Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

irudimenaren txanda

Inauteriak

Ostegun gizeneko ekitaldiekin hasi ziren atzo inauteriak, asteartera arte luzatuko direnak

lorea muguruza/iban iza

Inoiz baino lehenago iritsi dira aurten inauteriak; oharkabean, segur aski, bat baino gehiagorentzat. Baina azkar iritsi izana ez da oztopo bihurtu jaia behar bezala abiatzeko, ohiko indarrarekin hasi baitzen atzo mozorroen festa. Errenteria-Oreretan, ohi bezala, azeri dantzarekin ekin zioten inauteriei; emakumez jantzitako gizonei eta gizonez jantzitako emakumezkoei begira, herritarrek irribarrez hartu zuten koloreen jaiaren hasiera. Lezon, berriz, jende andana bildu zen Trapujaleren etorreran, usadioari jarraiki.

Trapujalek, gainera, 20 urte betetzen ditu aurten, eta urteurrenak herritar guztiak aztoratu ditu. Hasteko, atzo arratsaldean, Jaizkibel Azpi Herri Eskolan herriko txikienek ongietorria egin zioten Lezoko inauterietako protagonista nagusiari. Txapeletan eta alkandoratan trapuak behar bezala itsatsi eta, dantza eta abesti artean, urteroko ahots sakona entzuteko prest zeudenean, Trapujale eskolako balkoian agertu zen. Oihu eta irri artean iritsi zen, beraz, zaldi buruhezurra duen pertsonaia.

Gero, trapuak alde batera utzi eta bestelako mozorroak nola egin ikasten aritu ziren herriko txikienak: drakularen makillajea egin, zakar poltsekin soinekoa prestatu... Askok, datozen egunetarako badaezpadako mozorroa atontzeko baliatu zuten mozorro tailerra.

Suziri artean, Jaizkibeldik behera

Baina Lezon, eguneko unerik garrantzitsuena, eguzkia sartu eta handik ordubetera heldu zen: Martizkone baserritik Trapujale jaitsi zen, suziriek bidea argitzen ziotela. Auñamendi kalearen hasieran, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek itxaron zioten, eta, handik aurrera, herriko kaleetan barrena eta musikak lagunduta, herritarrak agurtu zituen jada 20 urte bete dituen pertsonaiak.

Gurutze Santuaren plazara iristean, ohi duen bezala, herritarrei inauteri zoriontsuak pasatzeko gonbitea egin zien Trapujalek, eta arranpuilaren ordua iritsi zen. Askok egin zuten salto orduan, intxaurrak jasotzeko asmoz.

Aurkenerena omenduz

Arranpuilaren ondotik, Trapujale oroigarria eman zioten Joseba Aurkenerena idazle eta Kultura zinegotzi ohiari; beste herritar askoren artean, Aurkenerenak orain hogei urte herriko inauteriak bultzatu izana eskertu nahi izan zioten modu honetara. Txalo artean eta pozik jaso zuen oroigarria Aurkenerenak.

Azeri Dantza, txantxarako beta

Errenteria-Oreretan, bien bitartean, Azeri Dantza izan zen inauterien hasiera iragarri zuena, ohi bezala, Ereintza Dantza Taldearen eskutik.

Motorrak berotzeko poteoaren ondotik, parte-hartzaileak Juan Olazabal kaletik irten ziren dantzan, herriko kale nagusienak zeharkatu eta 20:00ak inguru Herriko Plazara iristeko. Ibilaldian zehar, giro ederra sortu zuten Ereintzakoek, haien txantxak, dantzak eta oihuak lagun. Susto ederra eraman zuen haiekin topo egindako herritar bat baino gehiagok; baina, ezustea pasata, oinezkoek irribarrez jarraitu zituzten dantzarien komeriak. Etxeko txikienek, bereziki.

Ikastetxeak

Gaur, nagusiki, ikastetxeek hartuko dute festaren lekukoa, ikastetxe bakoitzak mozorratzeko aukeraturiko gaiekin eta doinuekin. Errenteria-Oreretako Cristobal Gamon Ikastetxean, esaterako, inudez eta artzainez jantziko dira ikasle gazteenak, 11:30ean, eskolako patioan. Arratsaldean, berriz, euskal inauteria irudikatuko dute.

Tabernak

Ikastetxeak ez dira, noski, inauteriak ospatzen dituzten bakarrak. Tabernek ere paper garrantzitsua jokatzen dute egunotako gauak girotzeko orduan. Hala, guztiak mozorratzen dira; batzuk besteak baino hobeto, bai, baina ezin uka guztiek egin ohi duten ahalegina.

Mozorratzeaz gain, inauterietako lehiaketa ere antolatu dute Errenteria-Oreretako Aker, Zuzen, Limerick, Txilintxa, Maiaritz, Juli eta Zazka tabernek: Bartzelonan jokatuko den bat formulako lasterketarako bidaia bi lagunentzat, hotela eta hiru eguneko sarrerak barne. Parte hartzeko baldintza bakarra: gaur eta bihar, bezeroak mozorratuta joatea taberna hauetara. Irudimenak ez duelako mugarik inauterietan. Aspertzeko aitzakiarik ez, beraz.

 

eskualdeko inauterietako egitaraua, gaur



Jarraian, Oarsoaldeko herrietan gaur izango diren ekimenak irakur daitezke:

Lezon, Ostiralori09:30. Kalejira izango da herrian zehar Herri Eskolako eta Institutuko ikasleen eskutik.

10:30. Herri Eskolako ikasleen eskutik Munduko Haurrak emanaldia izango da Saldise plazan.10:45. Trapujale festa, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen eskutik Andreonetik Gurutze Santuaren plazara. Jarraian, euskal inauterien dantza emanaldia. Ondoren, hamaiketakoa eta trapu jolasak egingo dituzte.

18:00. Zirikuen kalejira Bekoerrota kiroldegitik hasita.

19:00. Trapu Bandaren eskutik musika emanaldia izango da Gurutze Santuaren plazan.

19:45. Murixka Dantza Taldeak kalejira egingo du herriko kaleetan zehar, Gurutze Santuaren plazatik abiatuta.

21:00. Trapujale Taldeak antolatuta barrikotea izango da Tiñelu Elkartean.

Oiartzun

10:30. Haurtzaro Ikastolakoen desfilea herrian barrena.

11:00. Elizalde eskolako DBHkoen emanaldia, Madalensoron izango da.

11:30. Dantza saioa Haurtzaro ikastolan.

14:30. Elizalde Herri Eskolakoen desfilea herritik.

14:30. Haurtzaroko emanaldia ikastolan, edo Elorsoron.

15:15. Elizaldeko eskolako Lehen Hezkuntzakoen emanaldia izango da Madalensoron.

Errenteria-Orereta

06:00. Txistularien diana, herriko kaleetan barrena.

15:30. Orereta Ikastolak antolatuta, inauteri jaien desfilea izango da.

18:00. Errenteria Musikalek antolatuta, Lapurdiko inauterien desfilea egingo dute herrian barrena.

20:00. Lagunak txaranga herriko kaleetan barrena ibiliko da giroa berotzen.

20:00. Udal kiroldegian, Galtzarabordan, inauterietako konpartsen aurkezpena izango da.

Antxo

16:00. Ikastolatik abiatuta desfilea herrian barrena. Gero, Zumardian dantza saioa eta ondoren Miel Otxin erreko dute.

San Pedro

16:00. Herriko plazatik abiatuta desfilea herrian barrena. Gero, frontoian dantza saioa.

Donibane

15:30. Pasaia Lezo Lizeoaren ikastola atarian dantza saioa egingo dute.



 

Amulleta Danborraren Kofradiaren 20. urteurrena

Inauteriak

Lehen aldiz, Donostiako sardinaren ehorzketaren desfilean parte hartuko du Kofradiak, datorren astelehenean

i. iza



Aurtengo inauteriak bereziak dira Errenteria-Oreretako Amulleta Danborraren Kofradiarentzat. Batetik, urtemuga biribila ospatzen duelako: 20 urte, Lezoko Trapujaleren antzera. Bestetik, Donostiako inauterietan parte hartuko duelako estrainekoz. Hurrengo astelehenean izango da, hiriburuko sardinaren ehorzketaren desfilean.

80. hamarkadaren bukaeran sortu zen taldea, modu herrikoian eta antolakuntza handirik gabe. Sardinaren ehorzketaren desfilean hainbat gazte danborra joaz ateratzen zirela ikusita, hori egiteko talde bat sortzea bururatu zitzaien hainbat herritarri. Harrez geroztik, Amulletakoak urtero-urtero kaleratu dira herriko sardinaren ehorzketaren desfilean, haien danborrak gogor astinduz eta herriko kaleak girotuz.

Trintxerpen ere bai

Urte hauetan guztietan 60 bat partaide izatera iritsi da Kofradia, adin guztietakoak, eta gizonezkoak nahiz emakumezkoak. Gaur egun, 26 kide ditu taldeak, batez beste, 40 urteko adinarekin.

Ohitura polit honi eutsita, Amulleta Danborraren Kofradia oso ezagun egin da Errenteria-Oreretan, baina baita inguruko herrietan ere. Izan ere, Trintxerpeko inauterietan ere parte hartzen du taldeak, bertako bakailaoren ehorzketan; abuztuan, aldiz, Donostiako Aste Nagusian kaleratzen da Amulleta.

Aste Nagusian bai, baina ez Donostiako inauterietan. Alta, aurten izango dute horretarako ohorea, Kofradiaren 20. urteurrenarekin bat eginez.

Ohorezko kofradiakide

Eta asteartean, noski, Errenteria-Oreretako inauterien azken egunean kaleratuko dira Amulletakoak, sardinaren ehorzketaren desfilea girotuz.

Sardina ibaira bota eta desfilea bukatzean, halaber, Amulletakoak mahaiaren bueltan bilduko dira, goxo-goxo afaltzera. Eta afariaren bueltan, zazpi kofradiakide berri izendatuko dituzte.

Aurten, gainera, herriko bi tabernari izendatuko dituzte ohorezko kofradiakide: Buxan tabernako Santi eta Amonaren Txokoa tabernako Kike, hain zuzen. Taldearekiko duten harremana nabarmendu nahi dute era honetara.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

deialdiak

Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10

deialdiak

Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa