Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko maiatzak 18, Igandea

Harpidetu zaitez!

Elkarrizketa Digitalak

Ion Telleria

Ion Telleria

Gazte Topaguneko antolatzailea

2008-03-12 - 12:00

Martxoaren 21etik 24ra Gazte Topagunea izango da Lezon. Ion Telleria antolatzaile lanetan dabil, eta Topagunearen inguruko irakurleen galderak erantzungo ditu.

Erantzundako galderak:

1

G. gaztesareako kazetaria zara eta gazte topagunea antolatzen ari zara. Horrek ez du gaztesarea bezalako gazte informazio agentzia bezala aurkezten dena mugimendu politiko konkretu batera mugatzen? landarbaso

E. Gaztea naizen neurrian gazte mugimenduaren baitan kokatzen dut nire militantzia eta orain gutxi arte Gaztesarea proiektuaren garapenean aritu naiz buru belarri. Orain, beste eremu baterako bidea egin dut, nahiz eta jarraitzen dudan gazte komunikazio proiektuan laguntzen. Hala ere, Gazte Topagunea bezalako ekimen erraldoi batean Gaztesarea eta Xirika bezalako komunikazio proiektuek beti egin dute euren ekarpena, irrati libreek egiten duten moduan edo herri askotako gazte eremuko proiektuek egiten duten moduan. Hala ere, proiektu baten izaera bertan ari garenon arabera neurtzea ez deritzot egoki, proiektu bakoitza dena da; eta adibidez, Gaztesareak, uste dut sistema honekin inkonformista den gazteria guztiari ekarpen ezin hobea egiten diola.

2

G. Itxura modernoko marrazki bat da aurten Topagunearen irudia. Zer adierazi nahi duzue neskatxa horrekin? malen

E. Bere aurpegiak ongi erakusten du, nire ustez, gure barrunbeetan ezkutatzen den oihua. Eskaintzen diguten sistema ilun, eskubideen ukapenean oinarritutakoa, diruzaleen mesedera eraikitakoa... azken batean, gazteoi etorkizuna ukatzen digun eredu baten aurrean barru-barrutik ateratzen den askatasun oihua jasotzen du. Gazteak gara, errebeldeak gara eta mundua aldatzeko gai garela uste dugu, hori erakusten du neskaren irudiak, gure etorkizuna eskutan hartzeko nahikoa indar eta kemen duen gazte kolektibo baten ikonoa da.

3

G. ze jarrera izaten dute musika taldeek, antzerki taldeek... orokorrean Topagunean parte hartzeko aukera ematen zaienean?

E. Orokorrean jarrera ezin hobea izaten dute musika, antzerki edo kultur eremuko talde ezberdinek. Iruditzen zait euskaldunentzat eta Euskal Herriko askapen borrokarekin nolabaiteko lotura sentimentala duten denentzat oso berezia dela Topagunea. Hauen ekarpenean jaia da nagusi, noski, baina jaiak pardel berezia darama topagunean, giroa berezia da, jendearen jarrera berezia da... uste dut eurek ere sentitzen dutela euren eremutik ekarpena egiten diotela Independentziaren proiektuari gazte topagunean arituz.

4

G. zenbat du "borrokatik" eta zenbat jai, mozkorkeritik... Gazte Topaguneak? jon ander

E. Zaila da oreka, eta hori topagunean agerikoa da. Gazte Topagunea antolatzera garamatzan aitzakia politikoa da osotasunean, dudarik ez, eta egitarauari erreparatzen badiozu ez da zalantzarik horretan. Gainera, Gazte Topagunearen helburu nagusia bikoitza da: guk geuk sinestea gai garela etorkizuna askatasunean eraikitzeko, eta Euskal Herriari eta munduari erakustea badela hemen etorkizuna bere eskutan hartzeko prest dagoen gazteria. Noski, topagunea jai handi bat ere bada, eta askotan jaiaren erreferentzia bera da nagusi, eta herri honetan jaia eta zuk diozun mozkorkeria eskutik doaz askotan... ez dut ukatuko. Bien arteko oreka hori da, nire ustez, topaguneari izaera berezia ematen diona, eta antolakuntzatik, gutxienez, horretan jartzen ditugu indarrak.

5

G. "Etorkizuna Independentzia" jarri diozue lelo gisa baina... ez dakit, ikusitakoak ikusita ez lelo hutsa gehiago dirudi zerbait egingarria baina... ez duzu uste? Aitor

E. Askotan entzun diegu, batez ere agintean direnei, utopiko hutsak garela... eta agian arrazoi dute, baina atzera patxadaz begiratzen badugu behin utopiak zirenak egi bilakatzen direla ikus dezakegu. Orain 50 urte herri hau anikilaziotik gertu zegoen, bazirudien hurrengo belaunaldiari egokituko zitzaiola esatea "bai, bazen behin herri bat pirinioen alde bietara, kantauri itsasoaren labarrean", baina hara non herri honen askatasunerako biderik indartsuena nola sortu zen. Espainiarren trantsizio hartan bazirudien Euskal Herriak uko egin behar ziola herri izateari, bi estatutan banatutako errealitate kultural-folkloriko izateko; eta gaur da eguna orduan itxi nahi izan zuten eztabaida inoiz baina irekiago dagoena. Atera kontuak! Espainiarren manporrero handiena izan den Atutxa bera ere erabakitzeko eskubidearen aldeko plataforma batean ageri zaigula. Beraz, herri honen borrokaz, eta batez ere alternatibak eraikitzeko erakutsitako gaitasunarekin utopiak errealitate bilaka daitezke; eta iruditzen zait, belaunaldi honek inork baino argumentu gehiago dituela etorkizuna independentzia lelo izatetik errealitate izatera eramateko.

6

G. Topaguneak ze gauza positibo ekarri ohi dizkio antolatzen den herriari? andrea

E. Agian herritarrek erantzutea zuzenago litzateke, guk dena polita eta ederra ikusten baitugu... baina, orohar, eta aurreko urteetako esperientziak jasoz, herriarentzat ere esperientzia ezin hobea delakoan nago. Lau egunez Euskal Herriko zonalde beroenetakoa bilakatzen da, eskualdeko problematikei bozgorailu handia eskaintzen zaie (adibidez aurten superportuak, AHTak...) eta herria egun historiko batzuen lekuko zuzen bilakatzen da. Bakea eta lasaitasuna maite dituenak ez du, agian, horren baikor ikusiko, baina topaguneak alde egiten duenean herria lehen bezala edo hobeto geratzen da eta iruditzen zait aurreko topaguneak izan diren herrietako biztanleei galdetuz gero orohar erantzun positiboak jasoko genituzkeela.

7

G. Lezorentzat izugarria izango da, nolako eragina izango du herrian? aitor

E. Ba eragina ikaragarria izango da noski. Honezkero nahikoa buruhauste sortu dizkiegu, Udala buru belarri ari da laguntzen, herritarrek ere hasieratik laguntza handia eman digute eta azken sprint honetan ere horrela izaten ari da. Lau egun horietan zehar herria goitik behera antzaldatuko da, atera kontuak zer den Lezo bezalako herri baten 20.000 gaztek osaturiko uholde bat. Lau egunez Lezo ezagutzeko lanak izango dira! Hala ere, aurreko erantzunean nioen moduan, alde egitean dena txukun-txukun utziko dugu; bereziki arduratzen gaitu horrek, nahi baitugu topagunea amaitzean herritarrek guk egiten dugun balorazio positibo bera egitea. Beraz, jaia maite duenak gozatuko du; lasaiago egon nahi izaten duenak pazientziaz hartu beharko du; baina guztiak lasai egon daitezke martxoaren 24tik aurrera euren herria oso-osorik eta txukun-txukun izango baitute.

8

G. Topaguneko onena kontzertuak izaten dira. Taldeen hautaketa nola egin duzue? mikel

E. Ez da gauza erraza izaten, irizpide asko hartu behar baitira kontuan. Oreka bilatzen saiatzen gara, ezagunen eta berrien artean, euskararen erabileraren inguruan, eskualdekoen parte hartzean, euren konpromisoaren inguruan... ez da erraza izaten baina azkenean uste dut kartel orekatu eta erakargarria osatu dugula. Erromeria dezente jarri ditugu, talde gazteek protagonismo handia izango dute (bai Musikherriak antolatutako musika maratoiean eta baita karpetako kontzertuetan ere), eskualdeko dexente izango dira... Izango da kexatuko denik oreka ez dela oso orekatua, ez dakit zein estilotako gehiago behar direla, batzuk asko kobratzen dutela... Beno, ez dago denen gustura egiterik, uste dugu jende gehienarentzat erakargarria den kartela osatu dugula.

9

G. Festa, aldarrikapena, elkar ezagutzarako gunea, hezkuntza, formazio politikoa... Hauetatik zer du gehiago Topaguneak? Ihintza

E. Guztitik pixka bat, hori da topagunearen izaera. Lau egunez burbuila utopiko bat sortu nahi izaten dugu, herrietako borrokak jasoko dituena, eztabaidarako aukera emango duena, proiektuak ezagutarazteko tresnak emango dituena, festarako aukera ahaztezinak sortuko dituena... guztia kokteleran sartu eta hori da Gazte Topagunea. Gero, bertara doan bakoitzak erabakitzen du zuk aipatzen duzun zerrendatik zertaz duen gehiago; joan zaitezke eta egun osoan hitzaldi, tailer eta antzekoetan aritu eta gero festa egin; festa lehentsi dezakezu eta besteetan gutxiago egon... norberak erabakitzen du batetik edo bestetik duen gehiago.

10

G. Zergatik ez dira etorri Berri Txarrak edo Su ta Gar bezalako talde inportanteak Topagunera? Unax

E. Ba denak ezin direlako egon. Aurreko galdera baten aipatzen nuen irizpide ezberdinen arabera aritu behar izaten garela; zein taldek etorri ahal duen, guk talde bakoitzarentzat ditugun aukerak, irizpide ezberdinen arteko oreka... Aipatzen dituzun taldeek behin baino gehiagotan jo dute topagunean, eta joko dute ziur aski beste edizioren batean ere, baina aurten ez dira egongo.

Hurrengo elkarrizketak

Jon Kortajarena

Jon Kortajarena
Gelditour ekimeneko kidea

2008-05-20

Bidali zure galdera

Egindako elkarrizketak

Ion Telleria

Ion Telleria
Gazte Topaguneko antolatzailea

2008-03-12

Jaione Andres eta Mertxe Lorenzo

Jaione Andres eta Mertxe Lorenzo
Anezka Emakume Taldea

2008-03-05

Joseba Apaolaza

Joseba Apaolaza
Aktorea eta zuzendaria

2008-01-29

Jon Martin

Jon Martin
Bertsolaria

2007-12-04

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa