Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

PSE-EEk erraz irabazi du eskualdean, baina %56,81ko abstentzioarekin

Hauteskundeak

EAJ izan da bigarrena Oarsoaldean, baina boto galera handia izan du, EB-Berdeek eta EAk bezala

erredakzioa

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan PSE-EE nabarmen gailendu da Oarsoaldean, bigarrenaren (EAJ) boto kopurua ia hirukoizteraino. 13.820 boto jaso ditu PSE-EEk, eta EAJk 4.597. Hirugarrena, PP, are urrunago gelditu da, 3.725 botorekin. Baina eskualdean emandako abstentzio tasa ere handia izan da: %56,81koa, hain zuzen. PSE-EE eta abstentzioa izan dira, hain zuzen, duela lau urteko hauteskundetatik hona igo diren bakarrak. Gainerako alderdiek boto gutxiago lortu dituzte, eta EAJ, EA eta EB-Berdeen kasuan jaitsiera nabarmena izan dute.

Herriz herri

Herriz herri, PSE-EE nagusitu da eskualdeko hiru herritan: Errenteria-Oreretan, Pasaian eta Lezon. Errenteria-Oreretan, esaterako, herenegun botoa ematera joan ziren guztietatik %53,46k PSE-EEren alde egin zuten, 9.478 boto jasoz. EAJ bigarren izan da herri honetan, 2.468 botorekin (%13,92).

Pasaian, halaber, erraz irabazi zuten herenegun PSE-EEkoek (3.000 boto; %47,84), bigarren izandako EAJri ia 2.000 boto atereaz (1.053 boto; %16,79).

Lezon, ordea, estuagoa izan da bien arteko aldea. PSE-EEk 765 boto jaso ditu (%41,61), eta EAJk 315 (%27,25). Hots, 166 botogatik gailendu da PSE-EE.

Oiartzunen, bien bitartean, EAJk irabazi du (761 boto; %31,07), eta PSE-EE bigarren izan da (577 boto; %23,56). Hau da, 184 botoko aldea lortu du alderdi jeltzaleak.

PSE igo PP jaitsi bezainbeste

Oarsoaldean, denera, ia 20 puntutan igo da PSE-EE: %19,85, hain zuzen. Bitxikeri gisa, ia-ia PP gure eskualdean jaitsi dituen puntu berdinak; Espainiako Estatuan ez bezala, alderdi popularrak orain lau urte baino boto gutxiago lortu dituelako Oarsoaldean: %19,37 gutxiago, zehazki.

Edonola ere, EB-Berdeak, EA eta EAJ izan dira, hurrenez hurren, gehien jaitsi direnak gure eskualdean. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, EB-Berdeek %50,57 boto gutxiago jaso dituzte; EAk, %50,39ko boto galera izan du; eta EAJk, %44,66koa.

Aralar alderdiak ere orain lau urte baino boto gutxiago jaso ditu, baina beherakada txikiagoarekin: %38,9koa, alegia.

Abstentzio altua

Abstentzioa izan da herenegungo hauteskundeetako beste protagonista nagusia Oarsoaldean, esan bezala, %56,81ko portzentaiarekin. Hau da, eskualdeko biztanleriaren erdiak baino gehiagok ez zuen botoa eman herenegun.

Orain lau urteko bozekin alderatuta, 25 puntutan igo da abstentzioa eskualdean, 2004ko hauteskundeetan abstentzioa %31,72koa izan baitzen. Euskal Herriko beste herri eta eskualdeetan bezala, ezker abertzaleak abstentzioaren alde egindako deia dago igoera horren atzean.

Hala, Gipuzkoak izan du abstentzio igoerarik handiena, baina herrialdeak izandako igoera nahiz portzentaia gainditu ditu Oarsoaldean emandako abstentzioak. Izan ere, abstentzioa 14 puntu handiagoa izan da Gipuzkoan, %41,82ko portzentaia lortuz.

Era berean, Gipuzkoako beste eskualde batzutan baino abstentzio handiagoa eman da gurean. Goierrin, esaterako, %42koa izan da abstentzioa, eta Tolosaldean %53koa.

Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta ez ezik, orain zortzi urteko hauteskundeetan baino handiagoa ere izan da abstentzioa Oarsoaldean. 2000ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, ezker abertzaleak abstentziorako deia egin zuen baita ere, eta Oarsoaldean %52,5ekoa izan zen orduan.

Herriz herri, Oiartzunek izan du abstentzio mailarik altuena, %68,46arekin. Ondoren, Lezo (%64,63), Pasaia (%50,5) eta Errenteria-Orereta (%43,59).

Bi diputatu eta senatari bat

Herenegungo emaitzak kontuan hartuz, datozen lau urteetan eskualdeko hiru herritar izango dira hautetsi Espainiako Gorteetan, hirurak PSE-EEkoak: Miguel Buen errenteriarrak eta Isabel Kortajarena antxotarrak diputatu eserlekua lortu dute Espainiako Kongresuan, eta Izaskun Gomez antxotarrak senatari kargua Senatuan.

Hiruretatik Kortajarenak bakarrik du eskarmentua Espainiako Gorteetan, aurreko legealdian ere diputatu izan baitzen Kongresuan. Buen eta Gomezen kasuan, estreinaldia izan go da Errenteriako eta Pasaiako alkate ohientzat.

Ertzaintzaren identifikazioak

Liskar handirik gabeko eguna izan zen herenegungoa eskualdean. Lezon, ordea, ezezagunek kateekin itxi zituzten Herri Eskolako ateak, eta ondorioz, kateak kendu arren, sarrera bakarra izan zuen eraikinak.

Ertzainen eta ezker abertzaleko jarraitzaileen artean ere izan ziren ika-mikak. Errenterian, adibidez, hauteskunde mahaietan Marko Demokratikorako Proposamenaren aleak banatzen ibilitako lagun ugari identifikatu zituzten ertzainek goizean. Arratsaldean, auto karabana egin zuten.

Oiartzunen ere auto karabanak egin zituzten goizean eta arratsaldean. Goizean, gidarietako batzuk identifikatu zituzten ertzainek.

 

espainiako gorteetarako hauteskundeak



2008 (2004) EAJ EA ARALAR PSOE PP EB-Berdeak ABSTENTZIOA

Errenteria-Orereta 2.468 (4.195) 779 (1.542) 665(1.021) 9.478(8.114) 2.410(2.996) 1.121(2.102) 13.792-%43,59(9.637-%29,52)

Pasaia 1.053 (1.990) 490(750) 212(315) 3.000(2.231) 867(1.116) 341(828) 6.450-%50,49(4.371-%33,11)

Oiartzun 761 (1.327) 407(925) 181(322) 577(421) 255(280) 172(288) 5.371-%68,46(2.290-%29,69)

Lezo 315 (795) 64(291) 60(172) 765(647) 193(228) 82(254) 3.151-%64,70(1.693-%34,59)

Oarsoaldea 4.597(8.307) 1.740(3.508) 1.118(1.830) 13.820(11.531) 3.725(4.620) 1.716(3.472) 28.764-%56,81(17.991-%31,72)

Gipuzkoa 76.891 (97.206) 25.352(42.811) 17.120(22.352) 125.294(98.100) 46.879(56.904) 15.572(28.668) 232.816-%41,66(149.759-%27,45)

Gipuzkoa (Diputatuak) 2 (2) 0(1) 0(0) 3(2) 1(1) 0(0)



 

«Joan den urteko maiatzeko hauteskundeetako garaipena berretsi dugu»

miguel buen ð- PSE-EEko kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua

Hauteskundeak

Gipuzkoako garaipena Isaias Carrasco ETAk hildako Arrasateko zinegotzi ohiari eskaini dio Buenek



Miguel Buen Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak modu «oso positiboan» baloratu zuen, atzo, prentsa agerraldian, PSOEk lortu zituen emaitzak. Gainera, Gipuzkoan PSE-EEk lortu dituen emaitzen analisia egiterako orduan, «joan den urteko maiatzeko hauteskundeetako garaipena» berretsi egin dela azpimarratu zuen. «Hauteskunde horietan ez zen egon ez bipolarizaziorik, eta ez zuten gure kideetako bat hil. Norbait gure garaipenari garrantzia kendu nahian ibili da argudio hauek erabiliz», esan zuen. Hala, Gipuzkoan eta Espainiako Estatu mailan lortutako garaipena ETAk joan den ostiralean Arrasaten hil zuen Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi izandakoari eskaini zion «baita bere alargun, alaba, eta militate sozialista guztiei ere». Hein berean, EAJk eta EAk lortu dituzten emaitzak «oso txarrak» izan direla esateaz gain, «abertzaletasunaren porrota» izan direla gaineratu du Miguel Buen errenteriarrak: «Lortu dituzten emaitzen inguruan irakurketa egin beharko dute, hausnartzeko eta ondorioak ateratzeko». Hartara, gipuzkoarrek «lanaren eta lasaitasun politikoaren alde» botoa eman dutela nabarmendu du Miguel Buenek, «herritarrek ez dutelako hausturarik nahi, akordioetara iristea baizik».



 

«Gatazka politikoari konponbideak topatzeari baietz erantzun diote eskualdeko herritarrek»

irati aranburu ð- Hautetsi idependentista

Hauteskundeak

«Positiboki» baloratu dute eskualdeko herritarrek hauteskundeetan egindako «plantoa»



Eskualdeko hautetsi independentistek positiboki baloratu dute eskualdeko herritarrek herenegungo hauteskundeetan egindako «plantoa». Emaitzak ikusita, «Espainiako Estatuari ezetz, estatu faxistari ezetz, eta Espainiako Konstituzioari ezetz» esan zaiola zehaztu du Irati Aranburu Lezoko hautetsi independentistak.

Hein berean, eskualdeko herritarrek «gatazka politikoari konponbideak topatzeari baietz» eta «Euskal Herriari baietz» erantzun diotela azpimarratu du lezoarrak.

Bestetik, «arazoak arazo», ezker abertzaleak aurrera egiteko «gaitasuna» baduela nabamendu nahi izan du Aranburuk. Eta hauteskundeetan izandako abstentzio mailak «argi» erakutsi du «gatazkaren konponbidea elkarrizketa eta negoziaziotik etorriko» dela, hautetsi independentista honen esanetan: «Mahai gainean dago gatazkaren konponbiderako egindako plana».

Ildo horretan, gatazka politikoarekin bukatzeko eta «azken egun hauetako gertakaririk berriz ere gerta ez dadin negoziazioei jada ekin behar» zaiela nabarmendu nahi izan du Aranburu hautetsi independentistak.



 

«Lan handia egin behar dugu aurrerantzean gure mezua modu egokian iristeko»

jose luis goikoetxea ð- Pasaiako EAJko zinegotzia

Hauteskundeak

Pasaiako EAJko zinegotzi Jose Luis Goikoetxeak PSE-EE zoriondu du, eta «hausnarketarako» deia egin du



Pasaiako Udaleko EAJko zinegotzi Jose Luis Goikoetxearen esanetan, Pasaian «2007an egin ziren udal hauteskudeekin berdintsu» atera da EAJ, baina hala ere datu hori «ez dela konparaketarako egokiena» hausnartu du Goikoetxeak, «hauteskundeen alderaketak ez direlako aurreko hauteskundeekin egin behar, baizik eta duela lau urte eginiko hateskundeekin». Zentzu horretan, PSE-EE zoriondu nahi izan du Pasaiako EAJko zinegotziak «lortu dituen emaitza onengatik» eta aldi berean kezka agertu du alderdi abertzaleek, 2004ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin alderatuz «izan dugun beherakadarekin». Ildo horretan, «EAJren baitan hausnarketa egiteko garaia» dela aitortu du Goikoetxeak, «eta aldi berean, lan handia egin behar dugu gure mezua modu egokian iristeko». Hala ere, abstentzioak «kalte» egin diela jakitera eman du EAJko zinegotziak, «ez bakarrik EAJri, alderdi abertzaleei baizik». Euskal Autonomi Erkidegoko hiru lurraldeetan PSE-EEk irabazi izana azpimarratu nahi izan du Goikoetxeak, eta zentzu horretan, Arrasateko PSE-EEko zinegotzi izandako Isasias Carrascoren hilketak «zerikusia izan» dezakeela aditzera eman du Pasaiako zinegotziak.



 

«Oso pozik gaude, oinarri sendoa dugulako»

Iñigo Imaz

Aralarreko kidea



«Oso pozik gaude, oinarri sendoa dugula erakutsi dutelako emaitzek. Hauteskunde hauen testuinguru orokorrari dagokionez, argi dago koalizio modukoa sustatu behar dugula. Guk geuk proposatu genuen horrelakorik, baina, zoritxarrez, interes partidisten ondorioz ez zen aurrera atera. Abstentziorako deiak ere erantzuna izan du Euskal Herrian. Gipuzkoan, halaber, balorazio positiboa egiten dugu, panorama politikoan azkena ez izatea bilatzen genuelako, eta EB gelditu da gure atzetik. Oarsoaldean, azkenik, Lezon eta Oiartzunen abstentzioak eragina izan du, baina Pasaian eta Oreretan erantzun onak lortu ditugu, oinarria mantendu dugulako».

«Hautagai sozialista zoriondu nahi dut»

Lucia Peralta

errenteriako pp-ko zinegotzia



«Hautagai sozialista zoriondu nahi dut, besterik ez». Halaxe adierazi zion HITZAri Lucia Peralta PPko zinegotziak. Ez zuen bestelako baloraziorik egin nahi izan.

«Emaitza txarrak izan dira, ez dugu helburua lortu»

Jagoba Larburu

ea-ko gipuzkoako zuzendaritza batzordeko kidea



«Emaitza txarrak izan ditugu. Gure helburua Madrilen geneukan ordezkaritza mantentzea zen, eta ez dugu lortu. Batetik, arrazoi koiunturalek izan dute eragina: ezker abertzaleak abstentziorako deia egin zuen eta eragina izan du, gure zenbait boto-emaileren galera izan dugu, beldurrarengatik. Besteko, ostiraleko atentatuak PSOEren emaitzak hobetu ditu Euskal Herrian. Arrazoi estrukturalak ere badaude, sakonagoak. Gizartea aldatu da azken urteetan eta abertzaletasunak ez du jakin modu egokia irakurtzen horiek, orokorrean ¡zan baitira emaitzak txarrak abertzaletasunarentzat».



«Ahotsik gabe gelditu dira aurkera asko»

Arantza Gonzalez

EB-Berdeak koalizioko kongresurako hautagaia



«Ez ditugu lortu espero genituen emaitzak. Hori bi alderdien arteko bipolarizazioaren ondorioa izan da, hau da, dena PSOE eta PPren artean zegoela irudikatu dute askok. Horren ondorioz, kongresuak hartu duen itxura, zinez tristea da: ahotsik gabe gelditu dira aukera asko eta asko».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa