| « Azeria oilategian | URTE BERRIA » |
ALDAPARIK LATZENA
Urtarrileko aldapan gora omen goaz Gabonetako gehiegikeriak direla eta. Orain diruarekin malabarrak egin beharrean gaude hilabetearen bukaerara iristeko. Halaxe da, pasatu gara denarekin eta “gehiegi” aditzondoari askatasuna eman diogu nahi izan duena egiteko. Orain erabat damututa ez egon arren, hurrengo urtean hau ez dela gertatuko zin egiten diogu geure buruari, aldapa hori igotzen lagunduko digun mirariaren zain gauden bitartean.
Honetatik irakasgai bat atera daiteke, gure ekintza guztiek ondorioak dituztela alegia, egiten duguna ez dela inoiz musu-truk eta gaizki egina ordaindu egiten dela ondo egina saritzen den bezalaxe. Hau ezin da erabat orokortu baina gehienetan halaxe gertatzen da. Kausa-efektu dikotomia hori bete egiten da eta bizitzaren edozein arlotan aplika daiteke.
Beste batzuetan, ordea, zorigaitzak etortzen zaizkigu zergatia inondik ere aurkitzen ez dugula eta orduan esaten dugu: zergatik gertatu zait hau niri? Ez dago erantzunik, ez dago zergatikorik ere. Ondorioz, egoera honek frustraziora eramaten gaitu eta ezintasuna sortarazten du gugan. Hau eremu pertsonaletik gizarte eremuetara eramango bagenu, egoera horretan dauden kolektiboak aurki genitzake, zeinetan utzikeria eta ahaztea oso nabarmenak diren.
Neketsua eta frustragarria benetan aldapan gora etengabe ibiltzea, urteak aurrera doazela irtenbiderik ikusi gabe. Hala sentitzen gara Pasaian bizi garenok, nekatuak eta zapuztuak ere. Urteak daramazkigu “urtarrileko aldapa” gogor hori igotzen oraindik jakin gabe zer-nolako gehiegikeria egin dugun gauden egoeran egoteko. Ez dakigu zer ordaintzen ari garen, noiz pasatu ginen eta okerragoa dena, denboraren poderioz ez dugu mirariez sinisten.
Politikoki egoki denaren munduan mugitzen diren horiek buruarekin baietz esaten digute arrazoia emanez baina, egia esan, arrazoi izate hori ez da ezertan gauzatzen.
Pasaiarentzat hitzak dira nagusi. Promesak zein borondate onezko asmoak paperontzian geratzen dira eta garai batean zenbait gauzetan sinisten bagenuen ere, gaur egun etsipena jabetu da gutaz. Formula magikorik ez dagoela badakigu baina ilusionatuko gaituen proiektu baten zain gaude, gizarteak bere egingo duen proiektu baten zain, zoritxarreko aldapa gaizto hau behin betiko atzean uzteko.
Helburuak eta baliabideak behar beharrezkoak ditugu aurrera ateratzeko. Guk ilusioa jarriko dugu.