
43 urteko marinel bat larri zauritu da portuan izandako lan istripuan
Lan istripua
Itsasontziko eskaileretatik behera erori zen atzo, eta burezurrreko eta entzefaloko traumatismoa larria du
jon gonzalo
43 urteko marinel bat larri zauritu zen atzo, Pasaiako Portuan izandako lan istripu batean. Arratsaldeko 14:00etan izan zen istripua, Gibraltargo bandera zuen Alegro itsasontzian. 43 urteko marinela itsasontziko eskaileretatik behera erori zen, eta buruan kolpe handia hartu zuen. Burezurreko eta entzefaloko traumatismo batekin iritsi zen Donostiako Ospitalera, eta Zainketa Intentsiboen Unitatera (UCI) eraman zuten.
Alegro itsasontzia Algeposa enpresak kontratatu zuen, eta hainbat txatar tona ekarri zituen Pasaiako Portura. Hain zuzen ere, istripua gertatu zen unean, itsasontziko marinelak txatarra portura deskargatzen ari ziren.
OARSOALDEKO HITZAren edizioa ixteko orduan Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean jarraitzen zuen.
Urteko bigarren lan istripua
Eskualdean gertaturiko bigarren lan istripua da atzokoa. Izan ere, joan den urtarrilaren 9an bi lagun zauritu ziren Errenteria-Oreretako Agustinak auzoan, Donostiako bigarren ingurabideko obretan lanean ari zirela.
Goizeko 11:15ak aldera izan zen ezbeharra, A-8ko autobideko zubitik gertu. Hormigoia nahasten ari zen kamioi bat irauli egin zen, bi langileak zeuden aldera eroriz. Kamioiak ez zituen langileak bete-betean harrapatu, baina kolpearen ondorioz hainbat zauri eragin zizkien. Langileetako batek hanka bat hautsi zuen, eta besteak kolpe handi bat hartu zuen bularraldean. Obrak egiten ari ziren «lurraren ezegonkortasuna» aipatu zuen lan istripu horren hipotesi gisa Osalanek, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak.
Iaz bost lagun hil ziren
Bien bitartean, 2007. urtean, denera, bost lagun hil ziren lan istripuen ondorioz Oarsoaldean. Horietako hiru, Pasaiako Portuan; hirurak bi asteko epean zendu ziren.
Otsailaren 26an gertatu zen lehen heriotza, San Pedroko arrantza portuan. Arrantzale bat itota agertu zen, ustez, lurretik ontzira jauzi egitean uretara erorita.
Martxoaren 5ean, aldiz, itsasontzi bateko kapitaina izan zen hilik agertu zena uretan, Molinaoko kaian. Hiru egun beranduago, martxoaren 8an, kamioilari bat hil zen Portuan, bihotzekoak jota.
Lan istripuek iaz eragindako beste bi heriotzak Lezon eta Oiartzunen izan ziren. Urtarrilaren 16an, 56 urteko langilea zendu zen Lezoko industria gunean, makinak harrapatuta. Otsailaren 16an, 39 urteko langilea hil zen Oiartzunen kale bateko obretan lanean ari zela.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.