure izarrik boteretsuena, eguzkia alegia, punturik gorenean ikusteko parada izango dugu, urteko egunik luzeena eta gaurik motzena izango da. Egun horretatik aurrera eguzkia ekliptikaren aldapan behera hasiko da, poliki-poliki hurrengo urtaroaren sarrera prestatzeko bidea jorratuz.
Unibertsoaren dinamika horretan bizi gara. Han, zorionez behar bada, ez du teknologia berrien indarrak eragiten, eta modernizazioaren ondorioek ere ez. Gure eguzki sistemak bere bidea jarraitzen du hutsik egin gabe, milioika urtetan zehar. Honengatik hain zuzen ere, oraindik zeru aldera begiratzean, unibertsoaren handitasunak liluratu egiten gaitu eta neurri batean beldurtu ere, ezezagunari diogun beldurra sentiaraziz.
Lilura eta beldur hori bera sentitzen zuten gure arbasoek unibertsoaren mugimenduak behatzen zituztenean. Udako solstizioaren aurrean eguzkiaren botereaz ohartzen ziren bereziki. Eguzkiaren gainbeheraz kontzienteak izanik, suak pizten zituzten ekainaren hogeita batean, indar emateko eta bere presentzia indartzeko. Naturatik gu baino gertuago bizi ziren haiengandik zenbait ohitura iritsi zaizkigu, eta horien artean San Juan Sua dugu. Guk, beraiek bezala, udako solstizioaren etorrera suak piztuz ospatuko dugu.
Baina suak ere garbitasuna adierazi nahi du, hau da, urte horretan izandako gorabeheren alde ezkorra sutara botatzeko aukera, txarra den guztia suak kiskal dezan, gure bizitzatik desagerraraziz. Beraz, suaren aurrean jarriaz, isiltasun une batez pentsakor geldituko gara betetzeke ditugun nahiak eta desioak lortzeko.
Bihar, kalean, haurren zalapartak adituko dira egurrak eta trasteak biltzen dituzten bitartean. Auzolanean, eta helburu bakar batez, jo eta ke, gelditu gabe, arituko dira, aurrera eta atzera, gauzak garraiatzen, beraien belarmeta osatzeko. Kalean erre usaina, gaurik motzenean. Bihar.
CAVAILLÉ-COLL XUME BATEZ
Emozioak, jaiotzen garenetik, gure bizitzaren komunikazioaren prozesuan ezinbestekoak dira. Hunkitzen gaituenak balio paregabea hartzen du, gure barruan ditugun sentimenduak mugiarazten dizkigulako eta baita ametsen mundura eramaten ere. Zirrara ematen digun hura batzuetan gugandik gertu egon daiteke, baina bestetan oraindik ezagutzen ez dugun zerbait izan daiteke eragiten diguna.
Era berean, emozioak denborari dagokionez mugagaitzak direla esan daiteke, gugan kokatzen direlako denbora luzez edota laburrez, baina beti, hori bai, sentimendu hondar bat uzten digute, eta gero, hura gogora ekartzen dugun bakoitzean, berriro ere bizitzen dugu une hori.
Zorionez, oraindik gauza askorekin hunkitzen gara, nor bereekin. Batzuetan hitz bat izan daiteke, bestetan begirada bat; margo lan bat ikusteak edo musika doinu batek erna dezake ezagutzen ez genuen sentimendua eta baita bizi poza oparitu ere, gutxiena espero dugunean.
Emozioak horrela sortzen dira, ustekabean, bakoitzaren sentikortasunaren arabera eta askotan zergatik jakin gabe; barruan bertigo bat sentitzen dugu eta istant batez, ia ohartu gabe, ez gaude ginen lekuan, emozioen munduan baizik.
Inpresio hauxe bera sentitu nuen aurreko astean Azkue organo jolearen kontzertuan nengoela. Mago bat balitz bezala, obra bakoitzarekin eta bere musika egiteko era baliatuz, unibertso liluragarri batean murgildu gintuen.
Gure elizako Cavaillé-Coll organo zaharrari hitz eginarazi zion inoiz ez bezala, bere edertasun osoz azalduz. San Pedroko elizako organo jolea den Segundo Garinek lagunduta, Azkuek musikaren hizkuntzaren indarra noraino irits daitekeen erakutsi zigun.
Azkuek transmititu zuena ez da liburuetan aurkitzen, bere ekarpenaren ñabardurak ezin idatzi direlako, agian. Apaltasuna eta urtetako lanaren jakinduria islatzen zen bere nota bakoitzean, berak interpretatu zuen musika paregabean. Hau da, hain zuzen ere, artistari berezitasuna ematen diona, eta hau da agian artista izateak esan nahi duena: ikuslea edo entzulea hunkitzea, hots, ispiluaren beste aldean dagoenarengan zirrara sentiaraztea. Ez da lan erraza baina arteak hori lortu beharko luke: gure barruan garra piztea hain zuzen ere.
Ez ginen damutu, ez, aurreko asteko larunbatean San Pedroko Ondartxo abesbatzak antolatu zuen kontzertuan egon ginenak. Helburua bete zen, bai horixe.
Zorionak Ondartxo.
UDABERRIA
Txikitako oroitzapenak datozkit gogora maiatza hurbiltzen denean. Garai bateko eskola hartan pasatako une gozoak eta ez hain gozoak, azaleratu egiten zaizkit: irakasleak, lagunak, ikasgela eta egiten genituen jarduerak.
Garai hartan, maiatza niretzat hilabete berezia zen, alde batetik eguneroko errutina puskatzen genuelako Maria Ama Birjinari egiten genion loreen eskaintza zela-eta, baina baita ere udaberrian ginelako: eguraldi ona, egunak luzeagoak, eta uda gertu. Maiatza loreen hilabetea izanik, loreak eramaten genituen eskolara zenbait arratsaldetan: arrosak, kalak, margaritak… eta bertan zegoen Ama Birjinaren aurrean jarririk con flores a María abesten genuen.
Oroitzapen polita, benetan, maiatzeko loreen usaiak ekartzen didana eta eskolaren usaiekin nire oroimenean nahastu egiten dena.
Ama, arkatza galdu egin zait. -Aurreko astean erositakoa? Eta errieta egiten zidan beste arkatza bat erosi behar genuelako. Ikasgelako paisaia zurrun bezain adeitsua zen, iluna eta argitsua batera, non maistrek, gogorrarena egin nahian, batzuetan “zigorrak” jartzen zizkiguten, klasean gehiago ez genuela hitz egingo idatzaraziz. Gero, eskolatik ateratzen ginen, txori andana moduan, eguzkia lekuko genuela.
Udaberriarekin lotutako oroitzapenen artean, ezin ahaztu apirilaren 25ean ospatzen den San Marko eguna, opila eguna alegia. Ama besoetakoek egiten zuten oparien artean, gozoena, zalantzarik gabe: bizkotxoa eta arrautza egosiak. Apaingarri, lumak, txitak eta aterki txinatar moduko batzuk.
Arratsalde haietan, Elixondoeneko zelaira igotzen ginen gure opilarekin meriendatzera, eta belardi eder hartan gora eta behera ibiltzen ginen, eguzkia ezkutaketetara jolasten hasten zen arte.
Orduan, niretzat, itsasoa ez zen urdina edota berdea, kolore askotakoa baizik: urdina, berdea, gorria, beltza, zuria… Apirila zen. Antxua antxue!! Eta, etxera pozak txoratzen joaten ginen plastiko batean antxoak generamazkiela, Getaria, Orio edo auskalo nongo arrantzaleek oparituak.
Hauek bezalako oroitzapenekin gustura bizi naiz, baliagarria zaizkit, ez igarotako garaiak hauek baino hobeagoak zirela pentsatzeko, baizik eta bizimodu haren zertzelada haiek gure bizitzaren margoan duten garrantziaz jabetzeko.
Gaur, igandea, nire seme-alabek ikastolaren eguna ospatuko dute. Garaiak aldatu dira baina udaberria iristean, arratsaldeak luzatzen diren sasoi honetan, loreen usaia egun honetako usaiekin batera nahastuko da ikastolako haurren oroitzapenetan. Seguru nago.