
Aurrekontuen behin betiko onarpenaren aurkako helegitea jarri du EAE-ANVk
Udala
Udalbatzarrean onarturiko 2008ko aurrekontuek legea urratzen dutela azpimarratu dute
jon gonzalo
2008ko aurrekontuen behin betiko onarpenaren aurkako berraztertze helegitea aurkeztu du EAE-ANVk Errenteriako Udalean. «2008ko aurrekontuetan lege urraketak daudela uste dugu, eta horregatik aurkeztu dugu helegitea. Legea betetzea besterik ez dugu nahi», azpimarratu zuen atzoko agerraldian Karlos Murua EAE-ANV taldeko zinegotziak.
Lau puntuko helegitea
EAE-ANVk Errenteriako Udalean aurkeztu duen berraztertze helegiteak lau puntu ditu. Lehenengoan, aurrekontuek 114. artikulua ez dutela betetzen salatu dute: «Aurrekontuek izendatutako diru kopurua legeak ezarritakoa da: I. eta II. kapituluen %10 (954.064). Hortaz, ez dagokio inolako konpentsaziorik geroko aurrekontu ekitaldietan. Ondorioz, ez da legea betetzen, ez baitago orekarik diru-sarreren eta gastuen artean».
Helegitearen bigarren puntuan salatu dutenez, «Udal Lurzoru Ondareari dagozkion gastuak 10.549.732 eurokoak dira, eta diru-sarrerak, berriz, 11.300.468 eurokoak. Hau da, diru-sarrerak atalean 750.736 euro gutxiago aurreikusi dira. Aurreko atalean aipatu bezala, aurreikusten diren konpentsazioak diru-sarreren I. eta II. kapituluetatik eratorritako baliabideei baino ez badagozkie eta hau orekatua baldin badago, ezin da lege horrek xedatutakoaren aurka doan aurrekonturik onartu»
Hirugarren puntuan, legeak eskatzen duen sailkapena ez dela inon azaltzen adierazi dute: «Onartutako aurrekontu dokumentua 114. artikuluaren 1. atalaren aurkakoa da. Egiazta daitekeenez, teknikariak bere txostenean adierazitakoa ez dator bat 2/2006 legean ezarritakoarekin eta, ondorioz, nabaria da agindu horren ez betetzea. Baina, are gehiago, aurrekontuen behin betiko onespeneko proposamena aurreko akordioaren berrespenean oinarritzen da, teknikariak txostenean adierazitako aldaketarik egin gabe. Beraz, nabaria da legeak ezarritakoa ez dutela bete».
Laugarren eta azken puntuan , legeak adierazten dituen lehentasunetzako ez dutela dirurik bideratu azaldu dute: «Esnabide eraikitzeko Udal Lurzoru Ondarearen baliabideen bidez finantzatutako gastuak ez dauka loturarik Udalbatzaren inolako erabakiekin. Ondorioz, aipatutako diru partida Udal Lurzoru Ondarearekin erlazionaturiko gastu zerrendatik ezabatu beharko da. Aldi berean, gastu zerrenda horrek aurreikusi beharko du diru kopuru nahikoa 2/2006 Legeak ezartzen duen lehentasunezko xedea bete ahal izateko».
Berraztertze helegitea
Berraztertze helegitea Udalean aurkez daitekeen azkena da. Udalak onartzen ez badu, aurrekontuen aurkako hurrengo helegitea epaitegietan aurkeztu beharko luke EAE-ANVk.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
Hitzaldia
zer gertatzen ari da Grezian?: zine txiroa
ERRENTERIA-ORERETA, Mikelazulo - 2009-01-08
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.