Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko azaroak 20, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Elkarrizketa Digitalak

Jon Kortajarena

Jon Kortajarena

Gelditour ekimeneko kidea

2008-05-20 - 17:00

Hilaren 27 eta 28an Gelditour AHTaren kontrako ekimen ibiltaria iritsiko da eskualdera. Jon Kortajarenari ekimenaren inguruko galderak egiteko aukera daukazu asteartean, 17:00etatik aurrera.

Erantzundako galderak:

1

G. Zer egiten duzue gelditzen zeatn herrietan? Eneko

E. Aurreko igandean Cortesetik abiatu eta Donostian bukatuko da Gelditour. Abiadura Handiko Trenaren obrak gelditu eta herritarrei iritzia eman dakien exijitzea helburu duen ekimena da. Horretarako, AHT eraikiko balitz kaltetuko lituzkeen herrietan geldialdia egiten duen kamioiak pantalla erraldoi bat eta altabozak daramatza. Honekin batera proiektuaren marrazki birtualak dituzten panelak jartzeaz gain egin berri den dokumental DVDa emititzen da. DVD hau hainbat ekonomilari, geologo eta gizarte arloko jendeari egindako elkarrizketez osatua dago. Azkenik triptiko batzuen bitartez jendeari informazioa eman nahi diogu: UPVko irakasleek egindako ikerketen emaitzak, ibilbidearen xehetasunak, kaltetutako udalerrien informazioa, eraikuntzaren kostua, kalteak... Azken finean jendea informatzen saiatzen ari gera. Izan ere, jendeak gero eta gehiago dakienean orduan eta jarrera kontrakoagoa agertzen du. Beraz, badakizu informa zaitez adibidez 'www.ahtgeldiu.org' web orrian.

2

G. Baina zein da Gelditourren helburu konkretua: AHTren kontra joan, edo beste garraio sistema bat aldarrikatzea? Xanet

E. Gelditour ekimenaren helburua hau da: AHT gelditzea eta herritarrei hitza eman diezaieten exijitzea. Herriz herri eta eskualdez eskualde, instituzioak ezkutatzen ari diren informazioa kaleratu, AHTren aurkako aldarria lau haizetara zabaldu eta inposaketaren aurka indarrak biltzeko bitartekoa izan nahi du.

3

G. Lehenik eta behin zorionak egiten duzuen lanagatik. Galdera hau da: Oarsoaldetik pasako al da, egiten badute, AHTa? Miriam

E. Hala da, bai. Eginez gero gure eskualdetik pasako litzake ziztu bizian, inongo geltokirik gabe. Arkaleko haitzak ezagutzen al dituzu? Eskalatzen edo mendian bueltatxo bat ematen ibiliko zinen agian. Oiartzungo Arragua auzoa ere ezagutuko duzu noski. Eta Orereta Ikastolara igotzeko Isatseko malda ere igoko zenuen noizbait. San Markoseko gotorlekua ere politta da egia? Ba gure eskualdeko leku hauek zuzenean kaltetuko lituzke AHT eraikitzeak. Oiartzungo Gurutze auzotik San Markosera linea zuzen bat eginez gero jada badakizu nondik igaroko den AHT, egitera iritsiz gero noski!

4

G. Behin AHT egiten dela erabiltzea pentsatzen al duzu? Edo boikoterako deia egingo duzue? Gontzal

E. Egia esaten badizut ziur nago AHT ez dutela eraikiko. Gero eta konbentzituago nago honetaz. Horregatik ez dut imajinatu ere egiten egoera hori. Suposatuz egoera emango balitz auskalo zer egingo nukeen, baina garestiegia izango litzake eta gainera deserosoa. Hegazkina hartuko banu bezala baina oso garesti. Donostiara nolabait joan beharko nuke eta ondoren iristen naizen lekura iritsita han ere mugitzeko beste garraiobide bat beharko nuke. Nola iritsiko naiz lehenago autoz edo AHTn? Dirudunek soilik erabiliko lukete, ez egin dudarik.

5

G. Komunikabide bat sortzen den bakoitzean dago iskanbila: A-8 edo dena delakoen aurka geunden. Orain, aldiz, denok erabiltzen dugu, eta noizbait itxita baldin badago a ze disgustua. Gauza bera gertatuko al da honekin? I grekoa

E. Normalean iskanbila gauzak gaizki egiten direnean sortu ohi da. AHT eraikitzen hasiak direnek ere akats hau egin dute. Gauzak gaizki egiten ari dira. Ez dute argi jokatu, ez dute egia esaten eta informazioa ezkutatzen ari dira. Haiei interesatzen zaielako, ez herritarroi interesatzen zaigulako. Ekonomilariek esan duten bezala AHT eraikiko balitz gehiengoak ez luke erabiliko, egunero egiten ditugun mugimenduak eskualde artekoak direlako gehienak eta berdin berdin autoz egingo genituzkelako. AHTk hiriburuak lotuko lituzke, baina Euskal Herrian ibiltzen diren auto gehienak ez dira hiriburu batetik besterakoak. Gainera, ikasleak dira hiriburu batetik bestera mugitzen direnak. Zuk uste ordainduko dutela prezio altuko tren hau? Nik uste ezetz.

6

G. Esaten dute, pertsonen garraioaz aparte, zamak ere garraiatuko direla AHTarekin. Posible al da zamak abiadura handian garraiatzea? Andres

E. Zama handiko materialak garraiatzeko abiadura moteldu beharko litzateke, kurba minimo batek arriskua suposatzen baitu. Eraiki nahi dutenek ere ez dute argi zamak garraiatu ahalko diren. Garraiatuz gero zertarako abiadura handiko trena motel joaten bada? Hona hemen argitzen ez duten beste inkognita bat.

7

G. Ez zaizu iruditzen A-8 autopistan ez dutela inbertsiorik egiten, AHT bidez jendea Bilbora eramateko? Mikel Santiago

E. Askotan pentsatu izan dut hori. Azken aldian gero eta gehiago entzuten dira A8an egoten diren arazoak, egia esan nahiko gutxi saiatzen dira arazo hauei aurre egiten. Baina A8a erabiltzen dutenen artean Bilbora doazenak ez dira gehienak, Zarautza, Itziarrera edota Eibarrera doazenak berdin berdin erabiliko lukete A8a AHTarekin.

8

G. ikusten al duzu nahikoa indar gizartean AHT gelditzeko adina? Marta

E. Gero eta jende gehiago ari da hartzen AHTaren aurkako jarrera, konturatzen direlako zer den benetan proiektu hau. Gero eta hitzaldi gehiago dago gai honen inguruan, eztabaidak, protestak, lurren desjabetzen aurkako helegiteak... Nik uste indarra badagoela AHT gelditzeko, baina denon artean elkarlanean indar hori bideratzen asmatu behar dugu.

9

G. Gure eskualdean zehazki ze kalte sortuko ditu? Inaxi

E. Dugun informazioaren arabera eta lehen aipatu bezala Oiartzungo Gurutze auzoan dauden Arkaleko haitzen azpitik igaroko litzake 3 Km-ko tunel baten bitartez. Haitz hauek zenbait erreken sorburu dira. Hauek zulatzeak ur emarietan kalteak sortuko lituzke. Tunel luze hau egiteko aterak luketen lur kopuru handiek beste lur batzuk okupatu beharko lituzkete inguruko lurretan eskonbrerak sortuz (gogoratu gertu hasten dela Aiako Harria Parke Naturala). Ondoren tunela Arraguako auzoan atera eta bidegorria suntsituko luke, inpaktu bisuala handia izanik. Niessen enpresaren atzean kokatzen den baserri handi bat ondoan harrapatuko lukeen tunel bat egingo lukete Zentolen atzetik aterako litzatekena. Isatseko maldaren gainetik jarraituko luke, bertan mendia suntsituz eta San Markoserko gotorlekua zulatuz. Kalteak argiak dira, konponezinak. Eta ez bakarrik kalte ekologikoak.

10

G. AHTa dela eta, desjabetze prozesuak hasi dira hainbat tokitan: Araban, Eskoriatzan, Aramaio... Ba al dakizu noiz hasiko diren desjabetze prozesuak Oarsoaldean? Manex

E. Ez dugu batere informaziorik gai honen inguruan. Nahiz eta abokatuak lanean ari diren, tramite guztiak ezkutuan egiten ari dira. Azken kasua Ordizi-Itsasondokoa da, non eskabadorak legalki paperak egin gabe daudela hasi dituztelarik.

11

G. Nola baloratzen duzu EB-Berdeen jarrera AHTrekiko? Jaurlaritzako hirukoaren partaide da, baina, halaber, AHTren kontra agertzen da publikoki? Aitzi

E. Ez dut jarrera oso argia ikusten. Nahiz eta kontrako jarrera adierazi ez zait iruditzen aurka indar asko egiten dutenik. Herrietan hala ere kontrako jarrera indibidualak gero eta zabalduagoak dira partidu guztietan. Gaur argitaratu da Basauriko EB eta EA ere AHTren aurka daudela.

12

G. Hastekotan, noiz hasiko lirateke AHTren lanak Oarsoaldean? Axier

E. Duela urte gutxi Udalaren baimenik gabe AHTren eraikuntzarako probak egiten harrapatu zituzten Gurutze auzoan. Eraikitzen hasi diren gertueneko kasua Ordizia da eta edozein momentutan hemen hasi daitezke. Ezin dugu jakin zehazki noiz hasiko diren.

13

G. AHTren kontra dago jende asko, baina gero, egitekotan, AHTa bera erabiliko du jende askok, Leitzarango autobiarekin gertatu moduan. Ez al da kontraesan bat? Aitzpea

E. Kontra egonik ere autobia egina dagoela eta Iruņeara joateko Betelutik joan behar al da nahitanahiez? Bide zaharra askoz politagoa da dudarik gabe.

14

G. Eskualdeari dagokionez, zein asmo duzue AHTren kontrako borroka mantentzeko aurrera begira? USB

E. Igande honetan Mendi martxa. eta datorren astean Gelditour iritsiko da eskualdera. Hitzaldiak, bideo emanaldiak, eztabaidak... eta larunbata 31n AHTren aurkako eguna Donostian. Hortik aurrera eskualdeko eragileekin bildu nahi dugu informazioa eta eztabaida sustatuz.

15

G. AHTren kostuak eta benetako kalteak ezagututa, ziur gizartearen gehiengoa proiektuaren aurka egingo lukeela. Baina horrek informazio lan eskerga eskatzen du. Eta nola egin hori, komunikabideen gehiengoak AHTren oposizio jarrerari boikota egiten diola ikusita? Ane

E. Ziur egon baietz. Gizartearen gehiengoak aurka egingo luke kalte ekologikoak, kostu ekonomikoak eta gizarte arloan emango liratekeen aldaketak ikusita. Informazioa zabaltzeko zailtasunak egon arren gure artean zabaltzeko beste modu asko dago eta horiek aprobetxatu behar ditugu jendea informatzeko. Honen adibide da Gelditour ekimena. Animatu zure auzoan, herrian eta eskualdean egingo diren ekimenetara.

Egindako elkarrizketak

Maider Ziganda eta Aitor Etxeberria

Maider Ziganda eta Aitor Etxeberria
Pasaiako alkatea eta Oiartzungo alkatea

2008-09-26

Jose Manuel Santos

Jose Manuel Santos
Sanpedrotarra Arraun Elkarteko kidea

2008-07-22

Jon Kortajarena

Jon Kortajarena
Gelditour ekimeneko kidea

2008-05-20

Ion Telleria

Ion Telleria
Gazte Topaguneko antolatzailea

2008-03-12

Jaione Andres eta Mertxe Lorenzo

Jaione Andres eta Mertxe Lorenzo
Anezka Emakume Taldea

2008-03-05

Joseba Apaolaza

Joseba Apaolaza
Aktorea eta zuzendaria

2008-01-29

Jon Martin

Jon Martin
Bertsolaria

2007-12-04

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa