Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Aurreko legegintzaldiko «zenbait prozedura akats» atzeman ditu Udalak

Udala

Arrai-Tokiko proiektua, lurren salmenta, zabor bilketa eta Pildaingo eguneko zentroaren inguruan topatu dituzte

lorea muguruza

Aurreko legegintzaldiko zenbait prozedura akats jarri ditu mahai gainean Udalak. ZB Auditores enpresari eskatutako auditoria batean oinarrituta, Arrai-Tokiko orubean (Bekoerrota kiroldegi parean dagoen orubean) aparkalekua egiteko eta urbanizaziorako eskatutako proiektua, 107 poligonoan egindako lurren salmenta, Tximistarri enpresari egindako esleipen bat, zabor bilketa eta kale garbiketaren esleipena, eta azkenik, Pildaingo orubean eguneko zentroa eta etxe tutelatuen eraikuntza, eta horren gestioa aztertu dituzte. «Gu Udalean sartu ginenean, dena analizatzen hasi ginen, eta konturatu ginen zenbait prozedura akats zeudela. Horregatik erabaki genuen auditoria bat egitea. Aurreko udalbatzarrean hamalau puntutan akatsak ikusi genituen arren, bosten inguruan egin dugu azterketa. Eta kontuan hartu behar da, gu udaletxera sartu baino aste batzuk lehenago hartutako erabakiak direla», azaldu du Haritz Salaberria alkateak.

Otsailean egindako udalbatzarrean, udal talde berriak udaletxera sartu zenean aurkitu zituen «ustezko prozedura akatsak» aipatu zituen. Kepa Garbizu EAJko zinegotziak epaitegietara jotzeko esan zien «lana horren aurreratuta bazuten», eta Mikel Antxon Arrizabalaga PSE-EEko zinegotziak berretsi zuen Garbizuk esandakoa.

Arrai-Tokiko aparkalekuak eta urbanizazioa

Aurreko udal taldeak Arrai-Tokiko orubean aparkalekuak egitea aurreikusi zuen, baita haien gainean aisialdirako parke bat ere. «Udalera sartu eta egun gutxiren buruan, bulego bateko aulkian proiektu bat azaldu zen fakturarekin. Udaleko langileek ez zuten horren berri. Kontu-hartzaileak konfirmatu zigun faktura hura gu Udalean sartu baino astebete lehenago Garbizuk ordaintzeko agindua eman zuela, eta proiektuaren kostua 72.000 eurokoa zen». Proiektu horren inguruan ikertzen hasi ziren, eta «gaiari buruzko kontratazio espedienterik ez dagoela eta lehiaketarik gabe burutu» zela ohartu ziren. Horrez gain, «fakturak eta proiektuak ez» duela «onespenik sailaren teknikoen aldetik», esan du.

Arrai-Tokiko orubea bi zatitan banatua dago: bata, Udalarena da eta bestea, portuarena. Hori dela medio, Portuko Agintaritzaren baimena behar zuen aurreko korporazioak obraren bat egiteko: «Proiektua Portuko Agintaritzari aurkeztu zioten eta ez zuen onartu, leku horretarako beste proiektu bat duelako. Beraz, diru hori inolako baimenik gabe gastatu zen».

107 poligonoko lurren salmenta

Iazko martxoaren 12an orduko gobernu batzordeak 107 poligonoko lurrak saltzea erabaki zuen. Auditoriaren arabera, Udalak «lehiaketa publikoan jarritako baldintzak legez kontrakoak» ziren, «hertsiegiak». «Aurkeztu zen enpresa bakarrak jarritako baldintzarik betetzen duen edo ez dokumentaziorik ez da aurkeztu», adierazi du Iñigo Esnaola Kirol zinegotziak. Horrez gain, «esleipen mahaian egon behar zuen kontu-hartzailea ez» zela bertan egon adierazi dute, eta Udalak zehaztutako pliegoetan azaltzen ez ziren baldintzak sartu zituela salmenta kontratuan: pliegoetan ez zen agertu orubean Udalak egin behar zuenik lurraren mailara jaisteko obra, baina salmenta kontratuan hala agertu zen.

Udaleko arkitektoak lur eremu horrek 26.227 euro balio zuela esan zuen, baina gerora egungo udal taldeak Servatas enpresari eskatutako balorazioan, 987.198 eurokoa zela haren balioa adierazi zien. 107 poligonoko orubearen salmenta 318.000 euroan egin zen, eta horri orubea lurraren mailan jartzeko obra gehitu behar zitzaion, 250.000 euro, hain zuzen. «Erabaki hori atzera bota dugu, Udalak bere buruaren kaltegarri dela alegatuko baitu».

Ildo beretik jarraituta, 107 poligonoko orubea lurraren mailara jaisteko obraren esleipenean ere akatsak topatu ditu auditoriak: «Tramitazio administraziorik gabe egin zen esleipena. Udaleko Hirigintza zinegotziak jendaurrean jarri gabe, Tximistarri enpresari zuzenean esleitu zion lana. Erabaki horiek ez ziren Obra eta Hirigintza zinegotziaren eskumenekoak, eta berak eman zuen agindua. Gainera, udal teknikoen txostenik gabe fax bidez esan zion enpresari lanean hasteko».

Zabor bilketa eta kale garbiketari buruzko hutsuneak

«Aurreko Udalak hamabost hilabetez inolako kontraturik gabe garbiketa enpresa bat izan zuen, zeinari 6.000 euro ordaintzen zion. Gero, ordea, beste enpresa bat kontratatu zuten, FCC hain zuzen, eta honek aurreko enpresarekin egindako kontratuaren diru kopurua bikoiztu egiten zuen; ez dago inolako txosten teknikorik hori justifikatzen duenik», azaldu du Esnaolak. Dena den, Salaberriak eta Esnaolak esan dute FCC enpresarekin negoziatzen ari direla gastuak %20 jaisteko.

Hein berean, «kontratazio publikorako legeak dioenaren kontra espedientea baloratu» zutela, eta FCC enpresak lehen fasea pasatu zuenik adierazten duen txostenik ez dagoela nabarmendu dute.

Pildain gora, eta behera

«Aurreko korporazioak lehenagotik Auñamendin zegoen eguneko zentroaren eta etxe tutelatuen proiektua atzera bota eta berria martxan jarri zuen Pildain orubean. Erabakia urgentziazko tramitazioa eginez hartu zen korporazio berria Udalera sartu baino astebete lehenago», zehaztu du Esnaolak.

ZB Auditores enpresaren arabera, Pildainen eguneko zentroa egiteko aurkeztutako bideragarritasun planak «ez du legeak eskatzen duena betetzen», eta «tramitazioaren lehenengo pausoa bukatu gabe, kontratazio espedientean hasi» zirela adierazi du (hau da, jendaurrean egongo gabe eta alegazioei erantzun gabe, besteak beste).

«Udala harrapatuta sentitzen da horrelako obra baten aurrean. Diru publikoa da eta txostenak behar dira diru hori guztia justifikatzeko», dio Esnaolak. Berrogei urtez erabiltzeko eskumena ematen zitzaion eguneko zentroa erabiliko zuen enpresari, eta Udalarekin batera finantzatuko zutela hitzartu zuten. Hala ere, oraingoz proiektua etenda dago, esleipen kontratua sinatu gabe, «prozeduren inguruko akatsak argitu arte».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ekitaldiak

2009ko diru laguntzak eskatzeko deialdia
ERRENTERIA-ORERETA, Kapitain Etxean - 2009-01-02

Ikuskizunak

Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa