
Xoxo-Lurra Egunaren baitan, izen bereko zonaldea garbitzen egon ziren atzo 30 bat lezoar; garbitzeaz gain, inguruaren balioaz jabetzeko informazio panelak jarri zituzten
Garbitu eta zaindu
urko etxebeste
Lezoko elkarte eta eragileen artean antolatutako auzolanean, Xoxo-Lurra ingurua garbitu zuten atzo goizean. Herriko elkarte eta eragileen ekimenez, I. Xoxo-Lurra Egunaren baitan egin zuten garbiketa. Baina garbiketatik haratago zihoan ekimena izan zen atzokoa: ingurune hori zaindu behar dela jakinarazteaz gain, bertan egin nahi diren hainbat azpiegitura egitasmoen berri eman zuten, hauek izan ditzaketen ondorioak nabarmenduz eta salatuz.
10:00etan bildu ziren, Saldise Plazan, Xoxo-Lurra Egunean parte hartzeko prest agertu ziren 30 bat lezoar. Hasieran, euripean; baina goizak aurrera egin ahala, euria atertuz joan zen. «Goizak iraun duen bitartean izan gara zaborra jasotzen. Denetarik zegoen. Beharbada beste astindutxoren bat beharko luke zonalde horrek, baina lan ona egin dugula iruditzen zait», azaldu zuen Josu Pikabeak, parte-hartzaileetako batek. Izan ere, Xoxo-Lurratik, eta ondoko errekatik, txatarra eta beste hainbat zikinkeria atera zituzten atzo. «Dena txukun-txukun jasoa utzi dugu, astelehenean [bihar], Udaleko kamioiak jaso dezan. Errekatik labadora bat atera dugu eta guzti!», Pikabeak nabarmendu zuenez.
Azpiegitura erraldoiak
Garbiketa lanetan ibiltzeaz gain, hainbat informaziorekin panelak jarri zituzten ekimenean parte hartu zutenek. Paneletan, Xoxo-Lurra inguruaren aberastasunen berri ematen da, zonaldea garbi mantentzeko hainbat neurri jakinaraztearekin batera. «Gainera», Josu Pikabearen esanetan, «inguru honetatik balizko kanpo kairako hainbat sarbide egin nahi dituzte, tunel moduan. Hauek egiten badituzte, arazo asko sortuko dituzte: iturriak desagertuko lirateke, eta bertako ingurune natural aberatsa deuseztuko litzateke».
Hamaiketakoa, eta haurrak
Auzolanean, eta festa eta aldarrikapen giroan eman zuten lezoarrek atzoko goiza Xoxo-Lurran. Haurrak ere garbiketa lanetan ibili ziren, baina jolasteko aukerarik ere ez zuten galdu. Hamaiketakoaz ere gozatu zuten naturaren maitaleek. «Haurrak gure artean izatea garrantzitsua da», jakitera eman zuen Josu Pikabeak. «Inguru hau, guztiak bezala, garbi izatea helduen ardura da batik bat, baina haurrek naturaren inguruko begirunearen aldeko jarrera izan dezaten garrantzitsua da».
Hala, pozik itzuli ziren herriko kaskora Xoxo-Lurra Eguneko partaideak. Datorren urtean errepikatzeko asmoa azaldu dute. Horretarako, Lezoko herritar gehiagoren laguntza eskatuko dutela iragarri dute antolatzaileek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.