Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Aldundiaren Plan Berezia tramitatzeko erabakiari auzi errekurtsoa jarri dio Udalak

Udala

Auzi errekurtsoa Plan Bereziaren tramitazioa eteteko aurkeztutako eskaerari gehitu behar zaio

urko etxebeste

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Batzarrak otsailaren 19an hartu zuen Portuko Plan Berezia tramitatzeko erabakiaren kontra egiteko makinaria judiziala abian jarri du Udalak. Bi bide ditu zabalik. Batetik, atzo, udalbatzarrak berretsi zuen bidea dago: Aldundiak hartutako akordioaren kontra auzi-errekurtsoa jartzea. Bestea, dagoeneko zabalik dagoena, Aldundiak hartutako erabakia modu kautelarrean eteteko epaitegietan eginiko eskaera da. Aste honetan jakinaraziko du gaia hartu duen epaileak etete eskaera onartu edo ez.

Atzo goizean Antxoko Kultur Etxean egin zen ezohiko udalbatzarrean hartu zuten zinegotziek erabaki hau. EAE-ANVko zazpi zinegotzien onespena bakarrik jaso zuen neurriak, udalbatzarra hasi eta berehala oposizioko alderdiak, Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEko zinegotzi izandakoaren hilketa salatzeko udalbatzarrean ez parte hartzeko erabakia hartu zutelako, publiko artean jarriz.

Udalbatzarrak atzo hartutako bide judiziala, 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren 54.3 artikuluan oinarritzen da. Bertan proposatzen da «administrazioarekiko auzi-errekurtsoa egikaritzea Udalari dagozkion eskumenen defentsan egindako ebazpenen aurka». Pasaiako Udalbatzak otsailaren 21ean onartutakoaren arabera, Aldundiak Plan Berezia tramitatzea onartu izanak «Udalaren eskumena usurpatzen du, eta Udalaren autonomiaren aurkako erabakia da».

Beste gaiak

Alkatearen gestio eta Goberno Organoen kontroleko atalean hainbat gairen berri eman zuen Maider Ziganda Pasaiako alkateak.

Hala, Donibaneko Bizkaia aldean eraikitzen ari diren gizarte-kultura-kirol azpiegituraren inguruan Udalak eta Aldundiak eraikin hori egiteko finantzaketa akordioa lortu dutela jakinarazi zuen alkateak. Aldundiak, ezohiko finantzaketen alorrean kontuan hartuko du Donibaneko eraikina.

Horrez gain, AZTIk, arrantzaleen lonjaren inguruko beharrak eta balizko kokapen berriaren inguruan Udalarekin bilera egin duela jakinarazi zuen atzoko udalbatzarrean Maider Zigandak.

Irakasleen Etxea

Karmengo Ama Ikastetxeko Irakasleen Etxearen inguruko berriak daudela ere aipatu zuen alkateak. Izan ere, udalbatzarrean onartu zen, egun bertan bizi direnek jabetza horrekiko eskubiderik balute, konponbiderako urratsak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematea. «Neurri hau ez zuen ondo ikusi Arantza Laka Hezkuntza Sailburuak. Hala ere, Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek gaia aztertuko zutela esan zuen, eta gestio hau egina dagoela badakigu. Erantzunaren zain gaude», esan zuen Pasaiako alkateak. Gaia Jaurlaritzako Etxebizita Sailak bere gain hartuko duela iragarri zuten ere bai Jaularitzako iturrietatik.

Ziriza eta Nabalaldea

Azken egunetan bi gairen inguruan hitz egiteko bildu da Maider Ziganda Pasaiako alkatea Arantza Tapiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolamendu eta Mugikortasun diputatuarekin. Zehatz mehatz, Ziriza Etxea eta Nabalaldea izan dira gaiak.

Nabalaldeari dagokionean, Udaleko Zerbitzu Saila La Herreratik Nabalaldeara tokiz aldatzeko proposamena egin zuen Udalak. Ziriza Etxearen gaiarekin, berriz, kultur azpiegitura bezala erabiltzeko beharrezko lanak egiteko nahia du Udalak. «Bi gaien inguruan hitz eginda», esan zuen atzo alkateak, «ez dugu jarrera egokirik topatu Arantza Tapiaren jokaeran. Bi gai horiek portuari dagozkiola esan zigun». Hala, Aldundiak portuan duen partaidetza zein den ikusita, gai hauen inguruan «ez duela nahikoa egiten» esan zuen Zigandak: «Dirudienez, gai hauek ez zaizkie guri iruditzen zaizkigun bezain garrantzitsuak iruditzen Aldundian».

 

Isaias Carrascoren hilketa hizketagai

Udala

PSE-EEko kideek Arrasateko zinegotzi ohiaren hilketa gogor salatu zuten, eta oposizio guztiak plenoa utzi zuen

u. etxebeste



Atzo goizean Antxoko udalbatzarra hasi eta berehala, PSE-EEko udal taldeko bozeramaile Izaskun Gomezek «gaitzetsi» egin zuen ETAk joan den ostiralean Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEko zinegotzi ohia hil izana. «Hilketa hau ankerra eta gupidagabea izan da, eskrupulurik gabeko hiltzaileek egina». Izaskun Gomezek gaitzespen testua irakurri zuenean, PSE-EEko kideek udalbatzarrean parte ez hartzeko erabakiaren berri eman zuten, publikoaren artean jarriz. Oposizioko gainontzeko alderdiek gauza bera egin zuten. Hutsik gelditu ziren aulkien ondoan, Isaias Carrascoren argazkia jarrita utzi zuten.

«Oraingoan»,esan zuen Izaskun Gomezek, «ausardia ezaren eta perbertsioaren mugak hautsi dira, hiltzaileen tankerako jokaerari dagokion moduan. Gainera, historia idazten ari direla uste dute haiek eta haien lagunek».

«Min egin nahi baziguten, lortu dute. Hori onartzea ez zaigu axola. Horrela, hiltzaileek eta haiek hainbeste maite dituzten haien lagunek irribar egin ahal izango dute. Oraingoan, aita bat hil dute, langile bat, sindikalista bat, militante sozialista bat. Nork hil lezake horrelako pertsona bat? Faxismoak bakarrik», esan zuen Gomezek. Hartara, PSE-EEko eledunak ez dutela «atzerapausorik emango» ziurtatu zuen, «eta haientzako nahi dugun gauza bakarra espetxea da». «Horregatik, udal honen buru den taldearentzako hilketa hori gertakari bat besterik ez denez, guk gaur [atzogatik] ezin dugu hemen eserita gelditu. Gure eskubide politikoak albo batera utziko ditugu gaur, Isaiasen omenez».

EAE-ANVren erantzuna

Ander Poza EAE-ANVko Udaleko eledunak, bere taldearen izenean, Isaias Carrascoren hilketa «deitoratu» zuen. «Hala ere», jarraitu zuen Pozak, «norbaitek sufrimendua zer den baldin badaki, horiek gu gara. Egoera honek bakarrik ez gaitu kezkatzen pertsona bezala, baita politikoki ere». «Gatazka politikoa existitzen» dela jakinarazi zuen EAE-ANVko eledunak, «eta gatazka hori gainditzeko, lanean jarri behar dugu, orain, inoiz baino gehiago. Ostiralean gertatu zena gatazka honen errealitate gordinena delako». Konponbidea «bide bakarretik» iritsiko dela esan zuen Pozak: «Gatazka politikoaren beraren oinarrira joan behar dugu. Euskal Herriaren aitortza eta erabakitzeko eskubidera, soluzio demokratikoaren bidean. Alde guztien arteko elkarrizketa beharrezkoa da».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ekitaldiak

2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02

deialdiak

Kale Ekintza
OIARTZUN, Aldeguna Elkartean - 2009-01-10

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa