Edukira joan

Oarsoaldeko Hitza

Oarsoaldea
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

Pasaiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ezadostasunak, Pasaiako biziberritzerako oinarri sendoa den Portuko Plan Bereziaren gaian ezagunak dira; alderdi politikoen arazoa baino, erakundeen arteko liskarra da

 

«Nik ez daukat inolako interesik Pasaiako Udalari ezer inposatzeko»

arantza tapia ð- Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolamendu eta Mugikortasun diputatua

Biziberritzea

Pasaiako Udalarekin Portuko Plan Bereziaren inguruan dauden ezadostasunak onartu ditu Tapiak

urko etxebeste



Otsailaren 19ko Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Pasaiako Portuko Plan Bereziaren hasierako tramitazioa egitea onartu zuen. Neurri hori zergatik hartu zuten azaldu du Arantza Tapiak (Astigarraga, 1963).

Plan Bereziaren hasierako tramitazioa egitea onartu zuen Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Zergatik?

Plan Berezi hori aspalditik zegoen formulatua, 2003tik. Udaletxe guztietan aurkeztua zegoen, eta Errenteriak ezik, inork ez zuen erantzunik eman. Plan Berezirik gabe Pasaiako badiaren inguruan ez dago hirigintza alorrean ezer egiteko aukerarik. Biziberritze prozedura hori martxan jartzeko zerbait egin behar genuela uste izan genuen, eta horretarako tresna bezala Plan Berezia hasieran tramitatzeko ardura hartu genuen. Udalei bi hilabete eman genizkien tramitazio hori martxan jartzeko, baina ez zutenez egin, guk hartu dugu ardura.

Pasaiako Udalak Aldundia bere eskumenetan sartu dela salatu du. Zer duzu esateko?

Guk ardura hori hartu dugu prozedura administratibo guztia martxan jartzeko. Ezin dugu inoren zain egon. Lau urte baino gehiago dira plana udaletan aurkeztu zela, eta ez dute ezer egin. Aldundiaren aldetik, eta bai udalen aldetik denok dakigu zer aldatu nahi dugun Plan Bereziarekin. Nik ez daukat inolako interesik ezer inposatzeko Pasaiako Udalari: gure helburua adostasunetara iristea da. Pasaiak esan du gu beren gauzaten sartu garela, baina beraiek egin behar zutena ez dutelako egin izan da.

Pasaiako Udalak Plana Aldundiak tramitatzeko erabakiaren kontrako bide judiziala martxan jarri du. Zein iritzi duzu neurri horren inguruan?

Bakoitzaren erabakien erantzule bakoitza da. Hala ere, ez dugu uste inoren eskumenetan sartu garenik. Guk erabaki hori hartu izanak ez du inolako perjuiziorik sortzen Pasaiako Udalarekin. Izan ere, azkeneko erabakia udaletxe bakoitzean hartuko delako.

Zein harreman dago Aldundia eta Pasaiaren artean?

Ni aurreko astean haiekin egon nintzen, eta aste hontan ere egongo naiz. Nik ez daukat inolako intentziorik Pasaiarekin harremanak hausteko, herritar guztien onerako adostasuna komenigarria izango delako. Egia da ez gaudela onenean, baina halabeharrez elkarrekin lanean jarraitu behar dugu.

Zein da Pasaiako biziberritzerako Aldundiak planteatzen duen eredua?

Gipuzkoa osorako planteatzen dugun ereduarekin bat dator. Lurralde orekaren aldeko apustua egiten dugu, eta dauden espazioak ondo nahastea da gure helburua, pertsonen hiriak sortuz. Pasaiako biziberritze prozedurak bide horretatik joan behar du.

Pasaitarren iritziak zein toki du eredu horren garapenean?

Guk planteatzen dugunaren arabera, bi esposaketa publiko egingo ditugu, alde ezberdinekin eta jende ezberdinekin komentatuko ditugu egitasmoak, eta hasieran egingo dugun proposamena saiatuko gara adosten herritarrekin.

Aldundiak Plan Berezia bere gain hartu izana, zentral termikoa eta kanpo kaia babesteko izan dela esan duenik bada...

Termikak 2022ra arteko kontzesioa du. Saiatu behar dugu termika hortik kentzen, baina bertan dagoen bitartean lortu behar dugu ahalik eta jarduerarik egokiena eraman dezala. Ez dutena ulertzen da jendeak non ikusten duen Plan Berezian kanpo kaia. Plan Berezia barruko portuko biziberritze prozesua martxan jartzeko tresna da. Guk Plan Berezi hori onartu nahi dugu barruko portua ahalik eta egokien antolatzeko, badiaren inguruan bizi diren herritarrak ahalik eta egokien bizitzeko. Kanpo kaiaren alde gaude, baina bata bestearekin bereiztu behar ditugu. Hasieratik esan dugu gu banaketa horren aldekoak garela, eta biak defendatuko ditugula: biziberritze prozesua, eta kanpo kaia egitea.



 

«Udalean denok garbi ulertu dugu Aldundiak gurea den eskumena lapurtu egin digula»

maider ziganda ð- Pasaiako alkatea

Biziberritzea

Herriaren antolaketa «Pasaian eta pasaitarron artean» erabaki behar dela esan du Maider Zigandak

urko etxebeste



Aldundiak Plan Berezia hastapenean tramitatzeko erabakiaren kontrako jarrera irmoa azaldu du hasieratik Pasaiako Udalak. Horren buru da Maider Ziganda (San Pedro, 1975) alkatea.

Zergatik tramitatu behar dute udalek, kasu honetan Pasaiako Udalak, Portuko Plan Berezia?

Alde batetik, legeak udaloi ematen digulako eskumen hori, eta ez beste inori. Baina bestetik, eta argudio juridikoak albo batera utziz, gure herriaren antolaketa Pasaian eta pasaitarron artean erabakitzea ez al da zilegiena? Zergatik erabaki behar dute beste batzuk, beste interes batzuei begira, gure herriaren etorkizuna? Hori da Aldundiak pasaitarroi azaldu behar diguna.

Udalak Plan Berezia tramitatuz gero, zein eragin izango du herrian?

Plan Bereziak kaiaren eremua ordenatzen du. Pasaiaren kasuan eremu hau gure herriko azalera handia da, beraz, gure herriko zati garrantzitsu bat antolatzea suposatzen du: zer egin daitekeen eta zer ez eremu bakoitzean, jarduera bakoitza nola egin daitekeen, neurri zuzentzaileak, eta abar.

Aldundiak Plan Berezia hastapenean tramitatzeko erabakia hartu zuen...

Udalon eskumenen aurkako oso eraso larria da, eta baita pasaitarron erabakitze eskubidearen aurkakoa ere. Gainera, hasiera batean erabili duten aitzakia udalon erantzun eza izan bazen ere, udalok lanean hasteko konpromisoa azaldu genuenean, hori ez zuten nahikotzat eman. Diputatuak emandako azalpenetan argi esan zuen zeintzuk ziren benetako arazoak: ez dituztela Pasaiako Udalak hartutako erabakiak onartu nahi.

Eta erabaki horren kontra, auzibideak abian jarri ditu Pasaiako Udalak. Zergatik?

Esan bezala, eraso larria da udal eskumenen kontra eta gu behartuta gaude gurea dena, hau da, pasaitar guztiona, defendatzera.

Baloratu gai honen inguruan Pasaiako Udalean lortu den bateratasun politikoa.

Oso garrantzitsua iruditzen zait, argi eta garbi azaltzen duelako ez dela, batzuk ulertarazi nahi izan duten bezala, Udalean eta Aldundian agintzen duten talde politiko desberdinen arteko liskarra, baizik eta instituzio desberdinen artekoa. Eta kasu honetan, Pasaiako Udalean denok argi ulertu dugu Aldundiak gurea den eskumena lapurtu egin digula.

Zein da Pasaiako Udalak badia biziberritzeko proposatzen duen eredua?

Hori da, hain zuzen ere, pasaitarrekin batera landu behar duguna datozen hilabetetan. Gure eredua gure herriaren errealitateari begira diseinatu beharko dugu, eta pasaitarron beharrei erantzun beharko die. Denok dakigu La Herreraren inguruan etxebizitza gehiegi dagoela eta, lehentasunak, espazio libreak eta ekipamenduak direla.

Eta eredu horretan, zein paper jokatzen dute pasaitarrek?

Pasaitarrak dira benetako protagonistak. Pasaitarrok erabaki behar dugu zer den Pasaiarentzako nahi dutena etorkizunean. Guk hau horrela izan dadin tresna guztiak erabiliko ditugu, eta horien artean, hurrengo astetan martxan jarriko dugun Aholku Batzordea, non hau izango den lantzen hasiko garen lehenengo gaia.

Konpondu al litezke Udalaren eta Aldundiaren arteko aldeak? Zein harreman duzue egun?

Harremanetan jarraitzen dugu eta argi dago horrela izan behar duela. Gu beti agertu gara nahi izan duen guztiarekin hitz egiteko prest, ideiak eta aportazioak jasotzeko prest, ziur baikaude denon artean proiektu aberatsago bat atera daitekeela. Baina argi utzi beharra dago erabakiak Pasaian eta pasaitarron artean hartuko ditugula.

Aldundiak Plan Berezia tramitatzeko erabakia hartu izana termikaren jarraipenarekin eta kanpo kaia egitearekin lotu duzue.

Diputatua bera izan zen desadostasunen artean termika aipatu zuena, nahiz eta gure arteko elkarrizketetan inoiz ez dugun Plan Bereziaren edukietaz hitz egin, baizik eta tramitatzeko metodologiaz eta epeetaz. Kanpo kaiari buruz, berriz, guk argi dugu ezin ditugula lotu biziberritzea eta kanpo kaia. Kasu honetan, Pasaiako Portua da lotura hori ematen duena. Horren azken adibidea, duela egun batzuk aurkeztu zuen txostenaren izenburua: Pasaiako badiaren biziberritze integrala, kanpo kaia eraikitzearen bitartez.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

deialdiak

Intxixu eta sorginen festaren bilera
OIARTZUN, Manuel Lekuona bibliotekan - 2009-01-10

Ikuskizunak

Maldito Parne antzezlana
ERRENTERIA-ORERETA, - 2009-01-11

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea, Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa