
26 komertziok hartuko dute parte bihar eta etzi egingo den Stockaren Azokan
Jon gonzalo
Oarsoaldeko 26 komertziok (Pasaiako 12k, Errenteria-Oreretako 12k eta Oiartzungo 2k) hartuko dute parte, bihar eta etzi, Errenteria-Oreretan egingo den III. Stockaren Azokan. «Inoiz baino komertzio gehiago izango dira», azaldu zuen atzoko aurkezpenean Imanol Iparragirre Errenkoalde Merkataritza Elkarteko presidenteak.
Jose Luis Caso aretoan jarriko dute azoka, eta bihar eta etzi izango da zabalik. Goizeko 11:00etatik gaueko 21:00ak arte. Sartzeagatik euro bat ordaindu beharko da: «Euro bateko sarrera kobratzen ez badugu herritar asko begiratzera bakarrik sartuko lirateke, eta ez dugu horrelakorik nahi. Azokara sartzen direnak erosteko asmoz sar daitezela nahi dugu, bestela jende gehiegi pilatzen da», azpimarratu zuen Iparragirrek.
8.000 lagun inguruk bisitatu zuten iaz Stockaren Azoka. Aurten, ordea, jende gehiagorentzako lekua izango da: «Jose Luis Caso Caso Aretoa ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatu gara, eta inoiz baino espazio zabalagoa lortu dugu». Azokaren inaugurazioa goizeko 10:55ean egingo dute, larunbat goizean. Hortik aurrera, arropa merkeago erosteko aukera izango dute herritarrek.
%50eko beherapena
Salgai jartzen duten arropak %50eko beherapena izatea da azokan parte hartuko duten komertzioei antolatzaileek jarri dieten baldintza bakarra. Imanol Iparragirreren esanetan, «azokaren helburua komertzioek soberan duten arropa gainetik kentzea da, eta denboraldi berriari begira armarioa hustea. Ahalik eta arropa gehien saltzea interesatzen zaie, eta, horretarako, merke saldu behar da. Beraz, arropa prezio erdian jartzeko eskatu diegu».
Nolanahi ere, igande arratsaldean «are eta eskaintza hobeak» aurkitu ahal izango direla aurreratu zuen Iparragirrek.
Zozketa
Azokara joaten diren herritarren artean, Oiartzungo Elorsoro Kiroldegian dagoen talasoterapiara joateko hamar sarrera zozkatuko dituzte Stockaren Azokaren antolatzaileek.
komertzioen zerrenda
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Ipuin kontalariak
Ipuin kontaketa saioa
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-08
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.