Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Litekeena da Matxitxako lurmuturraren inguruan, Bermeon, AZTIko teknikariek aurkitu duten ontzi hondoratua 'Nabarra' boua izatea: Donibaneko PYSBEko bakailao ontzia zen, berez, guda ontzia.

'Nabarra', PYSBEko ontzi hura

urko etxebeste

Zeinu guztien arabera Nabarra boua izan daitekeena topatu dute, Bermeon, Matxitxako lurmuturarren inguruan, 120 metro itsas azpian. AZTIko teknikariek, kartografia lanetan zebiltzala egin dute aurkikuntza, eta aste honetan eman dute jakitera. Herenegun, hain zuzen, bete ziren 71 urte Matxitxakoko batailan frankisten Canarias ontziak hondoratu zuela Nabarra. Bada, Nabarra bouaren jatorria, Pasaian dago. Donibanen, zehazki; berez, PYSBEko bakailao ontzia zelako. Hala ere, oraindik ere, sekretupean dago ontziaren kokapen zehatza.

AZTIko teknikariek ikusi ahal izan dutenez, ontzia popatik bi zatitan dago banatua. Datu horrek, 1937ko martxoaren 5eko guda-gertakari hartako kronikekin bat egiten du. Eusko Jaurlaritzako iturrietatik jakinarazi dutenez, «litekeena da Nabarra boua izatea aurkitu den hondoratutako ontzia. Baina oraindik behin betiko konfirmazioa egin behar dugu». Topatu duten ontziaren luzeerak bat egiten du ere bai Nabarra-renarekin. Udaberrian emango dute behin betiko konfirmazio hori.

'Vendaval'-etik, 'Nabarra'-ra

Eskozian, Aberdeen-eko Hall Russell & Co. Ltd. enpresan eraiki zuten PYSBErako (Pesquerias y Secaderos de Bacalao de España) bakailao ontzia, 1928an. Baporea zen, burdinezko kroskoa zuen, eta 65,40 metro luze zituen; zabalerarik handiena 10,40 metrokoa zuen, eta sakonera, 5,79 metrokoa: Vendaval izena jarri zioten bakailao ontziari.

Pasaia hustu zutenean, 1936ko irailaren 13an, Bilbora eraman zuten, Pasaiako beste hainbat ontzirekin batera. Izan ere, Francoren indarrek Pasaiako portua hartu zutenean Pasaian gelditu ziren ontzi bakarrak eraikitze prozesuan edo konpontzen ari zirenak izan baitziren: 36ko Gerran Pasaian ez zen arrantza jardunik izan.

Bizkaiko Defentsa Batzordeak Bilbo-Baiona lotura egiteko erabili zuen hasieran boua. Beranduago, Eusko Jaurlaritzak bereganatu zuen Vendaval, eta 1936ko urriaren 30ean, artillatzeko hautatu zuten. Nabarra izena jarri zioten Euzkadiko Gudontzidian sartuz.

Pasaiako beste gerraontziak

Francoren indarrei aurre egiteko eta euskal kostaldea zaintzeko, itsas armada osatzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak 36ko Gerran. Beraz, 1936ko urriaren 25ean ekin zion lanari Eusko Jaurlaritzaren Defentsa Departamenduko Itsas Armadak. Hilabete batzuk geroago, 50 bat ontzik osatzen zuten itsaso-sekzio hori, batez ere Pasaia, Donostia, Bilbo, Mutriku eta Ondarroako arrantza ontzi moldatuekin. 50 ontzi horietatik, 14 pasaitar jatorrikoak ziren. Ontziotan izan ziren gudarien artetik 47, pasaitarrak edo orduan Pasaian bizi zirenak; tartean, Nabarra bouko komandante Enrike Moreno: Matxitxakoko batailan hil egin zen, Nabarra-rekin batera itsasoaren hondora joatea erabaki zuelako. Jatorri galiziarrekoa bazen ere, Pasaian bizi zen.

Gerrarako moldatu zituzten Pasaiako 14 arrantza ontzi horietatik, lau, PYSBEko bouak ziren: Araba (Hispania ohia), Bizkaya (Euzkal-Erria ohia), Gipuzkoa (Mistral ohia) eta Nabarra (Vendaval).

 

'nabarra'-ren azken ordu heroikoak



1937ko martxoaren 4ean, Gipuzkoa, Bizkaya, Nabarra eta Donostia ontziek Galdames izeneko zamaontzia babesteko agindua jaso zuten. Galdames-ek, 173 bidaiariz gain, jakiak, sendagaiak, dirua eta makinaria garraiatzen zituen Baionatik Bilbora. Biharamunean, Francoren indarretako Canarias ontziak konboia begiztatu eta erasotu zuen. Galdames-en babesarako ontziekin hainbat liskar izan ondoren (Gipuzkoa ontziko Valeriano Sanz pasaitarra hil zuten), 15:10ean, artilleria osoarekin egin zion eraso Canarias-ek Nabarra-ri, Matxitxako inguruan. Ontziko komandante Enrike Morenok ofizial guztiak bildu zituen, esateko nahiago zuela borrokan hondoratu, frankistei errenditu baino. Hiru orduz baino gehiago Canarias-i aurre egin ondoren, txikituta gelditu zen Nabarra, eta ontzia hondoratzear zegoenean, 50 ontzikideetatik 20k salbamendu txalupetan ihes egin zuten, frankistek atxilo hartuz. Besteak, Nabarra-rekin batera hondoratu ziren. Baina Francok ez zituen atxilotuak afusilatu, batailan erakutsitako adoreagatik.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

deialdiak

Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10

Ikuskizunak

Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa