
A-8 autobidea ez dagoela «behar bezala babestuta» salatu dute Gurutzeko hainbat bizilagunek. Animaliek eta baita pertsonek ere bidera sartzea erraz dutela diote, eta horregatik, istripuak gertatzen direla.
A-8, edozeinen bidea
goiAtz labandibar
Kezka eta beldurra nahasten zaizkie A-8 autobidearen bazterrean bizi diren Gurutzeko bizilagunei.
Izan ere, autobidera pasatzea erraza da, batez ere animalientzat, eta baita ere pertsonentzat.
Euren ustez, zenbait tokitan jarrita dauden hesiak ez dira nahiko seguruak, eta beste toki batzuetan, ez dago babesik ere -esaterako, Oiartzundik Irunerako bidean dagoen gasolindegiaren inguruan-.
Ubideetan dago arazorik handiena, lurretik hesira 70 bat zentimetroko tartea gelditzen baita.
Basurdeekin, arazoak
Azken hilabeteetan, ugariak izan dira animalien eta ibilgailuen arteko istripuak. Kasu askotan, basurdeak izan dira errepidera atera direnak.
Azken kasua, duela astebete eskas izan zen, Astigarragako bidean. Orduan ez zen A-8a, baina basurde bat errepidera atera eta ibilgailu batek jo egin zuen.
Istripu bat A-8an
Baina basurdeak izan litezkeen bezala, txakurrak izan litezke beste batean .
Hauxe Jose Ramon Ondarori eta familiari gertatutakoa: 2006ko abenduan txakurra galdu zitzaien, ehizan zebiltzala, txiparekin identifikatua. Txakurra bajan eman zuten eta iragarkiak ere jarri zituzten, lapurtu zutelakoan, eta handik 10 hilabetera, epaiketarako eguna iritsi zitzaien, «gure txakurrak istripu bat eragin zuela esanaz».
Sorpresa izugarria izan zen Ondarotarrena. «Istripua izan zenean ere ez ziguten abisua eman, eta uste dugu esan behar zigutela. Orduan, epaiketarik gabe konpontzeko aukera izan genezakeen eta».
«Uste dugu txakurra azeri baten atzetik atera zela, eta errepidea gurutzatzerakoan izan zela istripua», kontatu du Ondarok.
Epaiketan, bi errudun
Urtarrilaren 15ean izan zen epaiketa. Epaileak Bidegi eta txakurraren jabea neurri berean zirela errudun erabaki zuen, eta istripua izan zuen gidariaren autoak jasandako kalteak erdi bana ordaindu behar zituztela ebatzi.
«Autobidea ez dagoelako egoera onean zigortu dute Bidegi, eta jabea, zakurrek lotuta joan behar dutelako», azaldu du Ondarok, «baina Bidegiri ez diote hobekuntzarik egitera behartuko».
Bidegi ez zen epaiketara agertu ere egin. «Errebeldian epaitu zuten».
«Merkeago kalteak ordaintzea»
«Itxura denez, merkeago ateratzen zaie kalteak ordaintzea hesiak ongi jartzea baino», kexu da Ondaro.
«Egoera txarrean jarraitzen du bideak, eta edozein egunetan berriz gerta liteke beste ezbeharren bat, horregatik, konpontzeko eskatzen dugu».
gipuzkoako foru aldundia, isilik
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
deialdiak
Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.