| PIÑA KURDIN » |
UDABERRIA
Txikitako oroitzapenak datozkit gogora maiatza hurbiltzen denean. Garai bateko eskola hartan pasatako une gozoak eta ez hain gozoak, azaleratu egiten zaizkit: irakasleak, lagunak, ikasgela eta egiten genituen jarduerak.
Garai hartan, maiatza niretzat hilabete berezia zen, alde batetik eguneroko errutina puskatzen genuelako Maria Ama Birjinari egiten genion loreen eskaintza zela-eta, baina baita ere udaberrian ginelako: eguraldi ona, egunak luzeagoak, eta uda gertu. Maiatza loreen hilabetea izanik, loreak eramaten genituen eskolara zenbait arratsaldetan: arrosak, kalak, margaritak… eta bertan zegoen Ama Birjinaren aurrean jarririk con flores a María abesten genuen.
Oroitzapen polita, benetan, maiatzeko loreen usaiak ekartzen didana eta eskolaren usaiekin nire oroimenean nahastu egiten dena.
Ama, arkatza galdu egin zait. -Aurreko astean erositakoa? Eta errieta egiten zidan beste arkatza bat erosi behar genuelako. Ikasgelako paisaia zurrun bezain adeitsua zen, iluna eta argitsua batera, non maistrek, gogorrarena egin nahian, batzuetan “zigorrak” jartzen zizkiguten, klasean gehiago ez genuela hitz egingo idatzaraziz. Gero, eskolatik ateratzen ginen, txori andana moduan, eguzkia lekuko genuela.
Udaberriarekin lotutako oroitzapenen artean, ezin ahaztu apirilaren 25ean ospatzen den San Marko eguna, opila eguna alegia. Ama besoetakoek egiten zuten oparien artean, gozoena, zalantzarik gabe: bizkotxoa eta arrautza egosiak. Apaingarri, lumak, txitak eta aterki txinatar moduko batzuk.
Arratsalde haietan, Elixondoeneko zelaira igotzen ginen gure opilarekin meriendatzera, eta belardi eder hartan gora eta behera ibiltzen ginen, eguzkia ezkutaketetara jolasten hasten zen arte.
Orduan, niretzat, itsasoa ez zen urdina edota berdea, kolore askotakoa baizik: urdina, berdea, gorria, beltza, zuria… Apirila zen. Antxua antxue!! Eta, etxera pozak txoratzen joaten ginen plastiko batean antxoak generamazkiela, Getaria, Orio edo auskalo nongo arrantzaleek oparituak.
Hauek bezalako oroitzapenekin gustura bizi naiz, baliagarria zaizkit, ez igarotako garaiak hauek baino hobeagoak zirela pentsatzeko, baizik eta bizimodu haren zertzelada haiek gure bizitzaren margoan duten garrantziaz jabetzeko.
Gaur, igandea, nire seme-alabek ikastolaren eguna ospatuko dute. Garaiak aldatu dira baina udaberria iristean, arratsaldeak luzatzen diren sasoi honetan, loreen usaia egun honetako usaiekin batera nahastuko da ikastolako haurren oroitzapenetan. Seguru nago.