
Errenteriako Epaitegian bere alaba euskaraz erregistratzeko ahalegin guztiak egiten ari da Nora Barroso. Donostiako Epaitegiaren erantzunaren zain dago, itxaropenik gabe.
Jaio aurretik, eskubide gabe
ekaitz arrieta
Euskaraz alabaren izena erregistratu nahi eta ezin. Horixe da Nora Barrosoren kasua. Hilabete barru jaioko da bere alaba Nara. Errenteriako Epaitegian euskaraz erregistratu nahi du, baina oztopo hori jarri dizkiote horretarako. «Erregistroko liburua ez dago euskaraz, eta horregatik ezin dut nire alaba euskaraz erregistratu. Gaztelera hutsean dago liburu hori», azaldu du Barrosok.
Hizkuntz Eskubideen Behatokira jo zuen Barrosok, laguntza eske, alaba euskaraz erregistratu nahi zuelako. «Aretxabaletako kasu bat ezagututa jo nuen Behatokira eta eman beharreko urratsak azaldu zizkidaten».
Errenteriako Epaitegira joan eta euskarazko libururik ez zutela esan zioten Barrosori. «Aretxabaletan haur bat euskaraz erregistratzea lortu zutela esan nien, eta nik eskaera bera aurkeztu nahi nuela adierazi nuen». Barrosok dioenez, Euskal Herrian lau dira haurrak euskaraz erregistratzea lortu dutenak.
Kasuak badaude
Errenteriako Bake Epaitegiak Donostiara bidaltzen du eskaria eta Donostiatik ematen dute erantzuna. «Ezezkoa eman behar zidatela esan zidaten, eta eskaerak eskaera, berdin izango zela. Azkenean, gazteleraz erregistratu beharko nukeela gaineratu zidaten».
Donostian euskaraz erregistratzea lortu duen kasu bat dago, Barrosok azaldu duenez. «Urrats berdinak eman zituzten, eta Donostiako epaileak ezezkoa eman zien. Seme-alaba jaio zen eta ez zuten epailearen autorik jaso oraindik, eta ez zekiten euskaraz erregistratzeko aukera izango zuten ala ez». Azkenean, gazteleraz erregistratu behar izan zuten euren seme-alaba.
Euskarazkoak, atzera bota nahiean
Bilboko Epaitegian seme-alaba euskaraz erregistratu eta gero, epailea «atzera bota nahian» dabil. «Euskaraz erregistratuta daudenak ere atzera botatzea da dugun beldurra. Epaileak esaten zuen akats formal bat egon zela. Oso arraroa edo bitxia da epaile batek atzera bota nahi izatea eta otsailean bertan beste erregistro bat egitea Aretxabaletan», azaldu du Barrosok.
«Bilboko epaileak esaten du akats forma bat dagoela. Non dago akats forma? Ezberdintasun bakarra euskaraz dagoela da; orduan zein da akats forma? Hizkuntza? Akaso euskara akats forma bat da?», galdetu du. Barrosori sinestezina iruditzen zaio.
Donostiako eta aurreko kasuak ikusita, berari emango dioten erantzuna ezezkoa izango dela uste du.
2005eko legea
«30 hitz itzuli behar dituzte, besterik ez. Utzikeria da», salatu du Barrosok. Haurrak euskaraz erregistratzeko legea 2005ekoa da. Lehen eskaera, berriz, 2007an egin zen. «Momentu horretan Behatokiak Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin zuen, aurkitu zituzten oztopoak azalduz. Jaurlaritzak hiru hilabete barru liburua itzulita egongo zela erantzun zuen, eta epe hori otsailean bete da. Martxoan gaude eta ez dago libururik», adierazi du.
«Nire alaba jaiotzen denean, eta ulertzeko ahalmena duenean nik zer esango diot? Ba, jaio bezain pronto zure eskubideak urratuak izan zirela. Nahiko nuke Eusko Jaurlaritzak erantzun zentzudun bat ematea; nik bakarrik utzikeria ikusten dut», esan du Barrosok. «Donostiako epaile batek nire legezko aukera ukatu egingo dit. Nik ere nire eskubideak ditut? non daude? ez dizkidate babesten», jarraitu du.
Konponbidea, liburua
«Epaile batek ezin du erabaki nik nire alabaren izena euskaraz erregistratu dezakedan ala ez», dio Barrosok. «Hau konpontzeko liburua behar da, denak maila berean egon ahal izateko».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.