

Mikel Astarloza
Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
2010-02-03 - 16:00
Mikel Astarloza txirrindulari sanpedrotarrak irakurleek egindako galderak erantzun ditu OARSOALDEKO HITZAn.
G. Iban Mayo, Iņigo Landaluze, Aketza Peņa, zu... Euskaltel zer!! Zuzendaritzak bururen bat edo beste moztu beharko luke akaso? Ze tratu eman dizute taldean? Beste positiboen ondoren txirrindulariak bereala baztertu zituzten taldetik. Zuri berriz, babesa eman dizute. Zergatik? Gontzal
E. Taldearen tratua oso ona izan da nirekiko. Hasieratik euren babesa sentitu dut, eta hori seinale ona da. Beraiek dauzkate niri buruzko datu gehien eta nire hitzan sinisten badute, hala izateko arrazoiak dituztelako da.
G. Galderak "de koņa" egina dagoela dirudien arren; txirrindularitzan dopin asko al dago? Beste kirolekin alderatuta? Anonimoa
E. Oso galdera ona iruditzen zait. Prentsan irakurtzen denarengatik, badirudi txirrindularitzan bakarrik dagoela dopina. Ez da horrela. Dopina kirol guztietan dago eta eguneroko bizitzan zabalduta baita ere. Horrek ez du esan nahi kirolari, txirrindulari edo herritar guztiak dopatzen direnik.
G. Zure errugabetasunean sinisten dut. Hala ere, esandakoak esanda eta gertatutakoa gertatuta, Puerto Auziari buruz zein iritzi duzun jakitea gustatuko litzaidake. Eufemiano
E. Pozten naiz nire hitzan sinistea. Onartzen dut ez dela erraza positibo eman duen txirrindulari batengan sinesgarritasuna mantentzea. Puerto Auziari buruz, aspaldi neukan iritzi bera dut: bertan ez zeuden izen batzuk argitaratu zituzten eta zeuden beste izen batzuk ezkutatu zituzten. Txirrindulari askok ordaindu zuten beste pisuzko kirolari batzuek ordain ez zezaten.
G. Gaur ostirala 29 izan da Derion Euskaltel- Euskadiren aurkezpena. Pena handiz bertan ez zaudela ikusi ahal izan dut. Zein izan da zure sentsazioa aurkezpenaren unean? Zer sentitu duzu taldearekiko (lagunekiko)? maitane sanchez oribe
E. Pena da bertan egon ezin ahal izatea, baina guztia argitu bitartean komenigarriena da horrelako ekitaldietan ez azaltzea.
G. Miresten duzu txirrindulari bat. Gaur egungo eta beste garaietakoak. Usabiaga
E. Niretzako eredua Armstrong izan da beti. Berak pasatutako gaixotasuna pasa ondoren emandako maila txalotzekoa da. Beste garai batean Marino Lejarreta nuen gustuko.
G. Zigorra kentzen dizutenerako hogeitahama... izango dituzu. Eta gainero zerotik hasi beharko duzu. Astarlozaren ibilbidea bukatu al da? Edo astarloza onenarena?
E. Oraindik zigorrik ez dut jaso eta horrek ematen dit amorrurik gehien. Helegitea aurkeztuta dago, baina aurrera egin dezan lehendabizi zigorra jaso beharra daukat. Denbora oso mantso doa eta nire desioa amesgaizto hau lehenbailehen bukatzea da. Txarrenera, bi urteko zigorra jaso ondoren 32 urterekin itzuliko nintzateke, eta mailarik onenarekin bueltatuko nahiko nuke.
G. Ze harreman duzu orain taldearekin? Txomin
E. Harreman ona dugu. Nahiz eta ekitaldi publikoetan ez azaldu, haien babesa nabaritzen dut.
G. Urte asko daramazu konpetitzen eta orain geldi zaude. Nola kentzen duzu konpetiziorako "monoa"? Ibon Bengoetxea
E. Orain arte oso eraman dut. Opor garaia eta denboraldi hasiera besterik ez da igaro. Momentuz 4-5 orduko entrenamendua egiten kentzen dut "monoa", baina orain lasterketak hasiko direla, gorputza gehiago jipoitu beharko dut.
G. Nolakoa da gaur egun Mikel Astarlozaren egun bat? Asko aldatzen da "gertaera" hartatik? Eutsi goiari Mikel! agur bat, eņaut
E. Orain arte bezala, egunerokotasun bera jarraitzen dut. 09:30ean esnatzen naiz, lau edo bost orduko entrenamendua egin, bazkaldu, siesta eta arratsaldea libre izaten dut. Gorputza zaintzen eta apenas jai egunik gabe.
G. Aurten korrika ikusi zaitugu Behobian eta Donostiako maratoian. Aurten beste maratoirik egiteko asmorik bai? Atzerrian, akaso? Joseba
E. Orain bizikletarekin buru belarri nabil. Baina hurrengo neguan berriro ere bi lasterketa horiek korritu nahiko nituzke. Beti izan dut gustukoa korri egitea. Gertatutakoaren ostean "ihesbide" moduan hartu nuen lasterka egitea.
G. Aupa Mikel! Nork edo zerk erabakitzen du ze txirrindularik duen lehen mailara itzultzeko eskubidea (zigorren ostean) eta zeinek ez? Ze interes mota dago erabaki hauen atzean? Eutsi! Azkarate
E. Mundu honetan kontrolatu ezin diren gauza asko gertatzen dira. Interes ekonomikoak tartean daudenean gauza "harrigarriak" gertatzen dira. Nik inoiz bizi izan dudan gauzarik harrigarriena nire positiboa izan da.
G. Ukatzen duzu positiboa, eta sinesten dizut, baina orduan zer interes egon liteke positibo horren atzean? iker
E. Nire iritzia daukat, baina frogatu ezin dezakedan gauza bat ezin dut argitaratu. Espero dut guztia bukatzean gauzak argi eta garbi esplikatu ahal izatea.
G. Zergatik sinestu behar zaitugu errugabea zarela? Antxo
E. Inork ez dauka ni sinisteko "beharra". Ondo ezagutzen nautenek badakite nire jokabidea zein den eta nire hitzak zenbat balio duen. Dopatzea baino askoz gauza larriagoak egin ditut bizitza honetan eta onartu ditut. Baina ez dut sekula onartuko egin ez dudan zerbait.
G. Aupa! Azken aldiz telebistan ikusi zintudanean, umez eta lagunez inguratuta, zure errugabetasunaren probak emango zenituela aldarrikatu zenuen. Denbora luzea pasa da ordutik. Non daude proba horiek? Kolpea mahaian
E. Proba horiek Espainiako Federazioaren instruktorearen eskuetan daude. Espero dut lehenbailehen argitaratu ahal izatea.
G. Aupa Mikel! Ikusitakoak ikusita inoiz bururatu al zaizu bizikleta utzi eta bertsotan lehiatzen hastea? Etorkizun ona izan zenezake. Hoooligan
E. Bertsozale amorratua naiz, baina bertsolari bezala... uff! Hobe bizikletan!
G. Eguraldiaren mapa begiratu eta askotan ikusten da nola gainerakoan eguzkiak ageri diren bitartean, Euskal Herriko lurren gainean hodei euritsuak ageri dira. Baina goi mailako txirrindularitzan dauden euskaldunak ugariak eta ez nolanahikoak dira(besteak beste zu zeu)!! Horrek zer azaltzen du? Ba al ditugu gazte euskaldunok besteok ez duten baloreak barneratuta? Ibantxo
E. Euskal gazteriak bizi izan dituen gertakari ugariek balore horiek barneratuago izatea lortu dute, agian.
G. Zer ez duzu kontatu positibo eman zenuen egunetik? Atera nahiko zenukeen zer daukazu hor barruan gordeta? Ni neu
E. Gauza asko daude kontatu nahiko nituzkeenak, gertatutakoaren nire iritzia eta sistemarekiko konfiantza faltaren arrazoiak. Zoritxarrez hori guztia kontatzerik ez daukat, oraindik...
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.