
Udaleko batzordeetan euskarazko itzulpen zerbitzua jarri dute martxan
Euskara
EAE-ANVk «lorpen handitzat» jo du, eta euskararen egoera normalizatzeko «beste urrats bat» dela azpimarratu
jon gonzalo
Euskararen Udal Ordenantzak onartu zirenetik 11 urte pasatu diren arren, Udaleko batzorde informatiboak gaztelera hutsean egin dira orain arte. Hilabete honetan, ordea, euskarazko berehalako itzulpen zerbitzua jarri dute martxan. «Batzorde informatiboetako bileretan euskarazko berehalako itzulpen zerbitzua martxan jartzea lorpen handia da guretzat, eta Udalera sartu ginenetik euskararen alde egin dugun lanaren ondorioa da», azaldu zuen atzoko agerraldian Agus Cano EAE-ANVko zinegotziak.
Canok salatu zuenez, «orain arteko batzorde informatiboetan euskaraz esaten genuena itzuli gabe gelditzen zen, eta kasu batzuetan gure proposamenak ez ziren aintzat hartzen».
Aurrerantzean, ordea, batzorde informatiboetako itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukera izango dute. Udaleko langile batzuek itzulpenean trebatzeko ikastaro bat egin dute, eta batzorde informatiboetako eztabaidetan ahozko itzulpena egingo dute. Orain arte udalbatzarrean eta zinegotzientzako soilik egiten zuten euskarazko berehalako itzulpen zerbitzua.
Euskara normalizatzeko lanean
EAE-ANVko kideek azaldu zutenez, Errenteriako Udalera iritsi zirenetik «euskararen egoera iraultzeko» lanean ari dira. «Udalean euskaraz lan egitea oso zaila da, baina gu horretan saiatu gara. Argi daukagu euskararen presentzia Udalean bermatzeko bide bakarra euskaraz lan egitea dela. Horregatik, batzorde informatiboetan euskararen presentzia bermatzea oso garrantzitsua izan da guretzat», azpimarratu zuen Santi Angulo zinegotziak.
Nolanahi ere, Udalean euskararen presentzia zabaltzeko oraindik ere lan handia egin behar dela gogoratu zuen: «Udalaren eta herritar euskaldunen komunikaziorako ezinbesteko tresna bihurtu nahi dugu euskara, eta horretarako oraindik lan asko falta da. Esate baterako, Udaleko txostenak, espedienteak eta errotulazioak gaztelera hutsean jasotzen ditugu, eta hori onartezina da»
Herritarrei deia
Errenteriako Udalari dokumentazioa euskaraz eskatzeko deia egin die EAE-ANVk herritarrei: «Udaleko dokumentazioa euskaraz jasotzeko eskubidea dutela gogoratu nahi diegu, eta hala eskatzeko dei egiten diegu. Herritarren presioa da Udalean euskara normalizatzeko bide bakarra, agintarien borondatea hutsaren hurrengoa baita».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.