Mondragonen kontra galdu eta gero, jaitsieratik gertuago dago Touring
Futbola
Mondragonek 0-2 garaitu zituen gorritxoak Fanderian; Preferenteko azken postura itzuli dira
lorea muguruza
Atzo Preferente Mailan jokatzen duen Touring taldeak ez zuen Mondragon taldea mendean hartzerik izan: 0-2 galdu zuen norgehiagoka. Emaitza horrek jaitsiera postuetan gehiago egonkortu du talde gorritxoa, izan ere, sailkapen nagusian hemezortzigarren postuan, azkenengoan, baitago hogeita bat punturekin. Horrez gain, Lehen Erregionalean Allerruk Beti Gazte talde lesakarraren kontra binako berdinketa lortu zuen. Emaitza horren ondorioz, laugarren postura jaitsi da sailkapenean talde lezoarra.
Beste horrenbeste egin zuen Oiartzungo Lehen Erregionaleko taldeak: binako berdinketa lortu zuen Lagun Onak talde azpeitiarraren kontra. Lortutako puntu bakarrak seigarren postuan jarri ditu oiartzuarrak, hogeita hamasei punturekin.
Mondragon nagusi
Touringek zituen indar guztiak jarri zituen arren partida irabazteko ez zuen lortu, Mondragonek partida hasi eta 15. minutuan lehen gola sartu baitzuen. Bi minutu geroago, ordea, Touringek gola sartu zuen, baina epaileak anulatu egin zuen. Protesta ugari sortu zituen epailearen erabakiak.
Lehen zatian gol aukera ugari izan zituen arren, talde gorritxoak ez zuen Mondragon taldearen atea zulatu.
Bigarren zatian ere ez zuten zorterik izan, Touringeko jokalariak gola sartzen saiatu ziren, baina 90. minutuan Mondragonek bigarren eta azken gola sartu zuen, norgehiagoka erabat erabakiz.
Oiartzunek partida zaila
Partida gogorra izan zuen Lagun Onak talde azpeitiarraren kontra Oiartzunek. Gol aukera ugari izan arren, bi gol sartu ahal izan zituzten soilik oiartzuarrek: lehena, lehen zatian iritsi zen Aritz Bereziartuaren eskutik, 40. minutuan. Bigarrena, berriz, partida bukatzeko hamar minuturen faltan sartu zuen
Tximinok.
Lehen zatiaren 30. minutura arte bi taldeen arteko borroka gogorra izan zen, baina orduan Oiartzun taldeko jokalari batek eskuz ukitu zuen baloia bere area barruan eta epaileak Oiartzunen kontrako penaltia adierazi zuen. Azpeitiarrek ez zuten huts egin. 40. minutuan, ordea, emaitza berdindu zuten oiartzuarrek.
Bigarren zatiaren 20. minutuan sartu zuen Lagun Onak taldeak bigarren gola, baina 82. minutuan epaileak jokalari azpeitiar bati txartel gorria erakutsi eta hortik aurrera hamar jokalarirekin jokatu behar izan zuen.
Allerruk ere bina
Allerruk Beti Gazteren kontra jokatutako partidan erritmo bizia izan zen nagusi. Lehen zatia hasi eta hamar minutura jokalari lezoarren akats baten ondorioz, Beti Gaztek lehen gola sartu zuen. Lezoarrak ez ziren lo gelditu eta hamar minutu geroago Mederi Orbisok lezoarren lehen gola sartu zuen. Jon Etxebestek lezoarren bigarren gola sartu zuen 30. minutuan 30 metrotik egindako jaurtiketa bati esker. Bigarren zatian, ordea, Beti Gazteren alde epaileak falta adierazi zuen area ertzean eta faltaz bina berdindu zuen.