Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

zigor atsegina

San Pedro

Mikel Astarloza lanerako egina dago. Agintzen dizkioten entrenamenduak fin-fin betetzen ditu, erreportaje honetan ikusten den moduan. Zer, zenbat, noiz eta nola. Motoaren atzetik astero egiten duen saioa da interesgarriena

andoni urbistondo 'berria'

Bizikletan sei orduko saioa egin ondoren agertu da hitzordura Mikel Astarloza (San Pedro, 28 urte). Dutxatuta, txukun jantzita, eta neke arrastorik gabe. Bazkaria bukatu eta lokartzen hasi denean agertu da nekea. Siesta garaia da. Derrigor egin beharrekoa. Egunero. Gorputza zigortzeko exijentziaren parekoa.

Jatun ona dela aitortu du hasi baino lehen Mikel Astarlozak. Eta denboraldia bukatu eta gero 10 kiloko pisua hartzen duela ere bai. Zazpi galdu ditu dagoeneko. Euskal Herriko Itzulia hasten denerako beste hirurak galduko ditu (apirilaren 7an hasiko da). Iaz denboraldi bikaina egin zuen, eta bere prestakuntzaren xehetasunak jakiteko asmoz, motoaren atzetik egindako entrenamendu baten gora beherak azaldu ditu.

Igor Gonzalez de Galdeano Euskaltel-Euskadi taldeko kirol zuzendariak eta Josu Larrazabal prestatzaile fisikoak zehazten dituzte taldeko txirrindularien entrenamenduak. Astarlozak berak erabakitzen omen du gehixeago edo gutxiago egin, baina «agintzen didaten guztia egiten dut», zehaztu du. Power Tap izeneko sistema bat dute entrenamenduetako datuak jasotzeko, «baina nik ez dut oso gustuko, nahiago izaten dut neure burua nola ikusten dudan, horren arabera jardun. Pultsometroak potentziometroak baino informazio hobea ematen dit».

Aste bateko entrenamendu plangintza zehazten hasi da pasaitarra. Euskadiko Sei Orduetan parte hartu zuen otsailaren 23an. Bi ordu pasatxo izan ziren, «baina bete-betean, eta 60 kilometro orduko abiaduran». Lehiaketa egunen ondoren bi ordu inguruko irteera egiten dute. «Lasai-lasai, giharrak askatzeko eta». Sei Orduen ondorengo astelehenean atsedena hartu zuen, eta asteartean hiru orduko entrenamendua, «gorputza martxan jartzeko pixkanaka».

Hirugarren egunean entrenamendu gogorra egiten du. «Asteazkenean 120 bat kilometro egin nituen, lau ordu inguru, eta sailak mendateetan. Euskal Herriko Itzulia prestatzen ari bainaiz, bospasei kilometroko mendateak igotzen ditut. Mandubia, Andatzarrate eta Alkiza, adibidez. Bost kilometroko sailak, bihotz taupada muga handienean. Nire kasuan 180 taupada minutuko».

Jipoi horren ondoren, ezer ez egitea onena, aukeran, eta gorputzari horretarako baimena emanez gero, baina guztiz kontrakoa agintzen du taldeko nagusien aginduak. «Laugarrena da asteko saio gogorrena. Lau edo bost ordukoa, gorputza nekatzeko, eta nekatua sentitzen denean, ordubeteko saioa motoaren atzetik. 60 bat kilometro, ordu batean, eta 200 inguru egun bakarrean». Erraz esaten da. Aste bateko zikloa bi orduko entrenamendu lasaiarekin amaitzen da, lehiaketa baino bi egun lehenago. Azken egunean bidaia egiten du Astarlozak. Aste honetan, esaterako, Murtziako Itzulian dabil sanpedrotarra.

Asteroko plangintza aztertu eta hausnarketa egiteko eskatu diogu Astarlozari: «Entrenamendu gogorrena atsegin dut gehien, ondo egiten badut neure buruarekin-eta gustura gelditzen naizelako. Garrantzitsua da hori niretzat. Bi orduko lanegunak nahiko txarrak izaten dira. Denbora asko dut libre, eta jatun ona naizenez... erre ez den janaria; jateko tentazioa handia da». Astarloza ezagutzen duen oro ez da harritzen horrekin. Beste guztiak, ordea, bai. Azaroan hasi zen gorputza zigortzen, eta 9.000 kilometro egin ditu dagoeneko. «Horrek zazpi kilo gutxiago esan nahi du», dio barrez.

Motoaren atzetik, tentsioa

Mikel Azkune Usurbilgo Urbil gune komertzialeko biribilgunean dago zain motoarekin. Usurbil aldera egin du, Astarloza koinatua atzeko gurpilera itsatsita daramala. «Motoaren atzetik egiten ditugun lan saioek bi helburu dituzte. Bata, lasterketako egoera irudikatzea, gorputza lasterketako gogortasunera ohitzea, behartzea», argitu du Euskaltel-Euskadi taldekoak. Lasterketetan arratsaldeko laurak aldera iristen da une erabakigarria, gogorrena, «eta motoaren atzetik ibiltzen garenean ordu horietan ibiltzen saiatzen gara, gorputza ohitzeko». Pilotarien berri eduki zutelako hasi omen ziren ordutegia zaintzen. «Haiek partida batzuk gaueko hamaiketan jokatzen zituztela eta, astegunetan ordu horretan esnatuta egoten zirela entzun genuen. Guk ere antzera».

Bigarren helburua erlojupekoak dituztenean gorputza prestatzea da. «Erlojupekoa ahalegin laburra baina gogorra izaten da, eta motoa hankak pizteko egiten dugu. Suabe-suabe. Erlojupekoetan erabiltzen dugun pedal kolpe maiztasuna eta abiadura irudikatzen ditugu, baina haizerik gabe». Izan ere, hori da motoaren atzetik ibiltzeak dakarren onura handiena: «Haize asko kentzen du. Ez dakit kopuru zehatza zein izango den, baina %80 bai, agian». Motoaren atzetik 50 kilometro ordutik gorako abiaduran ibiltzen da Astarloza, eta 70 kilometro orduko puntak ere lortzen ditu.

Gidariaren eta txirrindulariaren arteko ezagutza, konfiantza, funtsezkoa da. Tentsioa handia dela dio Mikel Azkunek: «Saio batzuk ordu eta erdikoak dira, Aizarnazabaleraino joan eta etorri kostatik, eta erne joan behar duzu une oro. Erne aurrean duzunari erreparatzeko, erne txirrindulariaren aurpegi edo esanei, atzetik datorren trafikoari, aurretik ager daitekeenari, errepideko zuloei...». Astarlozak eta Azkunek, halere, garbi utzi dute gidariek eurekin errespetu handia daukatela, eta eskertzen dute. «Ez dakit ezaguna naizelako den, edo azkar goazelako, baina ez dugu batere arazorik izan».

Astarloza motoaren atzeko gurpiletik 10-15 bat zentimetrora joaten da, oso gertu. «Batzuetan gurpila ukitu izan dut», aitortzen du, baina ez du erorikorik izan. Zorua ondo ezagutzen dute, urteak daramatzatelako toki berean hara eta hona, eta zulorik ez dagoela diote. Balego, arriskua handia litzateke: «Nik motoaren arrastoari jarraitzen diot. Bera joaten den lekura joaten naiz ni, eta motoko gidariak ibili behar du erne, badakielako nik zuloa harrapatzen badut bere gainera noala».

Bien arteko komunikazioa sinplea da. Beraientzat behintzat bai. «Berez oso espresiboa naiz aurpegira begiratuz gero, eta Mikelek ispilutik begiratu eta badaki eroso edo justu noan», dio Astarlozak. Erabiltzen dituzten hitzei dagokienez, txirrindulariak abiadura handiagoa nahi badu, «gehiago» oihukatzen dio. «Ezinean baldin banoa, oihu sinplea egin, «eh», edo antzeko zerbait». Motoaren gidariak errepideak gorantz egiten duenean du arazo gehien. «Zelaian edo aldapa behera ez dago arazorik, abiadura beti antzekoa da, baina gorantz txirrindulariak bere abiadura murrizten du, eta abiadurara egokitzen asmatu behar da».

Eguraldiarekin ere komeria franko eduki omen dituzte. Astarlozak dioenez, berak gutxiago sufritzen du euriarekin eta hotzarekin, «babesean eta ahalegin fisiko betean noalako, baina motoan doana, geldi eta abiadura bizian». Iritzi horrekin bat dator Azkune, eta pasatutako hotzak eta bustialdiak gogoratzean beldurtzen da.

Azkune auto barruan ibiltzen zeneko garaiarekin gogoratu da: «Orduan bai ondo, goxo-goxo eta musika entzuten». Gaur egun ez dira autoaren atzetik ibiltzen, «ez delako motoaren atzetik joatea bezain eraginkorra. Motoak haize handia kentzen du, eta autoak gehiago, eta kentzeaz bat, autorantz erakartzen zaitu, eta arriskutsua da». Abiadura sekulakoa omen da autoaren atzetik ibiltzen zarenean, «eta sentipena ez da motoaren atzetik zoazenean bezain erreala. Autoan 80 kilometro orduko abiaduran joan izan naiz, pentsa!». Norberaren estimuari hauspoa emateko gauza hoberik ez dagoela ere onartzen du Astarlozak. «Pedalei astindu eta 80 kilometro orduko abiadura lortzea sekulako sentipen ona da gorputzarentzat». Zigorra, bai, baina zigor atsegina.

 

«Kirol erronkekin zuhur jokatzen dut; ez ditut esaten, pentsatu bai»

mikel astarloza ð- Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

a. urbistondo /' berria'



Tourreko sailkapen nagusian bederatzigarren postuan sailkatuta gutxien harritu zena bera izan zela dio Astarlozak. Ez harroa delako, «nire gaitasunean fedea daukadalako, besterik ez». Aurtengo helburuei buruz galdetu diogunean, nabarmen geratu da hori. Umiltasunez dio: «Iazkoa hobetuta, konforme».

Pertsona ezaguna zara. Pasaian eta Gipuzkoan, batez ere.

Bai, baina ez naiz horretaz jabetzen eguneroko bizitzan. Ez nuke nahi kalean jende guztiak ezagutzen dituen horietakoa izatea. Euskal giroan ezagunagoa naiz, batez ere Euskal Herriko talde ezagunenean korritzen dudanetik, eta atsegin dut hori.

Ag2r utzi eta Euskal Herrira etorri zinenetik urte eta erdia igaro da. Kontent?

Oso gustura nago etxean, eta emaitza hobeak lortzen ari naiz. Hobetzeko tartea neukalako utzi nuen Ag2r. Han alfertu egin nintzen. Atzerritarra nintzen, soldata ona, bost urte Frantzian, kirol arloan exijentzia handi-handirik ere ez. Neure buruari koska bat igotzeko exijitu nion, eta lortu dudala uste dut.

Iazko Tourrean 9. postuan sailkatu zinen nagusian. Harrituta?

Tourrean hamar onenen artean sartzea nire gaztetako ametsa izan da, eta iaz lortu nuen. 20 onenen artean sartu gabe nengoen inoiz, baina ondo ezagutzen dut neure burua, eta Tourra hasi aurretik fedea neukan 15 onenen artean sailkatuko nintzela.

Aurrerantzean, 9. postu hori hobetzea eskatuko dizute.

Bai, normala ere bada. 9. postua lortu badut, zergatik ez bosgarren postua, edo hirugarrena? Urteren batean hamar onenen artean sailkatuko nintzela esan izan balidate, barrez hasiko nintzatekeen. Planteamendu berbera dut orain ere. Gai naiz, baikorra naiz eta fedea daukat. Ni neu izan naiz 9. postua lortuta gutxien harritu naizena. Hobetu dezaket, baina aditz denbora nabarmendu nahi dut: dezaket.

Porrotari beldurrik ba al diozu?

Ez. Zorte oneko txirrindularia naiz. Ez dut eroriko larririk eduki, ezta lesio larririk ere, 28 urterekin hobetzen jarraitzeko une egokia da. Kirol erronkekin zuhur jokatzeko ohitura daukat. Egin nahi nituzkeenak pentsatzen ditut, baina jendaurrean esan, ez.

Eta zein da zure kirol erronka 2008rako?

Iazkoa hobetzea.

Helburu xumea.

Badaezpada.

Zein erantzukizun du Igor Galdeano kirol zuzendariak zure hobekuntzan?

Handia. Asko exijitzen du, baina hori gustukoa dut.

Aurten bukatzen duzu kontratua. Taldearen eskaintzarik jaso al duzu dagoeneko?

Ez, oraindik ez. Ez daukat presarik, halere.

Zer giro sumatzen duzu?

Jarraitzeko arazorik ez egotea espero dut. Ni oso gustura nago, eta kirol arloko arduradunak ere baietz uste dut. Aukeratutako egutegia egiten dut, pisua daukat taldean, giroa ona da.

2005 eta 2006ko Tourretan halako urduritasun batek irentsi zintuen Pirinioetako etapetan. Zuk zeuk esana da Euskal Herriko zaleen gertutasunak bereziki motibatzen zaituela, baina presio handia ere sortzen du zugan.

Presioaren eragina txikitzen saiatzen naiz. Une txarrak ahaztu eta onak gogoratzen ditudan moduan. Bi urte horietan lan ona egiteko gogo handia neukan, baina ez nuen lortu. Iaz, aldiz, Pirinioetako pasaera bikaina izan zen. Urduritasun horrek ez dit trabarik egiten. Gabezia baino gehiago, abantaila da. Euskal Herria gertu dagoela pentsatze hutsak piztu egiten nau.

Han gertatutakoen eta beste kontu askoren bitartez eman duzu ezagutzera Tourra Euskaldunon Egunkaria eta Berria-ko analisien bitartez.

Bai, uste dut 2002ko Tourrean hasi nintzela, eta oso gustura egiten dut. Lehiaketa hutsa ez den beste ikuspuntu bat ematen, ikusten ez den Tourra erakusten saiatu naiz, kazetariek kontatzen ez dituzten istorioak kontatu. Euskal Herriko lagunei gutun bat bidaltzearen pareko ekintza izaten da analisiak egitea.

Dagoeneko Berria-ko kidea zarela ere esan liteke.

Beno, kidea baino gehiago laguntzailea.

Zein diagnosi egiten duzu Egunkaria-ren egoeraz?

Larria dela, eta ez daukala hobetzeko itxura handirik.

Euskalgintzarekin identifikatuko zaitu askok. Arduratuta horregatik?

Batere ez. Harro nago hala egiten badute, hala delako.

Zer iritzi duzu Astana taldearekin gertatu denarekin?

Egin dutena gaizki dagoela, zer esango dut. Tourra irabazi duen txirrindulariak lorpen hori defendatzeko eskubidea eduki behar luke. Halere, hainbeste gauza daude gaizki. Zenbaezinak dira. Elkarrizketetan-eta ondo dauden gauzak saltzen saiatzen naiz, baina prentsa beste bide batetik doa. Nahiko nuke komunikabideek txirrindularitzaren pasioa, maitasuna islatzea, eta ez iskanbila.

ASO eta beste antolatzaileen jarrera ulertzen al duzu?

Bai, euren interesak defendatzen dituztelako, UCIk bezala. Bakoitzak bere interesak ditu, eta okerrena da gure edo taldeen iritzia bost axola zaiela.

Zuen artean elkartasuna falta dela entzuten da han eta hemen.

Egia da, bakoitzak bere onura bilatzen duelako, ondokoaren kalteari batere erreparatu gabe.

Irtenbiderik ikusten al diozu iskanbilari?

Interes borroka bat den neurrian, ez. Euskal Herrian daukagun egoera politikoa erabiliko nuke adibide gisa. Bi aldeek bereari eusten badiote, ezinezkoa da adostasuna.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ekitaldiak

2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02

Ipuin kontalariak

Ipuin kontaketa saioa
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa