
Itsasoa baretu artean 'Maro' ontziaren zatiek olatuen mende jarraituko dute
Itsasoa
Isuriaren inguruko berririk ez dago iturri ofizialetatik; itsaso zakarra dagoenez, orbanik ez da lehorretik atzematen
olatz mitxelena
Itsasoak gogor astintzen zuen atzo baita ere Jaizkibelgo itsasertza, eta honenbestez Maro ontziaren zatiek olatuen mende jarraitzen dute. Isuriaren arrastorik ez da antzematen lehorretik, nahiz lekukoek dioten, lehengo larunbataz geroztik erregai arrastoak ikusi dituztela inguruan.
Itsas Kapitaintzaren arabera, ordea, litekeena da erregaia «lurrindu» izana. Kontraesankorra dirudien arren, baina, lehentasuna ontzi barruan gera daitekeen erregaia hustutzea dela eman dute aditzera iturri berberek. Itsasoa baretu artean, baina, ezingo dute ezer egin. Iragarpenek diote eguraldiak hobera egingo duela, baina itsasoko egoera bihar arte ez dela erabat normalduko.
Atzo goizean, inor gutxi ikus zitekeen ontziaren inguruan lanean. Ez atoiontzirik eta itsas salbamenduko ontzirik ere. Tarteka ontziaren goikaldetik pasatzen zen helikopteroa baino ez, eta ontzia ikustera itsaslabarretaraino jaitsitako hamarnaka herritar. Hainbat iturrik zabaldu dutenez, urpekariak ontzia aztertzen aritu ziren.
Ardurak eta arriskua
Maro ontzia hiru zatitan puskatu zen herenegun, enbataren ondorioz. Marok 54 tona gasolio eta 2,6 tona olio zituen barruan. Asteburuan Itsas Salbamenduko ordezkariek onartu zuten ontziak erregaia isuri zuela, baina ez zuten zehaztu zenbat.
Pasaiako Itsas Kapitaintzak ontzijabeari eskatu dio aurkez dezala «ontzian dauden gai kutsatzaileak ateratzeko plana, baita ontzia Jaizkibelgo itsaslabarretatik kentzeko plana ere». Legeriaren arabera, berea da ardura. Era berean, akats teknikoez gain, giza akatsik izan ote zen aztertzen ari dira Itsas Kapitaintzan.
Espainiako Greenpeacek, bestalde, Maro ontziak Coruñako portuan (Galizia) iazko urrian propultsio laguntzailearekin arazoa izan zuela jakinarazi du.
Bestalde, ontziaren zatiak itsasoaren mende dabiltzala eta, handik gertu ibil daitezkeen ontziei arriskuaz ohartarazi dietela zabaldu dute portuko iturriek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
ekitaldiak
2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02
Ipuin kontalariak
Ipuin kontaketa saioa
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-08
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.