Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2008ko urriak 8, Asteazkena

Harpidetu zaitez!

Elkarrizketa Digitalak

Maider Ziganda eta Aitor Etxeberria

Maider Ziganda eta Aitor Etxeberria

Pasaiako alkatea eta Oiartzungo alkatea

2008-09-26 - 12:00

Pasaiako eta Oiartzungo alkateekin elkarrizketa digitala, EAE-ANV alderdiaren legez kanporatzearen inguruan. Bidali zure galdera.

Erantzundako galderak:

1

G. Kaixo biei. Hau da nere galdera: eragina izango al du udaletxeetan ANV legez kanpo uzteko erabakiak. Eta baldinba du, zertan? Maika

E. Etor daitekenaren gainetik, gure zinegotzi eta alkate postuetatik, orain arte bezala, herria ezkerretik eraikitzen jarraituko dugu, duela urte eta erdi herritarrek hala agindu bezala. Oraingoz juridikoki ez dago argi zer gertatuko den udal taldeekin, baina argi dagoena da guk lanean jarraituko dugula.

2

G. Beste alderdiekin egunero egongo zarete hitz egiten gauza askotarako. Baina esan al dizuete zein jarrera hartuko duten Madriden hartutako erabaki hori eta gero? Animo eta eskerrik asko Xebe

E. Beraien jarrera Udaletxetan pasiboa da, ezer gertatuko ez balitz bezala. Baina zoritxarrez, azken urteetako gertakariek agerian uzten dute batzuek estatuaren estrategia babesten dutela eta besteek erabiltzen dituzten hitz politen gainetik, estrategia hori onartu eta egoeraz baliatu egiten direla.

3

G. Kaixo biei. PSOE-ren gobernuak hartu du erabakia (epaileen bitartez) EAE ilegalizatzeko. Zuekin PSOEko zinegotziak egoten dira plenoetan eta horrela. Zerbait berezia egiteko exijituko al diezue? Karlos Iraurgi

E. PSOEko zinegotziei, beste alderdietako zinegotziei bezala, herritarren borondatea errespeta dezatela exigitzen diegu. Horretaz gain, aurrera eramaten ari den gerra estrategia alde batera utzi eta benetako irtenbide demokratikoa lortzearren lan egitera deitzen dugu.

4

G. Legez kanporatu arren zuen alkate postuetan jarraituko dezue. Ze eragin izango du beraz zuen lanetan? Merino

E. Ezker Abertzaleak erakutsi du apartheid egoeretan badakiela lan egiten. Momentu honetan ere, garrantzitsuena ez da postuei eustea, baizik eta gure herrietan, zein Euskal Herrian ditugun erronkeei aurre egitea. Hau da herriarekin hartutako konpromisoa, datorrena datorrela.

5

G. esan dutenez, ANVko zinegotziek zuen postuak mantenduko dituzue. baina oreretan dagoeneko ez dute talderik, eta pasaia bezalako herri batean, gutxiengoz duela alkatetza, oposizioak alkatetza kentzeko beldurrik bai al duzue?

E. Oreretako Udalbatzak hartutako erabakia aintzat hartu gabe, alkateak taldea desegina egongo balitz bezala jokatzen du. Hala ere, Oreretako ezker abertzaleko hautetsiek lanean jarraitzen dute oztopo guztien gainetik. Pasaiari dagokioenez, ez digu beldurrik ematen, ez dugulako ahaztu behar aurretik bitan alkatetza lapurtu digutela. Beraz, badakigu edozer gauza egiteko prest daudela beraien beharren arabera, horren adierazle nagusia da mozio etikoen afera.

6

G. Zein da zuen udaletan dauden gainontzeko alderdien jarrera? Bueno ze ingo deu! edota, ez dago eskubiderik eta kalera aterako gara zuekin. Aritz

E. Lehen aipatu bezala, arduragabekeriaz jokatzen ari dira, beste alde batera begiratuz. Momentu honetan erantzuteko tenorea dugu, beraz, herri ezberdinetan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu, eta horien artean, datorren larunbatean, urriaren 4ean, Bilbon burutuko den manifestazio nazionalean ere.

7

G. Kaixo, zein balorazio egiten duzuen EAE-ANVren ilegalizazioaren inguruan? zuen ustez, Amnistiaren aldeko mugimenduaren legez kanportazea, EHAKren legez kanporatzea azken atxiloketak... ba al dute nolabaiteko loturarik? Maitane

E. Argi dugu estrategia bakar bati erantzuten diotela. Ez dugu ahaztu behar porrot egindako negoziazio prozesu batetik gatozela. Prozesu honetan argi geratu zen estatuak eta indar erregionalistak ez zituztela askatu nahi gatazka politikoaren bi korapilo nagusiak, lurraldetasuna eta autodeterminazioa. Ezker abertzaleak sasi irtenbiderik onartu ez zuenez, kosta ahala kosa, ezkerreko proiekto independentista da estatuak ezabatu nahi duena. Horretarako bere esku dituen tresna guztiak erabiltzen ditu, Euskal Herrian salbuespen egoera basatia ezarriz.

8

G. Galdera zuzen bat: izan al duzuen PNVekokekin ilegalizazioarn inguruan elkarrizketaik? zer diote? Herriari hitza bai, eta haiek dira guri eragozten digutenaK? animo eta segi aurrera! Maider

E. Guk argi dugu PNVren asmoa ez dela herriari hitza ematea. Hor ditugu azken urteetan eraman duen politika, Ibarretxe Plana, Kontsulta Legea, etabar. Benetako irtenbidea bilatu beharrean, kontsulta mediatikoa mahaigaineratzen du jakinik ibilbiderik gabeko proposamena dela eta gatazkaren konponketarako baliagarria ez dela lehen aipatutako bi korapiloak ez dituelako askatzen.

9

G. Eta, Aralar, zer? orain ere mutu? Joseba

E. Beste alderdiek hartutako jarrera bera mantentzen dute: Euskl Herrian hitz politak eta Madrilgo Kongresuan, Nabai koalizioaren bitartez, espainiar konstituzioa eta ejerzitoa onartzen dituzte eskubideen bermatzaile gisa.

10

G. Egia al da datozen hauteskundeetan "zerrenda zuriak" aurkeztuko dituela ezker abertzaleak? Animo eta jarraitu lanean Koldo

E. Aurreko hauteskunde guztietan bezala, ezker abertzalea presente egongo da hauteskundeetan.

11

G. Urte bat pasatxo daramazue alkate bezala. Ze balantze egiten duzue egindako lanaz? Marian Lopez

E. Balantze positiboa egiten dugu, lan handia eta eraginkorra egin dugula uste dugu. Argi dago oraindik ere asko dugula egiteko, baina politika aldaketa nabarmendu dela uste dugu, lan egiteko modu ireki eta partehartzaileago bat bultzatuz.

12

G. Alderdi historiko baten siglak erabili dituzue boterera iristeko. Ez al zaizue gaizki iruditzen biolentzia ez kondenatzea, eta horregatik ANV ilegalizatzea? Gora Euzkadi

E. Biolentzia mota jakin bat ez kondenatzea estatuak erabiltzen duen aitzakia da ezker abertzalea isilarazteko. Franko garaian EAE-ANVko kideak afusilatu zituzten bezala, gaur egun, helburu berdinarekin baina tresna ezberdinez (epaiketak, atxiloketak, torturak, manifestazioak debekatuz, ilegalizazioak...) ilegalizatu dute EAE-ANV. Ezker abertzaleak argi du gatazka konpontzeko premiazkoa dela proposamenak mahaigaineratzea gaitzespen hutsetan gelditzea irtenbide antzua baita.

13

G. ANVren egoera zailak bere politika sozialetan eragina izango du? Azken kasu batzuk nahiko aipagarriak izan direla kontutan hartuta; Trintxerpeko etxebizitzen hustutzea, Arraguako etxebizitzen promozioa Oiartzunen... Ainitze

E. Lehen aipatu bezala, orain arte bezala jarraituko dugu lanean. Trintxerpeko maisu-maistren etxebizitzen inguruan jarraitutako irizpidea berretsi nahi dut, hau da, etxebizitza izateko eskubide pasaitar guztion eskubidea dela, baldintza berdinetan, eta ez gutxi batzuei dagokien zerbait guztionak ziren etxe batzuk erabili dituztelako.

14

G. Igual ez da orain momentua baina galdera bat daukat Maider Zigandarentzako: zer gertatzen da Pasaiako mugen taldearekin? Lanean al zaudete? Altza Bizirik

E. Lanean jarraitzen dugu eta aurki izango dugu orain arte egindakoa konpartitzeko aukera.

15

G. Zer uste duzue pasako dela Udalbiltzaren epaiketarekin? Jon Ander

E. Euskal Herrian pairatzen dugun salbuespen egoeraren baitan Espainiar "justiziatik" ezin dugu ezer onik espero, azken epaiketek erakutsi diguten bezala.

16

G. Oreretan PNV, EA eta IU legez kanporatzearen aurka azaldu dira, nahiz eta publikoki ez duten oso argi utzi. Zuen herrietan nabaritu al duzue "keinurik" alderdi hauen aldetik? Gontzal

E. Ez. Pasaiako kasuan, gaur arratsaldeko udalbatzarrean izan dezakete horretarako aukera, baina zoritxarrez, dagoeneko publiko egin dute ez dutela bertan parte hartuko, berriz ere agerian utziz hitz politetatik pasatzeko asmorik ez dutela.

Egindako elkarrizketak

Maider Ziganda eta Aitor Etxeberria

Maider Ziganda eta Aitor Etxeberria
Pasaiako alkatea eta Oiartzungo alkatea

2008-09-26

Jose Manuel Santos

Jose Manuel Santos
Sanpedrotarra Arraun Elkarteko kidea

2008-07-22

Jon Kortajarena

Jon Kortajarena
Gelditour ekimeneko kidea

2008-05-20

Ion Telleria

Ion Telleria
Gazte Topaguneko antolatzailea

2008-03-12

Jaione Andres eta Mertxe Lorenzo

Jaione Andres eta Mertxe Lorenzo
Anezka Emakume Taldea

2008-03-05

Joseba Apaolaza

Joseba Apaolaza
Aktorea eta zuzendaria

2008-01-29

Jon Martin

Jon Martin
Bertsolaria

2007-12-04

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa