
Musika Eskola «pozik» Erromeria Egunean izandako harrerarengatik
Musika
Gurutze Santuaren plazan jende ugari elkartu zen kalejira korala aditzera eta dantza egitera
lorea muguruza
Pasa den igandean Tomas Garbizu Musika Eskolak antolatutako XXII. Lesoinu Aste Pedagogikoaren baitan, Erromeria Eguna ospatu zuten. Xanti Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendaria «pozik» agertu da Erromeria Egunak izandako arrakastarengatik: «Jende pila bat elkartu zen Gurutze Santuaren plazan koroekin batera abesteko eta Murixka Dantza Taldekoekin batera dantzatzeko».
Goizean 10:00ak inguruan txistularien taldeak esnatu zituen herritarrak kalez kale egindako dianarekin. Ondoren, 12:00etan, kalejira koralari heldu zioten Tomas Garbizu Musika Eskolako kideek: alde batetik, dultzaineroek ibilbide bati ekin zioten, eta beste aldetik, trikitilari taldea musika eskolako Sutargi abesbatza aritu ziren kalean gora eta behera.
Hala ere, unerik hunkigarriena abesbatza,txistulariak eta trikitilariak Gurutze Santuaren plazan elkartu zirenean izan zen. Euriak ez zuen errukirik izan eta hori dela medio, Sutargi abesbatzako kideak Gurutze Santuaren Basilikako arkupeetan abestu behar izan zuten. Arkupeek egindako oihartzunak herritarrak animatu zituen abestera, eta Tomas Garbizu Musika Eskolako kideek herritarren artean banatu zituzten liburuxkez baliatu ziren horretarako. Ameriketara joan nintzen, Txin-txin diruaren hotsa, Kantuz, Jeiki-Jeiki eta Baldorba bezalako kantuak abestu zituzten, besteak beste.
Txalapartariak eta txistulariak ere izan ziren
Sutargi abesbatzaren eta herritarren kantuen ondoren, musika eskolako txalapartarien txanda izan zen. Bikote batek jo zuen euskal musika tresna zaharra.
Txalapartarien ondotik, txistularie udaletxeko arkupeetatik kontzertua eskaini zuten, eta une hura aprobetxatu zuten Murixka Dantza Taldeko kideek dantzan hasteko eta begira ziren herritarrak dantzan egitera animatzeko. «Euria ari zuen arren, giro oso polita sortu zen eta herritarrek ezin hobeto erantzun zuten. Gainera, trikitixak asko janzten du horrelako egun bat», adierazi du Espinak.
Urtean bitan egiteko proposamena
Lesoinuren baitan egin zuten arren Erromeria Eguna, parte-hartzaileek urtean bitan egiteko proposamena egin ziotela Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendariari esan du Espinak. «Jendea oso pozik zegoen Erromeria Egunagatik, eta horrelako ospakizunak sarriago egin beharko genituzkeela ere esan zidaten. Batek baino gehiagok urtean gutxienez bitan egin behar dela esan zidan», nabarmendu du Espinak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.