

Jon Martin
Bertsolaria
2007-12-04 - 12:00
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean ariko da abenduaren 16an, Illunben, Jon Martin oiartzuarra. OARSOALDEKO HITZAk lehen elkarrizketa digitala egingo du, ORAINTXE BERTAN Irakurleek egindako galderak erantzungo ditu Jon Martinek, aurretik bidalitakoak zein egunean bertan egindakoak.
G. Duela lau urteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bigarren izan zinen. Zein asmo duzu finalerako? mikel
E. Ez dut postuaren araberako helbururik. Kantatuko dudanak kezkatzen nau gehiago. Niretik kantatu nahi dut, hori da nire helburua. Jarrera hori eramango dut: mezu sentiberak, gogoetak... plazaratu nahi ditut. Ikusiko da gaiek laguntzen duten.
G. Aurreko finalean "Martin ni" kamixetarekin atera zinen oholtzara. Aurten nola jantziko zaren pentsatu al duzu? fashion victima
E. Duela lau urteko final-laurdenetan jantzi nuen Martin ni kamiseta lehen aldiz. Geroztik ez dut berriro jantzi. Oraindik ez dut erabaki nola jantziko naizen, baina ez dut ukatuko pentsatzen hasia ez naizenik. Niretzat garrantzitsua da janzkera, bertsolariarekin dugun lehen kontaktua delako eta jarrera bat adierazi dezakeelako. Erosotasuna da gakoetako bat. Askotan patriken arabera aukeratzen ditut bakeroak.
G. Zer iritzi duzu orokorrean bertsolari guztiek txapelketan ematen ari zareten mailari buruz? Kritiken arabera, ez da lehertu den saiorik izan (azken finalaurrekoaren atarian behintzat); gora-behera askoko saioak, bertso eskasak ugariak, errima behartuak, gaiatik urruntzeak ... ezjakin1
E. Nik ez nituzke bertsolari guztiak zaku berean sartuko. Ez dut uste saio txarrak izan direnik, baina nik ere saio hobeak espero nituen. Lotuta sumatu dut jendea, prestatuegi askotan, freskotasun faltan. Hala ere, kontutan hartu bertsolariak bi ordutan jokatzen duela azken hiru hilabetetako prestaketa eta lau urtetako txapelketatako etorkizuna. Horrek asko lotzen gaituela uste dut. Akats teknikoak aipatzen dituzu, baina uste dut maila horretan nahikoa txukun jardun direla gehienak, ni bestelako eskastasunek kezkatzen naute, ideia mailakoek...
G. Foroetan epaileek izen handiko bertsolarien akatsak zigortzeko duten beldurraz mintzo da. Zer irizten duzu honen inguruan? beldurra
E. Pilako bati izen handiko bati baino sueltoago zigortzen zaiola uste dut nik ere, baina epaileek ez dute hori intentzionalidade baten barruan egiten. Entzuleek eta epaileek bertsolari batzun kantaera gehiago ezagutzen dute, eta hori haiek kantatutako bertsoen mesedetan izaten da (umore mota ezagutzen da, baita poesia moldea ere...). Bertsolari "berriak", berriz, dena saioan bertan eraiki behar du.
G. Kaixo Jon. Eskualdean, bertsolaritzaren inguruko tradizio handia izan da, baina aspladi ez dela bertsolari 'haundirik' atera; eskualdearen bertsolaritzaren ordezkari sentitzen al zara, horrek ekar dezakeen ardurarekin? Alabortzatik
E. "Handia" zeri deitzen diogun... Arkaitz Goikoetxea Euskal Herriko bertsolari onenetakoa da. Ziurrenik Oiartzun izango da (Zarautz eta Hernanirekin batera) bertso-eskolan mugimendu handiena duen herria. Horrek bertsolari asko sortu ditu, eta sortuko ditu. Historikoki ere nahiko oparoa da gure eskualdea, bertsolari handiak eman ditu. Bestela, "atera"-n dago kontua. Bertsolari onak izanagatik atera ez direlako. Atera, plazaz plazako jardunera. Baina horretarako ere aukera eman, aprobetxatu eta nahi izan behar da....
G. Bertsolarien jarduna kritikatzeko orduan, azaleko kritikak izan ohi direla irizten du askok: bertso bikaina, hala-nolakoa, eskasa, balekoa, saio polita...gehiegi sakondu gabe eta arrazoi sakonak eman gabe. Benetan horrela dela uste al duzu? azala
E. Zaila da bertsoa kritikatzea. Batetik, bertsolariak hiperkritikoak garelako besteekiko, baina gure bertsoekin.... Gainera, bat-bateko zerbait da. Askotan mezua kritikatzen da, sakonki, idazmahaitik, eta mezua 20 segundutan erditutako zerbait da. Askotan, pentsatzen dugunetik esaten dugunera ere alde nabarmena egoten da, ideiek ihes egiten dute... Bertsolariak bakarrik jakiten du bertsoa bukatu duenean zer esan nahi zuen eta zer esan duen. Horri puntuazio bat eman behar zaio, edo balorazio bat, eta bakoitzaren gustuak ezberdinak direnez... Horretarako daude epaile bat baino gehiago, gustuen bataz bestekoa egiteko. Nire ustez, akatsa margen txikiegiaren barruan puntuatzean dago 0tik 10era puntuatu liteke, baina bertso gehienak 5etik 7ra puntuatzen dira. Horrela diferentziak ez dira behar haina markatzen. NIk 0tik 20ra puntuatuko nuke, baleko bertsoa 5 izanik.
G. Epaileen lanari buruz, zein iritzi duzu? bustitzen al dira? saioren batean izan naiz eta ez dut uste gehiegi busti direnik! jon
E. Nik ere ez dut uste busti direnik. Lehen esan dudana da klabea. Bertso oso txar bat 4 da, eta bertso oso on bat 7. 6,5en bueltan dabilena aurrerako da ia beti. Nik ausardia gehiago nahi nuke epaileen aldetik, baina baita bertsolarienetik ere.
G. Nik galderarik ez, Jon. Animorik beroenak bidaltzen dizkizut zure herriko txoko honetatik. Badakit egin dezakezula, eta ondo egingo duzula finalean ere. Oiartzun zurekin dago ;-) Zorte on! Oiartzuar bertsozale bat
E. Eskerrik asko. Saiatu behintzat egingo gara.
G. Zure jarraitzaileak, normalean, bulloso xamarrak dira, saioren batean ikusi ditut eta kriston buila egiten dute. Finalerako prest daude? xabi
E. Duela lau urte koadrilakoek sekulakoa montatu zuten animatzen hasita... Euskal Herrikoan ere sumatu ziren haien oihuak. Aurten oraingoz isilago dabiltza, baina ikusiko da finalaren egunean... Bazkari on bat antolatu beharko da eztarria berotzen joan daitezen!
G. Aurtengo finalerako txartela eskuratu dutenen artean, sorpersarik izan al da? ni neu
E. Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Beņat Gaztelumendi sorpresatzat joko nituzke nik. Oso ondo kantatu dute orain arte, eta seguru finalean ere ez direla izutuko.
G. Faboritoren esaten ausartzen zara? iker
E. Aitor Mendiluze da nire ustez irabazteko hautagai nagusia.
G. Autodidakta moduan sor al daiteke bertsolari bat? ala
E. Bai, jakina. Orain dela hogei urte arte denak ziren autodidaktak. Ez zegoen bertso-eskolarik. Egia da gaur egun nahiko arraroa litzatekela norbait bertsoaren zirkuitoan sartu gabe bertsolari bihurtzea, baina litekeena da. Batzutan izaten dira halako sorpresak. Uste dut gaur egungo puntako bertsolariak ere nahiko autodidaktak direla. Ez jardunari dagokionez, baina bai filosofiari dagokionez agian.
G. Nola prestatuko duzu finala? zerbait berezia egingo duzu? ainara
E. Freskotasunak orain arte mesede egin didala uste dut, eta finaleraino eutsiko diot horri. Ariketa guztiak ondo egiten badakit. Beti dago hobetzeko margena, baina... Esango nuke entrenamenduak buztinaren antza duela. Landu ezean, oso hezea da, irristakorra, baina oso moldagarria. Gehiegi landuz gero, sikatu egiten da, zurrunegi bihurtzen da eta sorpresarako tarte gutxi uzten du. Segurtasunaren eta sormenaren artean hautatu behar da, eta erdibidean dago gakoa.
G. Denbora bat Indian pasa ostean, zer nolako eragina izan du zure sormenean? maitane sanchez oribe
E. Hirugarren begi bat sortu zait kopetan. Oraindik ez zait betazalik altxa, baina hor dago. Asko zabaldu dit burua esperientzia honek: kanpora eta batez ere barrura begiratzen ikasi dut. Oraindik, hala ere, ez dut lortu burutik mingainera eramatea.
G. Bertso bat botatzen duzunean, gaiaren gorputzari, begiei edota arimari begiratzen diozu? Enara
E. Batzuetan gaiaren parte ukigarriari heldu behar zaio, besotik edo gerritik; bestetan, gaiaren detaile batek obsesionatzen zaitu; eta batzuetan gaiaren barruan gordetzen den gaiari kantatzen diogu, intentzioari, mezuari kantatu partez. Gaiek aitzaki izan behar dute, abiapuntu bat, edozeri kantatzeko.
G. Bertso bat bota zazu oarsoaldeko inguru hau animatuz. Honela zure arima ere gozatu dadila Ilunbera bidean. Zorte on orereta aldetik Anima zure arima
E. Sentitzen dut, baina elkarrizketatan bertsorik ez nuela botako (idatziko?) erabaki nuen. Gainera, zertarako bertso kaxkar bat galdera honen azkeneko hitz jokua izanda?
G. Finalerako txurroekin, txurrorik gabe? bizarrarekin ala bizarrik gabe? Ileak ba al du eraginik sansonengan bezela bertsoa sortaraztekoan? ala superstizio gisa soilik.... ez dakit txapelketari begira horretan ere fijatzen zaren... zuk esango duzu. Zorte on! Naiara
E. Oraingo txurroekin eta bizarrekin, bezperako gauean Dalilarik agertzen ez bada...
G. noiz da neskatan egin zuen lehen aldia?Zure bertso doaiak erabili al zenituen? Neskatalari
E. Bertso-dohaiak? Neskatarako? Bertso-eskolan izena ematean pentsatzen, ala?
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.